Korrikaren unidade didaktikoa aurkeztu dabe AEK-k eta ikastolek

Dabi Piedra Robledo 2013-02-25 14:17   Euskerea berbagai

Eskolara hasten diranetik 18 urtera arteko neska-mutilentzat preparau dabe unidade didaktikoa, edade bakotxarentzat beren beregi egokitutako jarduerakaz. Korrika zer dan, ze ezaugarri daukazan eta euskerearen aldeko jarrerea lako kontzeptuak transmitidu gura ditue eta, bide horretan, irakasleen lagungarri izan nahi dabe.

Eskolara hasten diranetik 18 urtera arteko neska-mutilentzat preparau dabe unidade didaktikoa, edade bakotxarentzat beren beregi egokitutako jarduerakaz. Korrika zer dan, ze ezaugarri daukazan eta euskerearen aldeko jarrerea lako kontzeptuak transmitidu gura ditue eta, bide horretan, irakasleen lagungarri izan nahi dabe. Era berean, familien inplikazinoa be bilatuko dabe. Labezomorroff izeneko personaia sortu dabe unidade didaktikoaren ikurra izan daiten.

Korrikak asko jasoten dau gizartetik eta, trukean, geuk be zeozer bueltau gura deutsagu, azaldu dau AEK-ko Edurne Brouardek, Bilbon egindako aurkezpenean. Unidade didaktikoaren kasuan, beste urte batzuetan egin daben legez, hezkuntza sisteman ipini dabe arretea. Tresna pedagogikoa izateaz batera, irakasleei, egiten daben lana eskertzeko modua be bada, adierazo dau Brouardek. Izan be, irakasleek, Korrika etorri baino lehen, ahalegin berezia egin behar dabe ikasle guztiei Korrika zer dan azaltzen, Korrika Txikia antolatzen eta abar. AEK-k eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoak, beraz, lan horretan lagundu nahi dabe. Konfederazinoko presidente Koldo Tellituren ustez, euskerea danona eta danontzat dala azpimarratzen dau Korrikak, eta gu bat gatoz. Beste urte batzuetan be parte hartu izan dabe ikastolek unidade didaktikoan, guretzat ezinbestekoa da beste eragileakaz alkarlana, gizartera heldu gura badogu, dino Tellituk.

Ume txikienen hezkuntzatik hasi eta 18 urteraino, edade guztietako ikasleentzat balio dau unidade didaktikoak, mailaka banatu ditue jarduerak. Eider Andresek egin dau unidade didaktikoa, Kristina Boanen koordinazinopean. Boanek berak emon ditu argibide guztiak eta, lehenik eta behin, azpimarratu dau Korrikari buruzko kontzeptu orokor batzuk maila guztietan landu gura dituela: Lekukoa, petoa, Korrika Txikia, kantea eta mezua. Beste urte batzuetako unidade didaktikoen ildotik dator honako hau be, akaso irudiagaz gehiago olgetako aukerea emoten dogu aurten, esan dau Boanek. Irakaskuntza gidan, jarduera bakotxaren azalpena eta beste argibide batzuk batu ditue irakasleen erosotasunerako.

Batez be ikasle gazteenei begira, Labezomorroff izeneko pertsonajea sortu eta jardueren oinarrietako bat bihurtu dabela zehaztu dau Boanek, labezomorroa da Labezomorroff, aurtengo maskotea izango da. Ipuina be sortu dabe, Labezomorroffen abentuarakaz. Holan, Haur Hezkuntzan, ipuin hori izango da unidade didaktikoaren ardatza, hiztegia eta ulermena helburu.

Lehen Hezkuntzako jarduerak zikloka banatu ditue. Lehenengo zikloan, sei eta zortzi urte artean, lanketea ipuinetik abiatuko da, Labezomorroffegaz jolasak egongo dira, azaldu dau Boanek. Bigarren zikloan (8-10 urte), labezomorroa jantzi eta dotore-dotore ipiniko dabe ikasleek eta familien inplikazinoa be bilatuko dabe: Ikasgelatik kanpo be Korrikaren baloreak zabaldu nahi doguz, gurasoak be parte izan daitezala. Hirugarren zikloan (12 urtera arte), ipuina aztertu eta ikasle gazteagoei kontauko deutsie, irakasleak lan hori egin beharrean, ikasle nagusiak ipiniko doguz txikiei kontakizuna egiten, horregaz, konpromisoa bultzatu nahi dogu.

12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat, hau da Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan dabilzanentzat, bestelako jarduerak preparau ditue, besteak beste lipdubak antolatzea, Korrikaren leloa eta irudiak kontuan hartuta. Edade horretakoakan, kontzientzia eta hausnarketea zabaltzea da helburua, euskerearen aldeko jarrera aktiboa biztu nahi da, nabarmendu dau Kristina Boanek. Ginkana eratuko dabe, ikasleek Korrikari buruz gehiago jakin deien. Irakasleentzako tresna bat sortu dogu, baina batez be, gure helburua da, kontzientziadun ikasleak sortzea, adierazo dau Boanek. Euskal Herriko Ikastolen Alkartearen eta Korrikaren webguneetan, unidade didaktikoa ipini dabe, nahi dabenak begiratu edo eskuratu daian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu