Itsasoa protagonista Getariako Euskal Gastronomiaren Topaketan

Bizkaie! 2025-05-08 08:52   Jan edanak

Bagilaren 2an egingo da laugarren edizinoa Mantalak atonduta.

Euskal gastronomiaren sektoreko 250 profesional inguruk parte hartuko dabe eta bertoko gastronomiaren inguruan eta itsasoa Euskadiko kultura, ekonomia eta gastronomiaren motorra dala gogoan hartuta ekingo deutse. Gipuzkoan egingo da lurraldeko gastronomiari eta itsasoari erreparauta: gastronomiaren erronkak, aukerak eta gure sustraiakaz dauen lotura estua aztertuko dira berbaldi, mahai-inguru, probetako saioak eta ekintza kulturalen bitartez. Alkarrizketarako eta ospakizunerako gunea izango da eta aukerea izango da Martín Berasateguigaz batera sukaldean egindako 50 urteko ibilbidea ekitaldi hunkigarrian; eta omenaldia eskainiko deutsegu Mari Jose Artano eta Maria Rosa Larrañagari, Elkano eta Kaia jatetxe ospetsuetan bizitza osoa eskaini dabelako. Era berean, edariaren munduko jokera barriez eta horreek itsasoagaz daben loturaz hausnartuko da, eta itsasoak eta parrillaek gure lurraldeko gastronomiaren oinarrizko elementu lez daben garrantzia landuko da. Holan, tradizinoaren, barrikuntzearen eta jasangarritasunaren arteko loturak sendotuko dira eta itsasoaren ikuspuntu garaikide eta konprometiduan lantzeko, interpretetako eta kozinetako moduak jorratuko dira.

Edizio honetan, chef ezagun ugari ikusiko ditugu, besteak beste, Aitor Arregi (Elkano), Igor eta Julen Arregi (Kaia Kaipe), Julen Baz (Garena), Martin Berasategi (Martin Berasategui), Edorta Lamo (Arrea), Ane Lore Lasa (R), Dani Lasa (Ama Brewery), M. Rosa Larrañaga (Kaia), María Lasquibar (Kea), Belén Sandrín eta Jokin Loma (Palacio Añana) eta Gorka Rico eta Javi Rivero (AMA). Gastronomia eta lehen sektoreko aditu eta profesionalak be izango dira, Xabi Agote (Albaola), Jon Zapiain (Zapiain), eta Mikel Zeberio (Basque Culinary Center), besteak beste, eta kultur arloan, Eñaut Elorrieta lako artistak.

Jardunaldiaren lehen zatia 10:00etan hasiko da Getariako Balenciaga Museoan. Erreferentziazko chefen, sektoreko eragileen eta itsasoaren munduko adituen artean ideak eta esperientziak konpartiduteko disenautako dinamikak egingo dira. Eta, ekitaldiaren amaieran bertaratuek aukerea izango dabe azoka gastronomikoaz gozetako Elkano Arrantzaleen Kofradian eta portuaren inguruan, izan be, hainbat proposamen gastronomiko eskainiko ditue bertan, herriko parrilladun jatetxe guztiek (Kaia, Elkano, Astillero, Balearri, Myflower, Iribar eta Txoko), tokiko produktore eta konserbakaz batera, itsasoa inspirazino eta ardatz nagusi dabela. Era berean, amaiera jaialdi honetan, txakolinak be protagonismo berezia izango dau, lurraldean upelako indarra dauelako.

Euskal Gastronomiaren Topaketea

Mantalak atontzen dau Euskal Gastronomiaren Topaketea eta Basque Culinary Centerren eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren (HAZIren bidez) ekimena da. Ondoko erakundeen laguntzea dau: Mahaia Kolektiboa, Bisubi Fundazinoa, Jakitea, Euskal Gozogileak, Euskal Gastronomia Akademia, Gastronomia Kofradien Federazinoa (Fecoga) eta Euro-Toques. Insalus eta La Salve dira babesleak.

Lehen edizinoa 2022an Basque Culinary Centerren (Gipuzkoa) egin zan baina topaketa honek sendo eutsi deutso euskal gastronomiaren inguruan gogoetak egiteko eta loturak sortzeko foro berezia dalako. Bigarren edizinoak (2023an egin zan, Urdaibain —Bizkaia—) eta 2024ko hitzorduak Arkaute (Araba) sendotu eben ibilbidea. Urte horreetan, erreferentziazko kozineruek (besteak beste, Pedro Subijana, Elena Arzak, Aitor Arregi, Edorta Lamo, Julen Baz, Nagore Irazuegi, Itziar Insausti, Gorka Txapartegi, Amaia Arguiñano, Lara Martin eta Roberto Ruiz) beren ikuspegien barri emon izan dabe 300 profesional baino gehiagoren aurrean, sektorearen dibersidadearen balioa azpimarratu eta haren zintzotasuna eta lurraldeagaz, barrikuntzeagaz eta konpromiso sozialagaz dauen loturea aldarrikatu ditue. Ibilbide horrek erakusten dauenez, berebiziko garrantzia dau gastronomiaren, kulturearen eta lurraldearen artean zubiak eregiteak, komunidade gero eta konprometiduagoa bultzatuko baita modu horretan.

Mantala

Jakintza-trukea eta alkarregaz sortzea bultzatuz euskal gastronomia sustatu eta garatzea helburu dituan ekimena da Mantala Basque Gastronomy. Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen dabe, HAZIren bidez. Mantala ekimenean eragile-sare batek parte hartzen dau, besteak beste, Mahaia Kolektiboa, Gozoa, Jakitea, Gastronomiaren Euskal Akademia, Fecoga, Euro-Toques eta Bisubi Fundazinoa.

Mantala ezagutza eta interakzio-gunea da eta bertara batzen dira gastronomiaren arloko ikerkuntzan, zabalkundean eta lankidetzan oinarritutako hainbat eduki eta proiektu. Ekimenak euskal gastronomiaren nortasun-balio nagusien garapena eta nabaritasuna sustatzen ditu, etorkizunerako ikuspegiagaz, kalidadeko eduki digitalak zabalduz: mantala.eus webgunea eta sare sozialetako zenbait profil baliogarri dira ekimenen edukia eta euskal gastronomiari buruzko eduki esklusiboak zabaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu