Lur Errekondo izango da Bakioko txakolinaren amabitxia
2025-03-07 08:00 Jan edanakSanjoseak martiaren 14an hasiko dira eta azokea 15ean izango da.
_content.jpg)
Datorren astean hasiko dira Sanjose jaiak Bakion. Holan, martiaren 15eko azokea izango da hitzordu nagusia, izan be, Bakioko txakolinaren aurtongo uztea aurkeztuko dabe produktoreek, baita atlantikoko ardao ugari be. Urtero lez, Euskal Herriko panorama kultural edo sozialeko personaia bat konbidaduten da emoitzearen aurkezpen ekitaldira, txakolinaren babesle izan daiten eta horren bidez haren lanari autortzea egiteko asmoz. Aurton, Lur Errekondo kirolari eta aurkezlea izango da Bakioko txakolinaren amabitxia.
Lur Errekondo Sola usurbildarra eskubaloi jokalaria izan zan eta Bera Bera taldeagaz Espainiako Ohorezko mailan jokatu eban 2016tik 2021era arte. Euskadiko Kopea irabazi eban 2017an, baita Espainiako Superkopea 2016an eta 2017an be. Lesinoen kulpaz eskubaloia itxi eta 2022an herri-kiroletan sartu zan, harri-jasoteari ekinez; urte horreetan Gipuzkoako Txapelketea irabazi eban. Ogibidez gizarte hezitzailea da eta gaur egun telebista saioetako aurkezle modura be badabil ETBn.
Txakolinaren amabitxi izentapenagaz, Errekondoren ibilbideari errekonozimendua erakutsi nahi deutso Bakioko Udalak. Emakume ugari dabiz kirol munduan pausoak emoten eta ekarpen hori eskertzekoa da, izan be, belaunaldi barrientzat erreferenteak dira. Emakume indartsu horreetako bat, Lur Errekondo, Bakioko txakolinaren amabitxi bikaina izango da, adierazo dau Amets Jauregizar Bakioko alkateak.
Amabitxi izentapenaren albistea ezustean hartu dau Errekondok: ez neban espero. Hainbeste erreferente eta nigaz kontetea... ohore handia da. Oso txakolinzalea izanda, asko poztu nau izentapenak. Gustora joango naz Bakiora eta egun ederra izatea espero dot.
1998tik, amabitxi eta aitabitxi ugari izan dira, esaterako: Itziar Ituño, Aiora Renteria, Iker Galarza, Kepa Junkera, Joane Somarriba, Unai Basurko, Ana Urrutia eta Toti Martinez de Lezea.
Azkenengoa, Jose Angel Iribar
Ardao atlantikoak erakusteko hitzordua martiaren 15ean 12:30ean izango da, Zubiaurralden egokituko dan karpan. Berton, Bakioko Zabala eta Doniene Gorrondona upategiek postu bana jarriko dabe eta beste batean, hainbat ardao atlantiko egongo dira aukeran: Tantaka (Araba), Hiruzta (Getaria), Arretxea (Irulegi), Kooperatiba (Irulegi), Magalarte (Zamudio), eta Gozamena (Lezama). Bakioko txakolin baltza ardao atlantiko bezela definidu dabe adituek.
Produktoreen lana balioan
Sanjoseetako azokea 10:00etan edegiko da eta txakolinaz gan, tokiko abeltzainen, nekazarien eta artisauen produkzinoak ezagutzeko aukerea egongo da. Holan, herriko eta inguruko produktoreen 29 postu egongo dira guztira azokean: hamar nekazari, zazpi abeltzain eta hamabi artisau. Nobedade lez, aurton postu horreek karpatik kanpo egongo dira, azokeari garrantzia gehiago emoteko asmoz. Beraz, karpan txakolinak eta ardaoak egongo dira, baita txosna bi be. Ganerako produktuen azokea Zubiaurraldeko eremu osoan egongo da.
Jaiak, martiaren 14an
Bakioko sanjoseak martiaren 14an hasiko dira Txakolin Museoan egingo diran txakolina probetako saioakaz. Martiaren 22ra arte ekitaldi ugari izango dira: probetako saioak, bisitak, tailerrak, txapelketak...
Nabarmentzekoa da, esaterako, martiaren 16an egingo dan giza-proben desafioa, Harriti emakume taldearen eta Bakioko auzoetako ordezkarien artean. Ganera, bertsolariak eta musikariak egongo dira. 13:30ean hasiko da kirola eta kultura buztartuko dituan ikuskizun hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!