Kontalaritzearen garrantzia azpimarratu dau Kirmen Uribek, Bilboko Liburu Azokearen inaugurazinoan
2012-05-31 15:47 KultureaGizarte justuago bat eregiten laguntzen dau istorioak konteteak, horixe nabarmendu dau ondarroatarrak azokearen hasierako pregoian. Uribegaz batera, Eduardo Zuritak eta Toti Martinez de Lezeak be egin dabe berba ekitaldian. Behin inaugurazinoa eginda, beraz, bagilaren 10era arte, euskerazko eta gaztelaniazko liburugintzearen uriburua izango da Bilbo.
Gizarte justuago bat eregiten laguntzen dau istorioak konteteak, horixe nabarmendu dau ondarroatarrak azokearen hasierako pregoian. Uribegaz batera, Eduardo Zuritak eta Toti Martinez de Lezeak be egin dabe berba ekitaldian. Behin inaugurazinoa eginda, beraz, bagilaren 10era arte, euskerazko eta gaztelaniazko liburugintzearen uriburua izango da Bilbo.
Eduardo Galeano Uruguayko idazlea da aurtengo Bilboko Liburu Azokako izenik ezagunenetako bat. Gaur, baina, konpromiso bat euki dau Donostian eta, beraz, ezin izan dau inaugurazino ekitaldian egon. Atzo, Kritikearen Saria jasoteko ekitaldian, papelezko liburuari osasun ona aurrikusi eutsan Galeanok, liburu digitalak emoten ez dituan sentsazinoak sortzen ditualakoan formatu tradizionalak. Gaur, Asier Muniategi azoken koordinatzaileak ideia beraren alde egin dau, papelezkoa gogoz hartzen da, badauka liburu elektronikoak ez daukan zeozer, enkantua, bitxikeria puntu hori, fetitxismoa akaso. Oraingoz, irakurleek arrazoia emoten deutsiela dirudi, izan be, Asier Muniategik azaldu dauenez, liburu elektronikoak ez deutso formatu tradizionalari zatirik jan, ikarea beti hor dago, gizartea arin aldatzen da, baina oraingoz, salmenten % 1 baino ez dira digitalak.
Kirmen Uribek be Eduardo Galeano aitatu dau bere berbaldian: poterea beti ahalegintzen da gizartea bere erara moldatzen, baina Eduardo Galeano lako idazleei esker, kontakizuna dago, gauzak kontetan dira eta horrek aurre egiten deutso potereak ezarri gura dauenari. Historia irabazleek idazten ei dabe, baina Uriberen ustez, hori ez da beti holan, kontalaritzeak mundu justuagoa egiten laguntzen dau batzuetan. Bizitzeari aurre egiteko bidea be bada istorioak kontetea, Kirmen Uribek azpimarratu dauenez, niri neuri, biziteko beste era bat eskaini deust idazteak, nire ingurukoa konteteak. Galeanoren Distancias laneko pasarte bat irakurriaz amaitu dau Uribek bere berbaldia.
Kirmen Uriberen aurretik, baina, Eduardo Zuritaren errezitaldiaz disfrutau ahal izan dabe Bilboko Arenalean batutakoek. Zurita poesia errezitaldietan trebea da eta sariak be eskuratu ditu zeregin horretan. Gaurkoan, Damaso Alonso idazle espainiarraren olerki bat irakurri dau, modu dramatizaduan. Toti Martinez de Lezeak, bere aldetik, baikortasunaren aldeko aldarria egin dau azokeren inaugurazino ekitaldian, baikortasuna behar dogu egoera gatxei aure egiteko, begira azoka honi, zenbat liburu, zenbat idazle, ez da etorkizunagaz baikor egoteko modukoa?. Ekitaldian berbarik egin ez daben arren, Juan Bas eta Jon Arretxe be izan dira. Arretxek 19 kamera eleberria aurkeztuko dau Bilbon eta sinadura ekitaldi bat baino gehiago izango ditu egunotan.
Toti Martinez de Lezearen baikortasuna, azokako antolatzaileek be badaukie, aurten igaz baino liburu eta argitaletxe gehiago etorri dira-eta Bilbora. Ganera, aurten nobedadea dira bertoko idazleen erakusmahaia eta nobela baltzari eskainitakoa. Asier Muniategiren esanetan, urtero goaz gauza barriak sortzen, azokea urterik urtera hazi daiten. Aurten 55 stand egongo dira eta ia 70 idazle igaroko dira Bilboko Arenaletik, bagilaren 10era arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!