Yolanda Arrieta: 'Bizenta Mogel bere sasoirako emakume oso aurrerakoia izan zan'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-03-12 12:04   Barriketan

Idazlea

Yolanda Arrieta idazleak urteak daroaz idazketa eta sorkuntza tailerrak antolatzen, eta egunotan Bizenta Mogel (Azkoitia, 1782 - Abando, 1854) idazlearen lana eta bizia jorratzen dabil Bizenta Mogel: andre argi baten ikurrak izeneko berbaldi-tailerrean. Saio bi egin ditu daborduko, eta laster Markinan izango da barriro be, hilaren 30ean. Bizenta Mogelek umezaroa eta gaztaroa Markinan emon zituan, osaba Juan Antonio Mogelen etxean. Yolanda Arrieta bera Etxebarrikoa da, biok kale berberak zapaldu doguz, leku antzekoetatik ibili gara dino, idazle, itzultzaile eta beste makina bat kontutan jardun eban emakume harrigarri ha gogoratuz. Tailerraren abiapuntua Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Idazleen Alkarteak antolatutako Idazleakaz ekimena izan zan.


1.- Juan Antonio Mogel eta Peru Abarka liburua ezagutzen doguz, baina Bizenta Mogel ez da hain ezaguna, ezta?

Gaur egun jenteak ezagutzen dau apur bat Bizenta Mogel, baina gitxik lotzen dabe Markinagaz, esaterako. Azkoitian jaio zan, eta han bai, han ipuin lehiaketak eta sariketak badagoz bere omenez. Aita medikua zan Azkoitian; Bizentak urte bi eukazala aita hil, eta amagaz neba-arrebakaz batera Markinara etorri zan, osabearengana, Juan Antonio Mogelenera.


2.- Nor izan zan Bizenta Mogel? Lehenengo euskal emakume idazlea ei da...

Umetatik hainbat gairen inguruan jakin-min handia euki eban. Zortzi urte zituala, osabeak nebeari latina erakusten eutsola, eta berak be ikasi nahi ebala erabagi eban. Hasieran, Juan Antonio Mogelek ez eban gura izan, baina gero konturatu zan neskatoak aditzak erraz ikasten zituala, argia zala. Sasoi haretan baegoan Europan Ipui onak izeneko alegia sorta bat, puri-purian. Osabeak erlijinoa erakusteko erabilten zituan alegiok. Bizentak osabeak batuta eukazan testuak egokitzen eta itzultzen hasi zan. Antza, ariketa moduan emoten eutsozan ipuinok bizkaieraz, eta berak gipuzkeraz ipini zituan. Dana dala, bere lanak barritasun bat eukan: alegiak ume eta gazteentzako egokitu zituan. Bizentaren asmoa ez zan horrenbeste erlijinioa erakustea ezpada kode moral bat emotea, gauzak ondo egiteko kodea. Eta ume aberatsentzako ez eze, nekazarien seme-alabentzako be idatzi zituan ipuinok. Bizentaren eretxiz, berak txikitan entzundako ipuinak -Peru eta Marirenak, eta mota horretako kontakizunak- ez dira oso kultuak, eta horreen ordez, istorio on eta kultuak zabaldu nahi ditu; alegiak hobeak dirala pentsetan dau. Hori da bere ekarpena. Xabier Altzibar EHUko irakasleak ondo-ondo ikertu eta aztertu dau Bizenta Mogelen lana eta bizimodua. Berak astindu zituan Bizenta Mogelen ingurukoak, artikuluak idatzi zituan lehenengo, eta ostean, bere tesian be landu eban.


3.- Ikasteko gogo handia eukan Bizenta Mogelek; frantsesa ikasi eban, filosofia...

Osabearen etxean klasikoak ikasi zituan, frantsesa ikasi eban, eta filosofiaz be baekian. Ikasteko gogo handia eukan, edozer ikasteko gogoa. Ilustrazinoaren alabatzat hartu geinke; Ilustrazinoa berez aurrekoagoa da, baina Bizentak hartu-emonak euki zituan Euskal Herriko persona ilustrauakaz. Aitita Ilustrazinoko gizona izan zan. Bizenta etxe onekoa zan; zientziaren ganekoak ikusi zituan etxean, eta fedea bere bai, osabea abadea da-eta. Bere lanean ardatz biak batu ziran.


4.- Emakume berezia izan zan bere sasoirako?

Bere sasoirako emakume oso aurrerakoia izan zala uste dot. Ipui onak 1804an argitaratu eban, ordurako osabeak Peru Abarka idatzita eukan, baina kaleratu barik. Juan Antonio Mogel urte berean hil zan, 1804an, baina haren liburua ez zan 1881era arte argitaratu. Ipuin onak liburuak berbaurre bi ditu, bata irakurle euskaldunari zuzenduta. Bizenta apal-apal agiri da, bere ausardia azalduz, andrazkoa zergaitik dabilen idazten esanez. Orduan andrazkoak ez eben idazten, eta eskolatuak gitxi ziran. Emakumeek idatzi ezkero, ez eban euren izenagaz sinatzen; Bizentak, barriz, bai. Liburuaren amaieran, beste eranskin bat dago, Adigarria izenburukoa; andrazkoa izanda erropa kontuetan ibiltea baino osabea eta haren lagunen batzarretan-eta gusturago dagoala azaltzen dau. Holango emakumea izan zan.


5.- Zelan lantzen dozue idazlea bera Bizenta Mogel: andre argi baten ikurrak berbaldi-tailerrean?

Dekalogo baten antzera antolatu dot tailerra, andra argi baten ikurrak, hain zuzen be. Hamar objektu aukeratu dodaz, ikurrak sinbolizetako hamar gauza, hain zuzen be. Objektuak paketauta dagoz, parte-hartzaileek paketeak zabaldu eta objektuak agirira agertu ondoren, bertan dagoan testua irakurriko dabe; holan, danon artean, apurka-apurka, Bizentaren lana eta bizimodua ezagutzen goaz. Tailerra atontzeko iturri bat baino gehiago erabili dot: hasteko, Xabier Altzibarren lanak, artikikuluak eta tesia. Mari Jose Olaziregik idatzitako artikulu bat be erabili dot: Bizenta Mogel (1782-1854), edo euskal tradizio literario androzentrikoa pitzatu zenekoa. Euskal andrazko idazle klasikoen figuretara zelan hurreratu azaltzen dau, berrirakurketa bat egin behar dala dino, testuingurua kontuan hartuz, eta lana ez eze, egilearen biografia, sasoiko baloreak eta ideologia ahaztu barik. Ni ez naz filologoa, nik idatzi egiten dot eta idazketa-tailerrak antolatzen dodaz, jenteagaz egotea eta parte hartu eragitea gustetan jat. Datuak eta materiala batu ostean, nik neure ekarpena egin nahi izan dot tailerrean, informazinoa neure galbahetik pasau eta dekalogoaren arabera datu eta informazino hori jentearen esku ipiniz modu didaktiko eta parte-hartzailean.


6.- Bizenta Mogel emakume idazle askorentzat, edo idazle ez diranentzat be, eredu izan daiteke?

Askotan eredu edo aitzindari bila ibilten gara, gure lanbidean edo eguneroko bizimodurako. Ama edo amama zelan moldatu diran begiratzen dogu. Askotan ereduak egon badagoz; akaso, guk egin geinkezan gauza asko eurei esker egiten doguz. Uste dot hausnarketea oso garrantzitsua dala. Tailerrean gogoeta egiten ahalegintzen gara, datuak eta irudimena erabiliz, hausnartuz; tradizinoa eta historia, aldian aldiko bizidunek moldatzen eta barritzen goazen kategoriak diralako, tailer-berbaldian soka baten bidez erakusten dogun moduan. Modu honetan, danon artean jaubetzen gara euskal literaturearen historia gizonezkoek eginda, eta gizonezkoen lana ardatz hartuta, eratu dala. Hori danori Olaziregiren artikuluan azaltzen da. Horregaitik, geur egun berrirakurri egin behar dogu, gaurko ikuspegi edo irakurketa kritiko baten bidez, aitatu doguzan testuinguruko elementuak kontuan hartuta.

 


7.- Hilaren 30ean, Markinan bertan antolatu dozue tailerra, baina daborduko saioren bat egin dozue. Zelangoa izan da parte-hartzaileen erantzuna?

Lehenengo saioan 30 bat lagun batu ginan; oso ondo, gustau jaken. Harritu egin ziran, herrian bertan bizi izan zan Bizenta. Emakume argia zala, oso listie, eta arlo askotan aitzindaria izan zala konturatu ziran. Izan be, Ipui onak argitaratzez gan, beste hamaika kontutan ibili zan lanean. Markinan ezkondu eta Bilbora joan zan bizitera. Han, gizonagaz batera, hainbat lan egin zituan, berbarako, Gabon kantak batu eta asmau. Bizentak, ganera, itzultzaile lana egiten eban Diputazinoan, eta gotzaien gutunak be euskeratzen zituan. Behar asko kaleratu zituan, batzuk gorde dira, eta beste batzuk sakabanatuta dagoz. Aitaginarrebak inprentea eukan, andra-gizonek diru faltarik be ez euken, eta seme-alabarik ez eban euki. Horrek danak, seguruenik, hainbeste arlotan jardutea erraztuko eutson. Sendabedarrak erabilten ekien, ganera; ezaguna zan Bilbon hori dala eta. Bizimodu oso aktiboa izan eban Bilbon. Gizona hil zanean, oinordekorik ez eukanez, koinatuaren seme batengana pasau ziran bere ondasun guztiak. Bizentak, orduan, auzitara eroan zituan gizonaren senideak, eta irabazi egin eban. Bizentak berak ezkontzan dote moduan emondakoa eta gizonak opari lez emondakoa berreskuratu zituan. 69 urte zituan orduan, handik urte bira hil zan.


8.- Zeu idazlea izanda, zelan ikusten dozu Bizenta Mogelen lana, haren ekarpena, gaur eguneko ikuspuntuagaz?

Obra nagusi bakarra kaleratu eban, umeentzako alegiak dira Ipui onak. Alegietan beti dago ikutu moralistea, halanda guzti be batzuk niri asko gustau jataz. Lan horrek ez dauka asmo literariorik, orduan literaturea gizartea hobetzeko zerbitzura egoan. Persona hobeak egiteko aholkuak emotea zan bere asmoa, eta euskeraz erakustea. Liburuaren hasierako berbaurrea eta amaierako Adigarria benetan be garaikideak dira. Idealismo handia dago bere berbetan; gauzak apurka-apurka egin behar dirala dino, baina egin-egin behar dira, eta euskereak badaukala horretarako gaitasuna. Bizi izan eban testuingurua kontuan hartu behar dogu; testuingurua ulertu ezkero, beste modu batera irakurriko dogu bere lana, gustukoa izan edo ez, bana beste begi batzuekaz.

Erantzunak

mila 2012-04-04 22:16 Erantzuna | #1

Markinarra naiz eta Bizenta Mogeleni buruzko literatur saioan izan nintzen. Pozgarria izan da idazle emakume honen berri izatea eta bereziki Yolandak egindako saio aktiboen bidez.

Gaur irratian bizkaie-k 10 urte betetzear dagoela entzun dut eta segituan konektatu naiz internetara aspalditik ez bait izan dut web hau ikusi. Zorionak eta segi hain jator.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu