Hasi da Bizkaiko Txakolinaren mahats-batzea

Bizkaie! 2024-09-20 09:23   Jan edanak

Aurtengo produkzinoa % 20 gitxiago izatea espero da.

Argazkia: Libe Romaña Larrazabal. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitureak irailaren hirugarren astean hasiko dau mahats-batzea, 2023an baino hamabost egun geroago. Aurreko urteagaz alderauta, denporaldi honetan produkzinoa % 20 gitxiago izatea espero da, ziklo begetatibo osoan zehar izandako kontrako baldintza meteorologikoakaitik. Baldintza horreek esperientzia eta mahasti-lan bikaina egitea eskatu deutse mahastizainei.

Tenperaturea, euria, hezetasuna eta eguzkia lako faktoreen etenbako gorabeherak eragin handia izan dabe produkzinoan, hasiera-hasieratik. Halanda be, faktore horreek mahatsen aurrekaririk bako kontzentrazinoa eta kalidadea lortzen lagundu egiten dabe, mahatsaren kalidade bikaina aurreikusiz.

Kantidadea txikiagoa izan arren, urte honetan kalidadea bikaina da. Ziklo begetatiboan zehar pasetan dana modu profesionalean interpretau behar da, geure mahatsak batzeko prozeusa osasun eta heldutasun-egoera ezin hobean bermatzeko, aurton espero dogun lez, adierazo dau Iñaki Suarez JDaren zuzendari teknikoak.

Mahats-batzearen sekuentzia

Mahatsondoaren ziklo begetatiboaren azken fasean, heltzean, izandako eguzki-ordu eskasiak mahats-batzea nabarmen atzeratu dau azken urteakaz konparauta, igaz baino aste bi beranduago hasiz. Beraz, mahats-batzearen zikloa aste honetan hasiko da, heltze-sekuentzia kontuan izanda, guneka eta bariedadeka. Hasteko Chardonnay, Sauvignon Blanc, Riesling, Mune Mahatsa (Folle Blanche), Pinot Noir eta Hondarrabi Baltza. Ondoren, Hondarrabi Zuri eta Hondarribia Zuri Zerratie bariedadeak batuko dira, Izkiriota Tippia (Petit Manseng) eta Izkiriotta (Gross Manseng) bariedadeakaz amaitzeko.

Konpromisoa jasangarritasunagaz

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura Babestuaren Kontseilu Arautzailea 2023tik Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Bizkaiko mahastien ingurumen birmoldaketa proiektua egiten dabiz. Ekimen horrek klima-aldaketara egokitzeko tresnak eta mahastien orekea ikertzen ditu hiru lan arlotan: kontrol fitosanitarioa, estalki berdea kudeatzeko alternatibak eta mahastiak bideratzeko sistemak.

Mahats-batzeagaz, Bizkaiko Txakolina JDak bere txakolinen bikaintasun eta berezitasunagazko konpromisoa berresten dau, ardaoaren zaleek Izentapen ospetsu honen bereizgarri dan kalidade handiaz disfrutetan jarraituko dabela bermatuz.

Bizkaiko Txakolina JD

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturea Babestuak 1994an lortu eban autorpen ofiziala, eta, ordutik, nortasun ukatuezina dauen ardao modernoaren oinarriak ezarri ditu. Kontseilu Arautzaileak atxikitako upeltegiek produzidutako ardaoaren benetakotasuna jagoten dau, txakolin etiketatuak kalidade-baldintza zorrotzak beteten dituala bermatzen dau elaborazino-prozesu guztietan, mahatsondoa landatzen danetik botilaratzen dan arte eta txakolinaren kulturearen komunikazinoan eta hedapenean egiten dau lan. Txakolindegi-sektorea etenbako bilakaeran dago. Gaur egun, bere markea daben 36 upategi eta 14 mahats-produkzino batzen ditu. 172 mahastizain Bizkaiko Txakolina JDBari atxikita dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu