Erronka barriei aurre egiteko, Hezkuntza Lege barria eskatu dabe Ikastolek
2013-01-29 14:50 Euskerea berbagai1992ko ituna zaharkituta dago, euskal gizarteak harrezkero izan dituan aldaketa eta beharrizan barriei aurre egiteko, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakariaren esanetan. Egoerea aztertzeko, etzi, urtarrilak 31, topaketea egingo dabe ikastoletako arduradunek Bilbon, Bizkaia aretoan.
1992ko ituna zaharkituta dago, euskal gizarteak harrezkero izan dituan aldaketa eta beharrizan barriei aurre egiteko, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakariaren esanetan. Egoerea aztertzeko, etzi, urtarrilak 31, topaketea egingo dabe ikastoletako arduradunek Bilbon, Bizkaia aretoan. Adituek lagunduta, hezkuntzarako itun barri baten beharra aldarrikatuko dabe eta etorkizunera begirako hausnarketea egingo dabe topaketan.
1992tik, euskal gizartea asko aldatu da, aitatu dau Koldo Tellituk, gizarteak aurrera egin dau, teknologia barriak agertu dira, euskal gatazkea bera beste fase baten dago orain. Holan ba, hezkuntza alorreko oinarrizko legea aldatzea preminazkoa dala uste dabe Ikastolen Alkartean. Ganera, orain krisi ekonomikoa eta kurrikulumeko eskakizun barriak be etorri dira, erronka barriei aurre egiteko tresna eraginkorra behar dogu, azpimarratu dau Tellituk. Ikasleen garapena bultzatzeko, Hego Euskal Herrirako hezkuntza sistema berezia eregiteko eta euskal kurrikulumaren garapen praktikorako bidea litzateke lege barria. Urtea joan, urtea etorri, lege barriaren zain jarraitzen dogu, baina oraingoz, emoitza barik, aitatu dau Tellituk.
1992tik zergatik ez dan beste hezkuntza lege orokorrik hitzartu aztertuko dabe, horrenbestez, urtarrilaren 31ko topaketan, eta baita hezkuntza alorreko etorkizuneko erronkak be. Goizeko hamarretan hasiko da ekitaldia, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua bertan dala. Francisco Longo adituak hezkuntza sistemearen egituraketearen ganean egingo dau berba gero eta, atsedenaren ostean, Juan Manuel Escuderoren txandea izango da. Wert ministroak ezarri gura dauan LOMCE legea aztertuko dau Escuderok. Koldo Tellituk azaldu dauanez, Wert legeak ikastolen jarduna kaltetu leike, Espainiako Gobernuak daukan asmo berzentralizatzailearen beste eraso bat da lege hori. Topaketearen barruan, hezkuntza arloan legealdi barriak ekarriko dituan barrikuntzak be aitatuko ditue mahai inguru baten, Eusko Legebiltzarreko lau talde politiko nagusien ordezkariakaz. Imanol Igeregi Ikastolen Kooperatibako zuzendariaren arauera, ikastoletako zuzendariak konbiadau ditue batez be etziko topaketara, baina hezkuntza eremuko edozein pertsonak be parte hartu ahal izango dau. 150 lagun inguru batzea espero dabe.
Koldo Tellituren ustez, euskal hezkuntza sistemak, bereziki Hegoaldean, erronka nagusi bi ditu. Alde batetik, eskola errendimendua ona dan arren, eta Europan egindako ikerketek baieztau egiten dabe bide on hori, euskal gizartearen garapena ikusita, hobekuntzarako tarte zabala dagoalakoan dagoz Ikastolen Alkarteko arduradunak. Bigarrenik, hezkuntza sistemearen egituraketea nahasia dala uste dabe, sare ugaritan banatuta dagoz ikastetxeak. Hain zuzen, hezkuntza lege barria adosteak arazo hori gainditzen lagunduko leuke, Tellituk nabarmendu dauanez.
Beste alde batetik, Koldo Tellituk gaurko aurkezpena erabili nahi izan dau, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Alkarteari, Seaskari, babesa emoteko, Hendaiako ikastolaren auzian. Seaskari kalte egitea, ikastolen eredu osoari kalte egitea da, azpimarratu dau. Hur Gorostiaga Seaskako arduradunak azaldu dauanez, Hendaiako ikastolea txiki geratu jake eta eraikin barria egitea preminazkoa da. Baionako suprefeta barriak, baina, Hendaiako Udalari debekatu nahi deutso ikastolei laguntzea, 1850eko Falloux legea erabilita. Lege horren arauera, erakunde publikoek ezin ditue alkarte pribaduak ezelan be lagundu eta, orain arte lege horri izkin egiteko bideak topau badira be, suprefeta barriak ez ei dauka asmorik ikastolen alde egiteko. Hur Gorostiagak argi itxi dau, Hendaiako udalaren laguntzino barik, ikastolak ez dauka etorkizunik, eta ganera, lege hori zorrotz apliketan hasten badira, ikastola gehienak desagertu egingo dira, Seaskaren lana legez kanpo iztearen parekoa da hau.
Gaur egun, 3.000 ikasle dabilz Seaskan, baina Gorostiagak esan dauanez, konponbiderik aurkitu ezean, datorren irailean minus 3.000 ikasle egongo dira Iparraldeko ikastoletan. Suprefetaren aginduaren aurka protesta egiteko, manifestazinoa eratu dabe zapaturako, 17etan Hendaiako geltokian hasita. Alderdi politiko guztien babesa dauka deialdiak eta Euskal Herriko Ikastolen Alkartearen babesa be bai, Koldo Tellituk gaur baieztau dauanez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!