'Gidabaimena Euskaraz' kanpainan ehun gazte baino gehiago ibili ziran 2012an
2013-03-06 13:34 Euskerea berbagaiGidabaimena aterateko azterketak euskeraz egitera animetan dituan kanpaineak hirugarren urtea bete dau eta gorako bidean dago. Izan be, 2012an, lehenengo aldiz gainditu da ehun parte-hartzaileren kopurua.
Gidabaimena aterateko azterketak euskeraz egitera animetan dituan kanpaineak hirugarren urtea bete dau eta gorako bidean dago. Izan be, 2012an, lehenengo aldiz gainditu da ehun parte-hartzaileren kopurua. Gaur Bilbon egindako agerraldian, Bizkaiko Autoeskolen Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta ekimena bultzatzen daben udalek 2012ko datuak emon ditue eta, balorazinoa positiboa danez, aurten be kanpaineagaz jarraituko dabela iragarri dabe.
2010ean, Gidabaimena Euskaraz kanpainearen lehenengo urtean, euskerazko materiala eta terminologia sortzea ziran lehentasunak, alor horretan hutsune nabarmena egoala ikusi eben eta. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputaduak gogora ekarri dauenez, gauza bat da eguneroko bizimodua euskeraz egitea eta beste bat, konplexuagoa, gidabaimena lako alor zehatz baten, euskeraz eroso jardutea. Horregaitik, itzulpenak eta egokitzapenak egiten joan dira apurka-apurka eta, jakina, gazteak kontzientzietako kanpaina indartsuak be egin ditue. Holan, 2010ean, 27 ikasle batu jakozan Gidabaimena Euskaraz egitasmoari, 2011n 60 eta, 2012an, ehun baino gehiago.
Azkenengo kanpaina horretan, orain arteko arrakastatsuenean, Uribe Kostako Mankomunidadeak parte hartu dau, bereziki Getxo, Erandio eta Sopelako Udalek. Udalerri horreetan, 66 gaztek lortu dabe gidabaimena euskeraz eta, ganerakoek, beste eskualde batzuetan. Iñigo Montenegro Bizkaiko Autoeskolen Alkarteko ordezkariaren arabera, Bizkaiko ia eskualde guztietan dagoz gidabaimena euskeraz ataraten laguntzen daben eskola eta irakasleak, hutsune bakarra Ezkerraldean dogu, hor ahalegin berezia egin nahi dogu irakasleak preparetako. Holan, 2012an 30 autoeskola egon dira programearen barruan eta Montenegroren arabera, asmoa daukagu irakasleentzat formakuntza tailerrak egiteko, guretzat aukera ona da kanpaina honetan parte hartzea. Azterketa teorikoan aurreratuta dagoz material eta prestakuntza aldetik baina, Iñigo Montenegrok onartu dauenez, azterketa praktikoan hutsune gehiago daukiez, azterketea erabat euskeraz egitea gatxa da oraindino eta hor hobetu egin behar dabe.
Imanol Landa Getxoko alkateak, kanpainan parte hartzen daben udalen izenean egin dau berba eta euren asmoa azaldu dau: Gaur egun, gazte gehienek D ereduan ikasi dabe, hori kontuan hartuta, beste era bateko ikasketak, gidabaimenekoak esaterako, euskeraz egiten jarraitzea nahi dogu. Gidabaimena Euskaraz kanpaineagaz oso pozik dagozala ziurtau dau Landak eta iragarri dauenez, 2013an be kanpainea martxan ipiniko dogu, gidabaimena euskeraz aterateko bidean sakondu eta aurtengo ikasle kopurua gainditu nahian.
Aurten Gidabaimena Euskaraz kanpaineari esker karneta euskeraz atera daben ehundik gora lagunen artean, 66 Uribe Kostakoak izan dira, hau da, kanpainea bultzatu daben udalerrietakoak. Horregaitik, herri horreetako parte-hartzaileen artean, hiru sari zotz egin ditue, ipad-a, asteburuko egonaldia landetxe baten eta 100 euroko erregai txartela. Hiru sarituei gaur Bilbon egindako ekitaldian emon deutsiez sariak eta beste ikasle euskaldun batzuk be egon dira, horreeri diploma bana emon deutsie. Holan, gidabaimena euskeraz aterateko erabagiagaitik eskerrak emon gura izan deutsiez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!