Ramuntxo Bidart: 'Kulturearen bidez, herriari mobidu eragin nahi deutsagu'
2012-04-27 15:25 BarriketanBasaizea alkarteko lehendakaria
Domekan, apirilaren 29an, Nafarroaren Eguna ospatuko da Baigorrin (Nafarroa Beherea). 1979tik, nafar guztien urteroko jaia da hori eta Hegoaldeko zein Iparraldeko milaka lagun batzen dira. Baigorriko Basaizea alkartea da antolatzailea. Bizkaie!-k Ramuntxo Bidart lehendakariagaz egin dau berba, Nafarroaren Egunaz, alkartearen zereginez, euskerearen geroaz eta abar. Basaizeak zuzendaritza barria daukanez, urduri baina gogotsu topau dogu Bidart. Beragaz batera, Maialen Galleras eta Bixente Hirigarai kideak be egon dira alkarrizketan, galdera batzuk hiruren artean erantzun ditue.
1.- Zer da Basaizea alkartearentzat Nafarroaren Eguna?
Nafar guztion jaia da, ezarritako muga guztien ganetik, Baigorrin zein Iruñean eta Tuteraraino, danok anai-arrebak garela adierazoteko eguna. Euskal kulturearen jaia be bada, nafar izatea euskaldun izatea dala uste dogu.
2.- Nafarroa Garaia eta Beherea banatzen dituan mugea hor dago; gero eta gehiago banatzen zaitue ala gitxiago?
Guk jokatzen dogu muga hori ez balego legez, baina errealidade bat da. Guri frantziar kultureak eragiten deusku, bestaldean Espainiakoak. Baina gu ahalegintzen gara muga hori gainditzen, hartu-emonak sortuz, esaterako hango jantza taldeak hona ekarrita, eta alderantziz.
3.- Nafarroa Garaiagaz ez eze, Bizkaiagaz be badaukaz hartu-emonak Basaizea alkarteak...
Bai, hartu-emon oparoak, batez be Lekeitioko herriagaz. Urtean behin, Ipar Euskal Herriari buruzko ekitaldiak egiten dira han eta gu urtero joaten gara. Lekeitiarrak be etorten dira geurera lantzean behin eta Nafarroaren Egunean, adibidez, lagundu egiten dabe. Nafarroaren Egunera, gero eta bizkaitar eta gipuzkoar gehiago etorten dira, baina halandabe, Hegoaldean gure jardunaren barri hobeto zabaltzeko bideak topau nahian gabilz.
4.- Zelan hasi zan Nafarroaren Eguna?
Herritar talde bat hasi zan, berton Baigorrin, 1979an. 200 edo 300 lagunek lagundu eben eta harrezkero, urtero egiteko ohiturea dago, beti Baigorrin. Basaizea alkartea 1981ean sortu zan, Nafarroaren Eguna antolatzeko ardurea hartzeko.
5.- Baina Basaizea Nafarroaren Eguna baino gehiago da, ezta?
Bai, bai. Nafarroaren Egunaren aurreko asteetan, urtero Kulturaldia egiten dogu Baigorrin. Aurten, Nafarroaren konkistea izan da Kulturaldiko gai nagusia, 500 urte bete dira-eta. Basaizearen ardurea da, era berean, urte osoan herriko kultur mobimentua bizirik mantentzea, kultur ekitaldiak antolatzea. Hilean behin merkatua egiten dogu, lekuko produktoreei mozkinak emoteko, inauteriak, bertsoak, kirol ekitaldiak eta abar gure ekimenez egiten dira Baigorrin. Udan umeekaz udalekuak eratzen doguz inguruotan, gaztetxuek be euren herriaren historia eta bazterrak ezagutu daiezan, euskeraz. Ikusi daiela hamen badagoala biziterik, etorkizuna dagoala Nafarroa Beherean.
6.- Zeintzuk dira Basaizearen helburuak?
Batez be, gu kultur alkartea gara. Saiatzen gara herriari mobidu eragiten euskal kulturearen bidez. Publiko zabal batera heltzen ahalegintzen gara, umeak, gazteak, helduak eta helduagoak.
7.- Zenbat jente zabilze Basaizean?
Hamar bat gara, baina laguntzinoa behar dogunean, herritar asko batzen jakuz. Esate baterako, Nafarroaren Egunaren moduko ekitaldi handiak preparetako orduan, elektrikari, igeltsero eta abarrek laguntzen dabe, Basaizea alkarteko bazkide diranak eta euren aletxua ipinteko gogoz dagozanak. Gaur egun, antolakuntzeak huts egiten dau batzuetan: Basaizean gabilzan kideotako asko lanean hasita gagoz edo Bordelen, Tolosan ikasten, eta alkar ikusteko arazoak daukaguz. Horretan lan handia egin behar dogu.
8.- Basaizea alkartea orain arte gidatu dauen taldetxuak lekukoa pasau deutsue aurten. Zuek 20 urte bete barri dozuez, ardura handia da?
Egia esan, Basaizean beti egin izan da bardin, belaunaldi barriei erantzunkizuna emotea. Guri be, era naturalean heldu jaku momentua. Aurrekoek hamar urte inguru egin zituen Basaizea gidatzen eta orain gure txandea dala ulertu eragin deuskue. Ardurea hartu dogu, baina hau ez da barria guretzat, aurreko urteetan be laguntzen ibili gara. Aurrekoek babestu gaitue, zalantzak izan doguzanean, alderdi teknikoan, tresnak itxi deuskuez, beti hor izan dira. Lan handia da baina ondo egokitu gara, kontaktuak egin doguz gure adinekoakaz, Nafarroa osoan. Antolakuntzan akats batzuk izan doguz, lehenengo urtean gagozalako, gauza batzuk goizegi egiten doguz, beste batzuetarako denporaz estu ibilten gara, baina eskarmentua hartu ahala horreek konponduten joango gara.
9.- Basaizea alkarteak lehendakari bi daukaz (Maialen Galleras eta Ramuntxo Bidart), bitxia da lehendakari bi batera izatea ezta?
Inguruotan gero eta ohikoa bihurtzen dabil. Lehendakari bi eukita, ardurak banatu leitekez eta antolakuntzan asko laguntzen dau horrek. Ganera, erabagi guztiak persona bakar baten ikuspegiaren arabera ez dira hartzen.
10.- Basaizea alkartearen beste parte garrantzitsu bat egoitzea da, Bixentaenia etxea. Zelakoa da?
Aurreko belaunaldietako Basaizeako kideek euren ahaleginez eskuratu, konpondu eta zabaldutako gunea da, jagon beharreko ondasuna beraz. Basaizearen bulegoak dagoz Bixentaenian eta behean ostatua [tabernea] dago. Etxe hau euskaldun guztien bilgune izatea nahi dogu. Baigorrin, herri nahiko euskalduna dan arren, batzuetan gatxa da euskeraz bizi ahal izatea edo euskaldunak topetea, presentzia publiko txikia dauka, horregaitik, euskaldun guztiek alkar topetako etxea Bixentaenia da.
11.- Basaizea alkartearen etorkizuna zelan ikusten dozu?
Baikorrak gara, gure belaunaldiaren txandea da orain. Hartu-emon barriak eginaz, ikusgarri barriak nahi geunkez ekarri hurrengo urteetarako, eta Hegoaldera ahal bezainbat begiratu. Nafarroaren Egunari jagokonez, euskal kulturearen eta izatearen ospakizuna da, beraz ez da geratzeko sasoia, aurrera segidu behar da.
12.- Eta euskerearen geroa?
Gero eta gazte gehiago dagoz ikastoletan, etorkizunerako hori garrantzitsua da. Alkartearen helburuetako bat da euskera hutsean lan egitea, hartu-emon guztiak geure artean euskeraz egitea. Egia da, bestetik, gure inguruan, euskereak zailtasunak daukazala. Hori bai, gero eta jende gehiago euskeraz ikasten hasten da, giroa lasaitu egin da euskerearen inguruan, ez da gehiago mamua balitz legez ikusten. Orain arte, Ipar Euskal Herrian, militantzia kontua izan da jente aurrean euskeraz berba egitea eta kontua badoa normalizazino batera. Onarpen bat badago eta euskerea jakin barik be, jentea hurreratzen da euskerara, euskal kulturara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!