Jatean asko dogu jokoan, Daniel Innerarity eta Andoni Luis Adurizen liburu barriaren arabera

Dabi Piedra Robledo 2012-05-16 15:37   Jan edanak

Bilbon aurkeztu dabe Cocinar, comer, convivir lana, sukaldaritzea eta filosofia batzen dituan proiektua. Jatearen inguruan daukaguzan ideia, ohitura eta aurreretxiak aztertu eta gogoetea plazaratu nahi izan dabe Daniel Innerarity filosofo bilbotarrak eta Andoni Luis Aduriz sukaldari donostiarrak.

Bilbon aurkeztu dabe Cocinar, comer, convivir lana, sukaldaritzea eta filosofia batzen dituan proiektua. Jatearen inguruan daukaguzan ideia, ohitura eta aurreretxiak aztertu eta gogoetea plazaratu nahi izan dabe Daniel Innerarity filosofo bilbotarrak eta Andoni Luis Aduriz sukaldari donostiarrak. Biak be punta-puntan dabilz euren alorrean, baina, alkarregaz lan eginda, liburu barritzailea atara dabela erixten deutse.

Daniel eta biok modu informalean hasi ginan batzen eta alkarri mezuak bialtzen, sukaldaritzearen inguruan eta gaur eguneko gizartearen elikatzeko ohituren ganean ideiak trukatzeko, gogoratu dau Adurizek. Hausnarketa hareetan mamia egoala ikusi eta apurka-apurka joan zan liburua sortzen. Innerarityren arabera, askotan, gauzarik interesgarrienak ia ezustean etorten dira eta lan honegaz be holantxe izan da. Filosofoak eta sukaldariak bat egin dabe, diskurtso bi batu doguz, ikuspegi desbardinak, biok ikasi dogu alkarrengandik, ganeratu dau Innerarityk.

Jaten dogunean, normalean, ez dogu aparteko hausnarketarik egiten konsumiduten gabilzanari buruz, jateko produktuek ze ibilbide egin daben gugana heltzeko, edo janari hori aukeratuta, eta ez beste bat, zer adierazoten gabilzan. Innerarityren ustez, hori akats handia da, jatean asko dogu jokoan, guk geuk eta gizarteak; konsumidutean, munduari eragiten deutsagu. Holan ba, ikuspegi askotatik aztertu dabe gizarte garaikideko sukaldaritzea eta elikadurea: ingurumenaren aldetik, justiziari erreparatuta, giza harremonei, ekonomiari eta abar. Lehen, egoana jaten genduan, baina orain ia dana daukagu aukeran eta erispide behar dogu, azaldu dau Innerarityk.

Liburuan, 28 errezeta batu ditue eta gogoetarako gaiakaz lotu. Kapitulu batzuetan, errezetakaz batera, gure ondorioak plazaratu doguz; gehienetan, baina, errezetea eta gogoetarako gaia aurkezten doguz, eta irakurleari lagatzen deutsagu hausnartzeko bidea, esan dau Adurizek. Nahi dogu irakurleak ikustea jaten dabenean ze eragin daukan, aukeraketea egiten dauan guztietan mundua aldatu leikela, onerako zein txarrerako, ganeratu dau Innerarityk. Egunean botua hiru bidar emotea lakoa da elikatzea, uste dau Adurizek.

Sukaldaritzan ibilbide oparoa daukat eta, liburu honegaz, nire ideia guztiak, aurreretxiak, barriro aztertu behar izan dodaz, intelektualki lan sakona egin dogu biok, autortu dau sukaldariak. Danean ez dira ados egon Aduriz eta Innerarity, baina eztabaida luzeei esker, ideia sorta bati formea emon eta kalean dago Cocinar, comer, convivir liburua. Mugara heldu naz lan honegaz, nire ideia guztiak, lan egiteko erea, dana jokoan ipini dot, nekagarria izan da baina merezidu izan dau, azaldu dau Adurizek. Daniel Innerarityrentzat be barrikuntzea izan da sukaldaritzeagaz bat egitea, filosofoei beti lotzen gaitue gauza abstraktuakaz, baina elikaduraz be kezkatu behar dogu, nire ustez, bizitzearen zentzua be egon leiteke sukaldean. Kontuak kontu, liburua argitaratu dabe eta orain gizartearen esku dago eurek plazaratutako gogoeta moltsoari erantzutea. Adurizek adierazo dau, oso ideia helduak dira, ondo hausnartuak, txarto dago nik esatea baina liburu bikaina da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu