Bertso Eguna -22 urte = Basilio Pujana

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-01-27 11:29   Bertsolaritzea

Bertsolari Eguna 1990 tituluagaz Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak Jose Alberdi eta Basilio Pujanari omenaldia egin eutsien. Protagonistek euren ahotik kontau eben eurentzat egina izan zan liburua. Ilusinoz hasi dot artikulua eta Zeanuriko bertsolariak aitatuak aitatuaz ilusinoz akabauko dot.

Aspaldian konturatu naz eskribiduten dodazan artikuluek noizik behinean euren lekutxoa eukiten dabela Bizkaie!-ko irakurrienen artean. Ilusino handia egiten deust, eta hiru arrazoi baino ez dodaz topau hori espliketako:

Bata, irakurleren bat nigaz enamorau eta artikuluetan sartu eta sartu ibiltea. Koadrilakoen artean preguntau dot eta hori ez da urrean; bigarrena, artikulu ederrak egiten dodazala: amari eta biori gustetan jakuz, baina ez dot pentsetan arrazoia hori izango danik… eta azkena, gero eta bertsozale gehiago dagoala hortik zehar. Ilusino handiena horrexek egingo eustan –bigarrenagaz batera–. Gitxi edo asko izan, banan-banan emongo neuskizue bostekoa irakurle bakotxari.

Sarrera narzizista horren ostean, artikulua hasi daigun. Badakizue, zapatu honetan ospatuko dala aurtengo Bertso Eguna Donostiako Kursaaleko Areto Nagusian. Halanda be, eguerdiko 12etatik hasita, bertsolariak Donostiako Alde Zaharretik ibiliko dira: hain bertsozaleak ez, baina parrandazaleak zarienontzat be aproposko plana dozue. Hementxe programazinoa.

Aproposkoa, hatan be, etxeko apal baten daukadan liburu beilegia. Bertsolari Eguna 1990 tituluagaz Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak Jose Alberdi eta Basilio Pujanari omenaldia egin eutsien. Protagonistek euren ahotik kontau eben eurentzat egina izan zan liburua. Ilusinoz hasi dot artikulua eta Zeanuriko bertsolariak aitatuak aitatuaz ilusinoz akabauko dot.

Basilio Pujana Etxeandia (1913-2005) Zeanurin jaio zan, Zulaibar auzoko Ugerka-Zelai baserrian, berak dinoan moduan, guraso umil batzuen bitartez. Errentadore umilak, langileak, baina batez be, zintzoak –estimadu eukiteko adjektiboak danak be–. Umetako eta eskolako kontuak aitatzen ditu segiduan. Hori danori hobeto aitu daizuen, laburpenik onena bere bertsopaperetatik hartutako bertsoak dira:


Nire haurtzaroa

Ugerka-Zelain agertu nintzen
mundu honetako atera,
guraso umil batzuk bitarte
Jaungoikoagaz batera,
nire aurretik etorri ziren
lau anaiaren artera,
mundu hontatik igaro eta
gero zerbait izatera.

Erderaz ginan eskolan eta
elizan, barriz, latinez,
aldi haretan beterik ginan
eta hortako mitinez.
Lezio danak buruz ikasi,
zer esan nahi dun jakin ez,
askoz hobeto egin bagendun
asto haundi bat bustunez.

Bertsozaletasuna bere amagandik jatorkon. Bertso-kantaria zan eta seme-alabei nahinon kantetan eutsiezan bertsoak: Balentin Berriotxoarenak, Gerra Europeokoak... Liburuan ez dakar, baina baten akordetan naz zelan antxinatxo, Joxe Mari Iriondok Esanak esan saioan –pentsetan dot, goizaldean ikusi neban–, alkarrizketea egin eutsan Basilio Pujanari. Bertan, Iriondok lehenengo bertsoak nori entzun eutsazan preguntau eutsan Basiliori eta berak Zeanuriko pastore bat aitatu eban: Anton. Bada, Anton hori gure amak sarritan aitatu deuskun Anton pastorea zana da, gure amaren aitita. Bertsoak gustau eta kantetan ebazala esan deusku amak betidanik. Hori jakinda, sorpresa galanta hartu neban Basilioren berbakaz.

Bertsoaren aldaketa txikerrenak be akorduan ditu Basilio Pujanak liburuan: Hemen esan behar dot, orain ikusten ez dan detaile bat, eta zaharren batzuk ezik ez ikusi ez entzungo bere egingo ebenik; bada, bertsolari bi bakarrik izaten ziren beti edo gehienetan eta patxadan plazaratzen ziren alkondara goraino lotuta, eta agur bertsoa bota ondoren gorengo botoia askatuz hasten zan saioa.

Uribeko San Migelak fiesta espezialak dira niretzat eta Basiliok bertan bota zituan bertsoak dakartzuedaz. 1934an Zeanuriko udaletxea gestora baten esku egoan eta gestora horrek ez eban itxi Uribeko Urkisteko fiestok aurreko urteetan legez ospatzen. Gauzea gehiagora joan zan eta guardia zibilek gazte bat be jo eben.


San Migelak Urkisten

Bertsolaria ez naiz ni baina,
bai bertsolarien laguna,
txarto nahi ondo jartzera noa
gaur entzule euskalduna.
Norainokoa zan ikusteko
herri gestoren zentzuna,
ta ze modutan ordaintzen eben
herrien laguntasuna.

Laguntasuna eskatu eben
ta honetan zintzo herri dana,
gero eskerrak hartzeko, barriz,
kanpotik ekarren jauna.
Gauza edertzat ez zan hartua
herri gestorak egina,
bati bakarrik ordaindutia
guztiaren ahalegina.

Hurrengo bertsoak dira Basiliok eskribidu zituan lehenengoak: Horregaitik ez dira onak izango, baina Zeanuriko herriak bere ikasi eta kantatzen ebazan. Honeik dira amak eta semeak alkarrekin egin ebezen berbak, agur eitean. Kortako ate ondoan izan zen alkarrizketa hori eta neu bere hantxe nengoan, ixil-ixilik, baina dana entzuten. Nire eretxian, lehenengo bertsoa sano ona da.


Ama eta semea. Anaia zaharrena, Markos 1926. urtean Afrikara joan zanean

Ama

Agur egiten, hemen semea
Amaren aldamenean,
sabel barruan sortua eta
hazia bular gainean.
Urte askotan bera hazteko
tarraka beti lanean,
orain gudara daroaztie
sasoirik ederrenean.

Semeak

Badakit, ama, alde egikera hau
zuretzat dala gogorra,
ta niretzat be oso astuna
era honetako lorra.
Ni enintzake hara joango
ezpalitza derrigorra,
joan ezean hartuko neunke
neurririk bako zigorra.

Akabetako, Basilio Pujanaren ganeko datu batzuk: lehenengo bertsoak 16 urtegaz kantau zituan. 36ko gerran, Ibaizabal Batailoian gudaria izan zan: Eusko Gudariak himnoaren egileetako bat da Jose Maria Garate eta Alejandro Lizasogaz batera; 1944an Pilar Arnaizegaz ezkondu eta lau seme-alaba euki zituan; 1959, 1960 eta 1964an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera ailegau zan, eta Arratiako Bertsolari Txapelketa irabazi be bai 1959, 1962 eta 1964an. Egi batzuek aixeratzen (1986), Deabruak ostutako urteak (1991) eta Oiuak (1997) liburuen egilea da.

Danak kabidu ez eta kontu asko itxi dodaz esan barik. Horregaitik, aforrau zaiteze, ze Bidegileak bilduman Basilio Pujanaren bizimodua hobeto ezagutzeko aukerea daukazue. Nik neuk gustura leidu dot atzera be Bertsolari Eguna 1990 liburutxoa.

Akorduan daukat Basilio Pujanak zelan jantzi eutsan Arratiako txapela Eñaut Intxaurragari. Hemen daukazue egun horretako erretratua. Basilio agertzen da txapeldunari zuhur begira eta ea igarten dozuen nor dan Eñauten atzean zutunik dagoan zapaduna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Agur eta ohore, Basilio! 2012-02-04 15:09 Erantzuna | #1

Aurrez aur bizi gintsoazan, baie eñoan ezetu bertsolari lez. Akorduen jekoat bera entzun ñoala lehenangoz \"San Juan bagileaaaaaa! denpora ederreeeeeaaaaan!! Zapoak eta sugeak eeeeerrrrreeeeeeeee!!...\" kantetan, baie egundo eñoan entzun bertsotan, ez bere bertsorik leidu. Eskertan doat ba artikuloa, Esne!

Gorka 2012-02-04 23:09 Erantzuna | #2

Mila esker zuri.

Gorka 2014-11-05 15:32 Erantzuna | #3

Ilusiñoz irakurri dot nere aititeri eskeinitako artikulotxo hau, errespetu eta maitasunagaz.

Mila mila esker Gorka

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu