Inbersinorik onena hezkuntzea dala aldarrikatu dabe Euskal Eskola Publikoko arduradunek
2012-05-03 15:27Eskola publikoa gizarte osoaren ardurea dala eta herritar guztien artean eregi behar dala be azpimarratu dau BIHEko kide Josu Etxaburuk.
Bilbon batu dira Euskal Herriko Gurasoen Alkartea (EHIGE), Bigarren Hezkuntzako zuzendarien alkartea (BIHE) eta Sarean, Lehen Hezkuntzako zuzendarien alkartea. Euskal Eskola Publikoa Haratago jardunaldia egin dabe goiz osoan eta izen bereko adierazpena aurkeztu dabe. Dokumentu horretan, besteak beste, eskola publikoaren erronkak batu ditue eta etorkizunari aurre egiteko baliabideak eta erakundeen babesa eskatu ditue.
Josu Etxaburu BIHEko kideak azaldu dauenez, kurrikulumerako proposamena aurkeztu genduan eta, orain, adierazpen barri honegaz, praktikoagoak izan nahi dogu, teoriatik harago joan eta ideia zehatzagoak plazaratu. EHIGE, BIHE eta Sarean aspaldian hasi ziran dokumentua lantzen, honelako manifestu bat adosteak prozesu luzea eskatzen dau, baina hiru alkarteak batzea beharrezkoa da, estrategikoa da. Eskola publikoa gizarte osoaren ardurea dala eta herritar guztien artean eregi behar dala be azpimarratu dau Etxaburuk.
Euskal Eskola Publikoa Haratago adierazpenean, askotariko gaiak plazaratu ditue, azken finean, gizartea egituratzen dauena eskola publikoa da eta gogoeta sakona egin behar da, eskolearen ereduaz, esan dau Etxaburuk, goi mailako eskola publikoa daukagula uste dot, baina hobetu leiteke. Holan, alde batetik, babesa eta egonkortasuna eskatu deutsie erakunde publikoei: gobernu aldaketea dagoan bakotxean, agintariek nahi daben moduan moldatzen dabe eskola eredua eta jokabide horregaz amaitu behar da. Krisi ekonomikoaren erruz, murrizketak iragarri ditue Espainiako Gobernutik eta jarrera hori txarretsi dabe eskola publikoko arduradunek. Josu Etxabururen esanetan, eskola publikoaren eredua ez bada bultzatzen, txarto gabilz. Murrizketakaz amaitu eta, ganera, inbersinoa handitzea eskatu dabe, gobernu batentzat, gizartearentzat, inbersinorik onena hezkuntzea dala jakin behar leukie.
Inbersinoak eskatzen ditue, besteak beste, euskal eskola publikoak urteotan garatu dauen ereduari eusteko eta hobetzeko. Beraz, hizkuntza hirueledunaren alde egiten dabe, gaur eguneko gazteen etorkizuna hamen zein atzerrian egon leiteke, garrantzitsua da hizkuntza asko jakitea, azpimarratu dau Etxaburuk, eta gazte euskaldunak sortzeko beharra be nabarmendu dau.
Beraz, A eredua baztertu beharrekoa dala uste dau, argi eta garbi geratu da A ereduak ez dauela gitxieneko helburua be beteten eta legeari kontra egiten deutsala.
Gaur plazaratutako adierazpenean, inbersinoak eskatzen ditue, azpiegiturak hobetzeko be bai. Eraikin barriak behar dira hainbat lekutan, edo erreforma sakonak, azaldu dau Etxaburuk eta esangura horretan, materialea erosteko, teknologia barriak ikasgelara eroateko eta abar, inbersinoa behar dogu. Erakunde publikoen zein eskola publikoko eragileen erantzunkizuna gogoan hartu ditu, geuk be ikasi behar dogu daukaguna ondo kudeatzen. Helburua, kalidadezko eskola publikoa da. Behin adierazpena aurkeztuta, gizartearen ekarpenen zain dagoz EHIGE, BIHE eta Sarean, dokumentu zabala da hau, hezkuntzearen alorrean esateko zeozer daukien guztien eretxiak entzun nahi doguz. Adierazpena osorik irakurteko, hona jo behar da: www.euskaleskolapublikoa.eu
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!