Moises Enbeita: 'Bertsozalea asko ugaritu eta, batez be, gaztetu egin da'

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-05-21 12:54   Barriketan

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko talde-antolatzaile, epaile-talde eta zuzendaritzako kidea

Maiatzaren 9ko sustua pasau barik oraindino, aste horretako barikuan Abadiñoraino hurreratu nintzan Durangaldeko finala ikusi eta puntuetan. Alperrik aurreko artikuluetako nire aupa Athletic! guztiak. Honezkero, ia aste bi pasau dira, eta ea behingoan ahaztu neikezan Amorebieta, Falcao eta enparadukoak. Hori bai, ondo akorduan eukiko dot Bukaresteko finalaren egunean Bilbon egoan jente partidea.

Ez, ez zan egun horreetan pasau zan notizia bakarra, baina enterau gura dauena bardin enterauko da Athletic egon ala egon ez; telebisinoak ostendu ala ostendu ez; parrandan ibili ala ibili ez; karakol-batzen entretenidu ala entretenidu ez; eskusauan egon ala egon ez, edo Budagan sinistu eta Alagan ez. Bizimodua berezean be nahiko gogorra izaten da emoten dituan ilusino apurrak baztertzen hasi eta, gitxiago, inori kentzeko.

Artikulura bueltauta, Abadiñoko probalekuan bertan topau neban Moises Enbeita (Muxika, 1945). Aspalditik euki dot muxikarra Bizkaie!-ra konbidetako txuskia. Pozik hartu neban bere prestutasuna alkarrizketea egiteko orduan, eta erantzunakaz be sano gustura parau naz. Lehenengo beharra: mila esker berari.

Bertsotan eta, batez be, bertso idatzietan ezaguna, betidanik segidu dau bertsolaritzea hur-hurretik: bardin zuzendaritzan, epaile-taldean edo antolakuntzan. Azkeneko hori izango da, hatan be, bera geugaz egotearen arrazoi nagusia. Ez dodanez pentsetan gaurkoa mejorau leikenik, eta hobeto danez onenean erretiretea… zati baten ez da alkarrizketa gehiago egongo. Haiko hemen!


1.- Zein izan da zure hartu-emona Bertsozale Elkarteagaz?

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteagaz hartu-emon handirik ez dot euki, zuzendaritzatik zuzendaritzarako hartu-emonetatik aparte. Inguruko bertso-saioen informazinoa emon, kartelak batu eta bialdu; bertso-idatzien lehiaketen barri emon eta emoitzak bialdu, eta Txapelketa Nagusian, batez be finalean, antolaketa-lanetan lagundu.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteagaz daukadan hartu-emona askoz be estuagoa da. Hogei urtetik gora daroadaz antolatzaile-taldean, epaile-taldean; baita be zuzendaritzan.


2.- Zenbat zabize antolatzen eta zelan banatzen dozue ardurea?

Beste arlo askotan legez, gurean be boluntario gitxi egoten da. Eskualde bakotxeko gitxienez ordezkari bat lortzen ahalegintzen gara. Eskualdeko Txapelketea bertako ordezkari edo arduradunaren zeregina izaten da. Berak topau behar ditu gai-jartzaileak, aurkezlea, txapel-emoilea, eta abar. Inguruko bertso-eskolen laguntzea jasoten dau zeregin horretan; gehienetan, behintzat.

Bizkaiko Txapelketan sartzen garanean, eragile edo gidari bat izaten dogu, eta berak bideratzen dau dana. Berak banantzen ditu bakotxaren ardurak edo betebeharrak. Kanporaketetan ez gara talde osoa joaten saio danetara, baina goazenok ardura zehatzak eukiten doguz: txartel-leihatilea, kartzelea, aretoa egokitzea, sari-banaketako protokoloa...


3.- Noz hasten zarie Txapelketea preparetan?

Txapelketea amaitzen danean hasten gara hurrengoa preparetan. Joan danaren balorazinoa egiterakoan, ahalik eta arinen ikusten da argien ondo, txarto edo ez hain ondo zer egin dogun, hurrengorako kontuan eukiteko. Txapelketeak berak urte osoko loturea eskatzen dau: abendutik abendura eta etenik bakoa.


4.- Zelangoa da zuretzako Txapelketako bertso-saioa dagoan egun bat?

Eskualdeko Txapelketea bada, saioa hasi baino hiru bat ordu lehenago batzen gara toketan dan lekuan, eta hasteko ordua baino ordu erdi bat lehenago danak prest egon behar dau. Bizkaiko Txapelketeak, ostera, egun osoa eskatzen deusku. Goizetik jagiten naz, nagiak atara, ondo armozau, dutxa eder bat hartu, eta 11:30ak aldera han nago, toketan dan lekuan. Saioa areto baten izan edo kiroldegietan izan, alde handia egoten da; batez be, denporeari jagokonez. Dana prest daukagunean, ordu eta erdi inguruko tarte bat izaten dogu bazkaltzeko, eta saioa hasi baino ordubete lehenago bakotxa bere zereginean gagoz.

Saioa jarraitzea eta baloretea gustetan jat, baina zoritxarrez ez dot eukiten sekula saio osoa entzuteko aukerarik. Saioa amaitzen danean, ipini doguzan traste guztiak batzea toketan da: beste ordubete inguru. Dana batu ostean, ondo merezidutako trago bat hartzeko alkartzen gara, eta antolakuntzea zelan joan dan baloretan dogu. Gaueko 22:00ak aldera etxean egoteko moduan egoten gara.


5.- Jentea puntuala izan daitela gustetan ei jatzu...

Eta neugandik hasita! Jentearen puntualtasuna oso inportantea da arlo guztietan, eta oraindino gehiago antolatzaile batentzat. Ordua ez jagotea –norberaren itxikeriaz–, emondako berbea jatea legez da niretzat. Edonori pasau leikigu ustebako arazoen bat, jakina, baina gaur egun baliabide marabillosoak daukaguz jakinarazoteko. Etorriko da, ez da etorriko... motibo barik artega egon beharra! Horrexek hasarratzen nau gehien.


6.- Badaroazuz urte batzuk Txapelketea antolatzen. Aldaketa handiak igarri dozuz (baliabide teknikoak, bertsozaleak, bertsolariak...)?

Aldaketak egon, egon dira; batez be, baliabideetan, baina hainbesterakoak be ez. Nahiz eta teknika aldetik gero eta aurrerapen handiagoak daukaguzan, txapelketearen estruktureak antzekoa izaten jarraitzen dau. Finalak dira gehien aldatu diranak, batez be bertsozaleen kopurua dala-ta. Bertsozalea asko ugaritu da, baina batez be gaztetu egin da, nire ustez. Gaztetu eta aldi berean heldu be bai. Saio bat neurtzen ikasi dauela esango neuke, eta alde horretatik orain hogei urtekoa baino inpartzialagoa dala.

Bertsolaria kontuan hartu ezkero, barriz, badago aldaketa nabarmen bat: orain hogei edo hogeita bost urte zenbat emakume ikusten genduan oholtza ganean? Eta gaur, ostera, gizonezkoak baino gehiago ez ete jabilkuz?


7.- Segiduten dozu bat-batean kantetan?

Egingo ez joat ba! Oraindino hainbesterako bagaituk! Baina ez, plazarik ez dot egiten, omenaldi batzuetan edo izan ezik –holakoetan bat-bateko bertso gitxi kantetan da, ez dok uste? –, lagun arteko bazkalosteetan eta holakoetan egiten dot zeozer.


8.- Xabier Enbeita kantetan dabilenean...

Ondo ezagutzen dot Xabier eta badakit gitxi gorabehera zenbat emoteko gai dan. Ez dot eukiten aparteko urduritasunik semea kantetan dabilenean. Asmetan ez dauenean sufridu baino gehiago asmetan dauenean gozau egiten dot. Ondo baino hobeto dakit txapalketa baten oholtza ganera igotea zer dan.


Bertso bat Bizkaie!-ri:

Bardin bertsozale ta
bardin bertsolariz,
Euskal Herri euskaldun
bat osotzen gabiz.
Euskerea ardatza,
borondate jagiz,
ekin danok lanean
eta gogo handiz.
Zabal nire mezu hau,
Bizkaie punto biz.


Galdera laburrak:

- Biziteko leku bat: baserria.
- Bidaiatzeko leku bat: Nafarroa.
- Mania bat: zapatak kordelak askatu barik eranztea.
- Gorroto dozu: arrazoi barik itxaroten egon beharra.
- Pelikula bat: azkenekoa ez dakit noz ikusi dodan be.
- Liburu bat: irakurteko daukadana.
- Musika talde / abeslari bat: Erramun Martikorena.
- Jateko bat: paellea.
- Bertsolari bat: Amets Arzallus.
- Plaza bat: bertsozalez ganezka, edozein.

Erantzunak

Nazaripoker 2012-05-22 03:29 Erantzuna | #1

Athleeeeeeeeeeeeeeetic! Euuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuup!!!
Barikuen baiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu