Jabi Elortegi: 'Sasoi guztietako arrantzaleei omenaldia egin gura izan deutset filmagaz'

Dabi Piedra Robledo 2012-08-06 10:58   Barriketan
Galerna, ekaitz ezezaguna dokumentalaren zuzendaria

1912ko abuztuaren 12an, egundoko galarrena batek astindu eban Bizkaiko Golkoa eta euskal kostaldeko tragedia handienetako bat eragin. Hainbat arrantza ontzi hondora eragin zituan enbatak eta 143 itsasgizon ito ziran, gehienak bermeotarrak. Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako arrantzaleak be hil ziran.

Jabi Elortegi zinemagile bermeotarrak gau latz haretan jazotakoa kontetan dauen filma zuzendu dau eta azkenengo ikutuen faltan, laster ikusi ahal izango dogu Galerna, ekaitz ezezaguna lana, tragediaren mendeurrenaren harira. Ibilbide luzea egin dau Elortegik ikus-entzunezkoetan, baina proiektu hau berezia izan dala autortu deutso Bizkaie!-ri.


1.- Bermeotarra izanda, zuretzat aukera berezia izan da 1912ko jazoerei buruzko filma egitea, ezta?

Bai, barrutik urten deustan proiektua izan da. Familia arrantzalekoa naz ni, aitita eta aita itsasoan ibili ziran eta neuk apurtu dot tradizino hori. Horregaitik, sentiduten neban zeozer egin behar nebala itsasoagaz lotuta, Bermeoko zeozer kontau.


2.- Ze helburugaz egin dozu filma?

Jazo zana ezagutu eragin nahi dot. Donostian asko ibilten naz lan kontuakaitik eta han inork ez daki zer pasau zan 1912an. Bermeon bertan be, nire edadeko jenteak badaki zeozer pasau zana baina datu gitxi daukiez. Nire 17 urteko semeak be ez ekian ezer. Horregaitik, historia kontau nahi izan dot, kontaketa zinematografiko bat egin, baina egiazko jazoeretan oinarrituta. Ez dot ezer zientifikoa egin nahi izan, fikzinoa be sartu dot, baina dibulgatiboa, zorroztasun handiz erakutsi zer pasau zan eta itsasoko bizimoduaren gogortasuna be bai.


3.- Noren laguntzinoa euki dozu?

Egitasmoa Pausoka produkzino-etxearena da eta handik urten dau danak. Gidoiagaz Xabi Zabaletak lagundu deust eta Juan Apraizen laguntzinoa be bikaina izan da, ez dago beste inor 1912ko galerneari buruz Apraizek beste dakienik. Testigantzak emon dituenak be ez dodaz ahaztu gura.


4.- Lekukotasunek pisu handia daukie kontaketan, ezta?

Bai. Ehun urte joan dira galernatik eta, beraz, ez da inor bizirik geratzen, danak hilda dagoz. Horregaitik, testigantzak batzeko, arrantzale barriagoetara jo dot, oraindino bizirik dagozanak, hondoratzeak-eta bizi izan dituenak. Azken baten, 1912an zein beranduago, naufragioa bardin-bardin da tragedia, bizipenak antzekoak dira. Gogorra izan da eurentzat be, batzuk bizipenak kontetako prest egon dira, baina kameratik urrun, beste batzuek ez dabe arazorik ipini grabazinoan agertzeko, itsasoaren gogortasuna eurek erakusten ez badabe inork ez dauela egingo ikusi dabe. Baina danentzat latza izan da gogoratzea. Ganera, arrantzaleen senideakaz be egin dogu berba, Lekeition-eta ibili gara.


5.- Historialari lana egitea be egokitu jatzu…

Bai, zinema egin dogu, baina egian oinarrituta. Esan dodanez, Juan Apraizek asko lagundu deusku. 1912ko itsasontzien erreplika on bakarra Sokoan dago, Lapurdin, eta han be egon ginan, aktoreakaz, orduko giroa ezagutzen, aktoreek ikusi behar eben zelan bizi ziran orduko arrantzaleak, non jaten eben, non lo.


6.- Teknologia barriak be sartu dozuz, 3D irudiak esaterako, zer emon deutsie istorioari?

Ez da erraza orain dala ehun urteko itsasontzi bat sortu eta ekatxaren erdian zelan hondoratzen dan erakustea, gauez ganera, zehaztasun handiz. Horregaitik, 3D moduko teknologiak ez dira kapritxoa, nahi genduana erakusteko ezinbesteko bidea baino ez da izan.


7.- Sentimendu handidun lana egin dozu?

Bai, gertakizun gogorra da, tragedia bat da eta sentimendu asko azaleratzen dira. Nik uste, batez be itsasoko jenteak negar egingo dauela filma ikustean. 143 lagun hil ziran, alargunak, umezurtzak geratu ziran lehorrean, oso gogorra izan zan, hori guztia kontetako bide bakarra hori izan da, modu hunkigarrian egitea, bide emozionaletik jotea. Filma omenaldia izatea gura dot, orduko eta sasoi guztietako arrantzaleei egindako gorazarrea, euren bizimodua eta sufrimendua ezagutu daitezan. Etxean bizi izan dodan giroa izan da itsasokoa, nik ez dot familiako tradizinoa jarraitu eta trukean lan hau itxi gura dot, itsasoko pertsonei eskeinitako omenaldi hau.


8.- Noiz estreinauko dozue filma? Gero ze ibilbide egingo dau?

Mendeurrena abuztuaren 12an da eta ordurako prest eukiko dogulakoan gagoz. Hori bai, gero Euskal Telebistak erabagiko dau noz estreinau. Banatzaileen esku be badago kontua, ze pantaila handirako egindako pelikulea izanda, zinema aretoetan erakustea da asmoa. Bermeon, Lekeition eta abar interesa baleukie, ganera, guk gustura proiektauko geunke herriotan. Hori guztia lantzen gabilz eta nazinoarteko zirkuitura be atara nahiko geunke, atzerrian kontetea be merezidu dauen istorioa dalakoan gagoz.


9.- Bermeotarrek filma ikusten dabenean, ze erreakzino itxaroten dozu?

Ezin da jakin, baina uste dot gustauko jakela, barru-barrutik egin dodan proiektua da. Batzuek asko ikasiko dabe eta egongo da jentea ez dabena gustuko izango, gauzak holan izaten dira, baina orokorrean, uste dot Bermeon arrastoa itxiko dauela.


10.- Zeu be gogoz egongo zara filma pantaila handian ikusteko, bermeotarra izanda…

Bai, barrutik urten deust lanak, ardura handia sentidu dot, ardura profesionala eta herriari begirakoa. Sekuentzia batzuk ikusi, behin eta barriro landu eta oraindik hunkitu egiten naz, atara kontuak.


11.- Galerneari buruzko filma amaitzear daukazu eta banaketea baino ez da falta. Beste proiekturik badaukazu buruan?

Bai, badaukat zeozer buruan, baina ez danez ezer zehatza, nahiago dot ez aurreratu. Telebistara bueltetea polita litzateke, ez da lan erraza, baina. Edozelan be, ahal bada, fikzinoa egin nahiko neuke.


12.- Egoerea ez da erraza sorkuntzearen alorrean. Espainiako Gobernuak irailean BEZa igongo dauela-eta, kulturea eta sormena arriskuan dagozala salatu dabe askok, zuk zer uste dozu?

Ehuneko 8tik 22ra igotekoak dira BEZa, oso larria dala uste dot, berez estu bagabilz, zer izango ete da irailetik aurrera. Nire esparruari jagokonez, zinema munduan, ikusten dogu gero eta jente gitxiago doala zinema aretoetara, gobernuaren neurriek ez dabe lagunduko. Nire ustez, pirateoa areagotzea baino ez da lortuko neurriokaz, sortzaileori kalte egingo deusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu