Wine Paris parebakoa da Arabako Errioxako ardaoak, txakolinak eta sagardaoak beste merkatu batzuetan zabaltzeko

Bizkaie! 2025-02-13 07:47   Jan edanak

Zezeilaren 12ra arte, Wine Paris izan da ardaoaren eta edari destilatuen munduko industriaren erdigunea.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, HAZI Fundazinoaren bitartez eta Bilboko Ganbereagaz alkarlanean, eta Euskadiko elikadura-industria kanpoan sustatzeko jarduketen barruan, atondu dau Euskadiko upategien parte-hartze bateratua Versaillesko erakustazokako seigarren Wine Paris 2025 azokan.

Wine Paris azokea da ardaoaren eta edari destilatuen munduko industriaren erdigunea. Urteetako hazkundearen ondoren, topaketeak indarra hartzen jarraitzen dau, 50 estadu produktore, 4.600 erakusle baino gehiago eta 140 herrialdetako 50.000 bisitari baino gehiagogaz.

2025eko edizinoan, nazinoarteko produktoreek —horreen artean Euskadi— modu estrategikoan kokatuta dagoz. Wine Paris azokea oinarrizko ekitaldia da ardaoaren eta edari destilatuen sektoreko profesionalentzat eta networking, ikaskuntza eta produktu barritzaileaka buztartzen ditu.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua Wine Pariseko edegiera ofizialean izan da Annie Genevard Nekazaritza eta Elikadura ministroagaz, Laurent Saint-Martin Kanpo Merkataritza eta Diasporako ministrordeagaz, Nathalie Delattre Turismo ministrordeagaz eta Rodolphe Lamerse Vinexposiumeko zuzendari nagusiagaz batera

Barredo zehaztu dauenez, ardaoen sektorea larri dabil mundu osoan, merkatuen eta gizarte-ohituren aldaketen ondorioz. Estadu askotan autortzen dan kalidade handiko gure produktuak erakutsi, sustatu eta zabaldu behar dira.

Arabako Errioxako ardao, txakolin eta sagardaoak

Eusko Jaurlaritzeak Wine Paris 2025 azokan 10 enpresa erakutsi daitu: Altun; Garcia de Olano; Izadi upategia; Fernandez de Pierola upategia; Petritegi Cider House sagardaoak; Lopez Oria upategia; Gaintza txakolina - Talleri Berria upategia eta mahastiak; K5 upategia; eta HIKA upategia.

Wine Paris azokearen izakera internazionala indarra hartzen dago. Igaz erakusleen % 53 atzerritarrak izan ziran. Wine Paris 2025 Vinisud Montpellier —Eusko Jaurlaritzeak 2017an parte hartu eban— eta Vinovision Paris azoken ondorengoa da, 2019an biak batu baitziran. Vinisud Mediterraneoko eta Europa Hegoaldeko Ardaoen Nazinoarteko Azokea zan eta Vinovision Paris, Iparraldeko Ardaoen Nazinoarteko Azokea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu