'Labayru Hiztegia'ren berrargitalpen landua, ugaritua eta aberastua kalean
2012-03-01 14:50 Euskerea berbagaiOrain zortzi urte kaleratutako Labayru Hiztegiaren berrargitargitalpen landua, ugaritua eta aberastua aurkeztu dau Labayru Ikastegiak Bilbon. Edukiak ugaltzeaz aparte, hiztegiaren itxurea be barriztau egin dabe. Danetara 75.700 sarrera nagusi, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimo batu ditue. Terminologia zientifikoaren kopurua be handi egin da, guztira 53 jakintza-arlotako 12.000 termino inguru jaso dira.
Orain zortzi urte kaleratutako Labayru Hiztegiaren berrargitargitalpen landua, ugaritua eta aberastua aurkeztu dau Labayru Ikastegiak Bilbon. Edukiak ugaltzeaz aparte, hiztegiaren itxurea be barriztau egin dabe. Aurkezpenean, Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko burua, Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, BBK Fundazinoko Gorka Martinez, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari eta Ziortza Eguren hiztegiaren arduraduna.
Labayru Hiztegiaren edukia ugaritu eta ondu egin dau ikastegiak, danetara 75.700 sarrera nagusi, 47.200 adibide eta 47.300 sinonimo batu ditue. Terminologia zientifikoaren kopurua be handi egin da, guztira 53 jakintza-arlotako 12.000 termino inguru jaso dira. Amaieran, gramatika-eranskin osotua gehitu dabe. Urteetako lanaren emoitzea da gaur aurkezten doguna, esan dau Ziortza Egurenek. Barrutik barriztau dogu, baina urreko bideari segiduz, lehengo izaereari eutsiz, ganeratu dau hiztegiaren arduradunak.
BBK Fundazinoko Gorka Martinezek hiztegiaren aurreko argitalpenak izandako harrera ona izan dau gogoan, aurreko edizinoa agortuta egoan, beharrezkoa izan da barria egitea, adierazo dau. Miren Dobaran Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak Labayruren lanak kalidadea euskalgintzan erreferente dala azpimarratu dau. Edonork erabilteko moduko hiztegia da, ikasleek, idazleek, itzultzaileek, edo beste edonork, ganeratu dau Dobaranek. Lourdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen ustez, lana txalogarria eta eredugarria da.
Hiztegiko lexiko-sarrerei jagokonez, informazinoa osotua eskaintzen dala nabarmendu dau Egurenek. Adierak, kategoria gramatikala, marka estilistikoa, adibideak, erabilera-kontestuen ganeko azalpenak, argigarri gramatikalak, sinonimoak... informazio hori guzti hori berrantolatu egin dabe egileek. Eguneroko esaldiak, esamoldeak, idazle zahart eta barrien hizkera-ekarriak... sartu doguz adibideetan, testuingurua kontuan hartu dogu, adierazo dau. Itxuraz be aldatu egin da hiztegia, gaurko egunetara egokitua aurkeztu dabe. Gaztelania-euskera hiztegiari be itxura bera emon deutsie.
Hiztegiaren lehenengo edizinoan bizkaierea eta euskerea batua batera landu zituen, edizino barria eredu biak atzera be buztartzera dator. Bizkaierea eta batua batzea, orekea topeteak lan handia emon deusku, azaldu dau.
Prentsaurrekoaren amaieran, Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak urteotan hiztegiaren inguruan beharrean ibilitako lantalde zabala izan dau gogoan. Leku askotako jentea egon da lanean, hiztegi desbardina da, berezia.
Sarean be kontsultagai dagoz hiztegiak, bai Labayru Hiztegia bai Diccionario Labayru; bitzuk ondoko helbide honetan, www.labayru.org/labayruhiztegia.html
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Ederto