Iñigo Iruarrizaga: 'Gure asmoa astekari bihurtzea da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-05-10 15:50   Barriketan
Begitu aldizkariko kudeatzailea

Mendebaldeko euskalkia darabilen Begitu Arratia, Zeberio eta Ubideko aldizkariak 10 urte bete barri ditu. Hona hemen Iñigo Iruarrizaga kudeatzaileak kontau deuskuzanak:


1.- 10. urteurrena ospatzeko ekitaldiak hasi dozuez, zeintzuk izango dira hurrengoak?

Hamar urte, hamar herri, hamaika ekintza, hori da urteurrena ospatuteko aukeratutako leloa. Aurten egingo doguzan hamaika ekintzen artetik bi joan jakuz. Apirilaren 20an, 10. urteurreneko jaia egin genduan, Igorren, Lasarte Areto bete-betean, eta maiatzaren 5ean, Arratiako Musika Eskolearen 25. urteurrena dala-eta Ruper Lekuek batutako kantu tradizionalak jasoten dituan liburua aurkeztu genduan. Liburuak zati bi ditu. Lehenengoan, Musika Eskolearen historia kontetan da, eta, bigarrenean, Ruper Lekue eta beste ikertzaile batzuek orain dala 30 urte jasotako Arratiako kanta eta bertso zaharren bildumea dago.

Hurrengo ekintzea Lemoan izango da, hilaren 17an; bertan, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria, Mikel Irizar Topaguneko presidentea eta Urko Aristi EITBko kazetariak Euskal hedabideen etorkizuneko erronkak izenburupeko mahai-inguruan hartuko dabe parte. Urtearen lehenengo sei hileko honetan egingo dogun azken ekintzea Diman izango da, bagilaren 1ean: EHUko irakasle Joserra Aihartzak Euskal Herriko paisajearen aldaketea gaia jorratuko dau. Ganera Arratiako musika taldeek kantea egin deuskue urteurrena dala eta, pozgarria da hau guretzat bene-benetan. Kanta hori grabetan ibili dira aurreko egunotan estudioan, laster eskegiko dogu gure webgunean eta irratietan be entzuteko moduan egongo da. Gero, urrietan ekingo deutsagu falta diran ekintzai. Sorpresaz betetako urtea izango dogu.


2.- Orain dala 10 urte zein helburugaz abiatu zan Begitu?

Euskalzale talde plural batek sortu eban Begitu. Ganoraz Euskera taldearen ekimenez sortu zan ha taldea. Oihane Barrenetxea, Urtzi Barrenetxea, Hektor Rodriguez, ni eta beste batzuk izan ginan orain 10 urte beteten dituan aldizkari honen sortzaileetako batzuk. Ganoraz Arratiako Euskera Taldean gengozanoi Topagunetik galdetzen euskuen ia ez ete genduan aldizkaririk martxan ipiniko. Gure ustez hutsune bat egoan, beste hedabideetan apenas agertzen zan Arratia eta. Orduan, Igor Estankona, Nagore Amondarain eta beste batzukana jo genduan. Gure artean eta Topagunekoakaz hainbat batzar egin eta herri guztietan proiektua aurkeztu genduan, udalakaz be berba egin genduan... eta ikusi zan posible eta bideragarria zala aldizkaria sortzea. Helburu nagusi bi geunkazan: bertako barriak emon eta bertako euskerea landu.


3.- Gaur egun be helburu bardinak daukazuez?

2002ko aprilean lehenengo Begitu agertu zanetik, euskerazko hedabideen konstelazinoa aldatu egin da guztiz, baita Arratiako informazinoa hedabideotan, eta Begitu bera be bai. Hamar urte honeetan, Begitu-k ia bikoiztu egin dau emoten dauen informazinoa eta Arratia, Ubide eta Zeberioko barriak jarraitu geinkez Bizkaiko hedabide handietako orrietan eta albistegietan; hori holan izan daiten Begitu-k asko lagundu dauela esatera ausartuko nintzake. Bertako euskeran idazteko eredu bat be definidu dauelakoan gagoz. Bidea egin dau eta bidea egiten eta zabaltzen jarraituko dau.

Helburuak manteniduten doguz. Gertakarien barri emoterakoan notario lanak egiten doguz, alderdikeria barik emotea da aldizkariaren helburuetariko bat; ez dauka ildo editorialik. Begitu sasoi honetako erronka barriei aurre egiteko prest dagoala esan geinke. Helburua beteten gabilz. Izan be, helburua aldizkaria bera zan, bertako barriak bertako euskeran emoteko.


4.- Zein da darabilzuen euskera eredua? Zergaitik?

Darabilgun euskera eredua Labayruren eredua da, bertoko aldaera batzukaz. Euskera idatzia izanda ezin genduan ahozkoa bere horretan erabili, eta Labayrukoa, arautua eta jasoa izateaz aparte, geurea be bazala iruditu jakun. Azken baten, bizkaiera estandar hori gure arratieratik sano hur dago. Aldaerak inguruko filologoakaz adostutakoak dira. Arratiera dala sentiduarazoten daben Arratiako hizkerearen hainbat ezaugarri Begitu-n agertu egin behar zirala iruditu jakun, irakurleak irakurritakoagaz identifikau eitezan.

Dana dala, hizkuntza bat eten barik aldatzen doan izaki biziduna da. Horregaitik, gure eredua ez dago guztiz zarratuta, eta auzitan ipinten dogu eten barik. Eredu estandar bat finkatu eta zabaltzeko, erabilerea sustatzeko asmoa be badaukagu.


5.- Mendebaldeko euskalkiaren egoerea zelan ikusten dozu eskualdean? Eta inguruan?

Daturik ez daukat eta badakit honen ganean eretxi desbardinak dagozala, baina nik sano eretxi baikorra daukat. Uste dot azkenengo hamar urteotan mendebaldeko euskalkiak lortu dauela lehen batuak lortu ebana, hau da, plazara urtetea. Eta gaur egun, plazea dinogunean, eskolea, hedabideak, internet eta abar esan gura dogu.

Uste dot gazteai erreparau behar jakela jakiteko zein dan hizkuntza edo hizkera baten osasuna. Eta Arratian, gazteak kalean erabilten daben euskerea ez da batua, bertako euskerea da, nahiz eta era naturalean gaur berba egiten danak ez daukan zerikusi handirik gure aititek eta amamek egiten eben berbeteagaz. Nahastea da nagusi gaur, baina hori, azken baten, normala da, eta seinale ona be badala esango neuke: bizirik dagoan seinale. Mendebaldeko euskalkiak topau dau lekua eta garatu egin da, esparru barriak bereganatuz.


6.- Zenbat irakurlerengana ailegetan da Begitu? Badakizue zein dan zuen irakurleen perfila?

Aztikerrek 2010ean ikerketa bat egin eban. Ikerketa hori egiteko 900 inkesta egin zituan (15 urtetik gorako herritarrak 12.510 ziran gure eremuan orduan). Ikerketa horren arabera, 15 urtetik gorako arratiarren % 70,1ek inoz irakurri dau Begitu eta irakurteko ohiturea % 64,7k daukie. Kopuru absolutuen estrapolazinoa egin ezkero, momentu haretan ia 11.000 lagunek ezagutzen eben Begitu eta ia 7.700ek irakurrita eukien inoz. Gaur egun esango geunke sano gitxi dirala Begitu ezagutzen ez dabenak.

Begitu irakurten dauenaren perfila egin ezkero: andrazko bat, edozein edadetakoa, unibersidadeko ikasketak dituana eta elebiduna. Begitu-ren irakurleen % 54,3 dira andrak eta % 45,7 gizonak. Ezagunagoa eta irakurriagoa da andren artean gizonen artean baino eta denpora gehiago emoten dabe irakurten.

Edade guztietakoak irakurten dabe Begitu baina gazteenak 55 urtetik gorakoak baino gehiago.


7.- Zelango lantaldea dauka Begitu-k? Eta zelan funtzionetan dozue, zeintzuk dira zuen iturriak?

Plantillan bi gagoz, kazetaria eta kudeatzailea. Banatzaile taldea daukagu, Begitu eremua zabala da hedaduraz eta lantalde handia dago beharrean. Bertako kolaboratzaile batzuk be badaukaguz, batzuk sekzino zehatzak beteten dituenak (Lumatuten, Zertzean, Komikia, Denposa-pasak...) eta beste batzuk artikuluak idazten dituenak. Gai zerrendea osotuten dogunean artikulu batzuk kolaboratzaileei eskatzen deutseguz eta bestea erredakzinoan egiten dogu.

Gure iturriak udalak, alkarteak, prensa kabineteak... eta herriko jentea dira. Hedabide txikerrok abantaila bat daukagu: gure hurrekotasuna. Jente askok ezagutzen gaitu eta guk be jentea ezagutzen dogu izen eta abizenez.


8.- Gaur egun, zeintzuk dira Begitu-ren ardura nagusiak?

Aldizkaria erreferente izatea gure esparruan; herri ekimenak babestea kobertura mediatikoagaz eta Begitu eremua deitutako komunidadea trinkotutea; eta herritar guztiok etxekotzat hartzea aldizkaria. Danona izatea gura dogu, plurala, pentsamentu bakarretik igesi.


9.- Zeintzuk dira aldizkariaren finantzabideak?

Bost dira Begitu-ren finantzabideak. Garrantzitsuena publizidade bidez lortzen doguna da, % 45 inguru hortik jatorku; Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Begitu-lagunen aportazinoa eta Arratiako udaletako laguntzinoa doguz gero. Sei udalek laguntzen deutse Begitu-ri laguntzen, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeberiok diruz eta Arteako udalak lokala ixten deusku. Halanda be aurten zerrenda horretara beste udalen bat gehitzea espero dogu.


10.- Papelezkoaz ganera, Interneten be badago Begitu. Zein da bien arteko aldea?

Informazino eta Komunikazino teknologiek krisia eta erronka barriak ekarri ditue hedabideen sektorera. Argi dago prentsa irakurteko modua aldatu egin dala eta jenteak gero eta gehiago erabilten dituala plataforma digitalak. Ez dakigu hemendik hamar urtera papela desagertuko dan ala ez, baina argi dago gure presentzia interneten indartu egin behar dogula eta beste modu baten egin. Horregaitik aldatu dogu 2009an sortutako gure webgunea. Webgunea parte hartzaileagoa egitea gura dogu. Irakurlegoa papelekoa zein internetekoa irakurtera bultzatu gura dogu. Osogarriak izan daitezala. Garai barrietara moldatu behar gara. Zertu Kultur Alkarteko kideok argi daukagu hori; batez be, momentu honetan, 10. urteurrenaren erronkea gaindituta, helburu barriak planteau behar diranean. Eta zein da helburu nagusia? Ba helburu printzipala aurrera jarraitzea da, eta ez da gitxi, gaur eguneko egoerea kontuan hartuta. Horretarako, Begitu-ren aro barriari begira, Internet izango da gure apostua.


11.- Begitu-ren harpidedun egiteko zer egin behar da? Izan leiteke harpidedun Arratia, Zeberio edo Ubidekoa izan barik?

Gure webgunean sartu eta harpidetzak atalean datuak bete edo aldizkarian argitaratzen dogun txarteltxua bete eta Begitu-ra bialdu, hori baino ez da egin behar. Hemendik kanpokoa be izan daiteke harpidedun bai, etxera postaz helduko jako aldizkaria. Gainera Begitu-lagunek hainbat opari hartzen ditue, Arratia Inguruko Hiztegia, postalen bildumatxua, Ortozik, Ametz, Haizea aurpegian eta Peru Tximaluze liburuak edo eta Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak. Musika Eskola 25 urte labatik atera barri dogun liburua besteak beste. Ia 400 Begitu-lagun doguz eta honek gure proiektuonek aurrera egin daian ezinbesteko laguntasuna emoten deuskue.


12.- Aurrera begira, zeintzuk dira Begitu-ren erronkak?

Bidea egiten dabil Begitu: hedabidea eukiteko beharrizana gabilz sortzen eta gero eta beharrizan handiagoa, ganera. Hilabetekaritik hamabostekarira eta Internetera egin genduan saltoa baina beharrizana gero eta handiagoa danez, aldaketa batzuk egin beharko doguz premina hori asetzeko. Momentuz egingo doguna da erredazino taldea sortzea, beste kazetari bat kontratetako aukerea aztertzea eta webgunea barriztutea. Erreferentea da Begitu gurean. Gero eta ohitura handiago dago gugana etorteko edozein gertaera edo ekitaldiren barri emoteko eta hamabostekaria izatea be urri geratu jaku informazino guztia emoteko.

Baina sarritasuna handituteko, lan-taldea be handitu beharko litzateke; ez dakigu urte bat, bi edo hiru pasauko diran, baina gure asmoa astekari bihurtzea da. Ganera, jakinda indarrak batuz askoz gehiago lortzen dala, Begitu-k bat egin dau Topaguneak abian ipini dauen Tokikom enpresea sortzeko ekimenagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Naiara 2012-05-15 01:48 Erantzuna | #1

Elkarrizketa itxurosoa eta ederra. Zorionak Begituri! Eta bereziki Iñigori. Ekin horrela.

Ane 2012-05-16 02:06 Erantzuna | #2

Lan itzela egiten dozue Begitukook. Segidu holan. Zorionak Bizkaieri eta Nagoreri, alkarrizketa benetan polita!

Maite 2012-05-17 17:02 Erantzuna | #3

Zorionak Begitu eta Zerturi.

Luis 2012-07-05 12:19 Erantzuna | #4

Urteurreneko ospakizunetan zein elkarrizketa honetan faltan botaten dot \"Txirrintolea\" gehigarrien inguruko berban bat. Proiektu barrie, hezitzailea eta arriesgaue izin zen, ahazturan ez gelditea merezi dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu