Ume eta gazteen parte-hartzea bultzatzea dau helburu Ikusi eta Ikasi programeak aurten

Dabi Piedra Robledo 2012-01-10 13:52   Euskerea berbagai

Familia barruan, euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz antolatzen dogu zirkuitua, azaldu dau Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskera Zinegotziak. Holan, ikuskizun guztiak euskeraz dira eta gurasoentzat antolatutako tailerrak be, etxean euskerearen erabilerea zabaltzeko izaten dira.

Bilboko Udalak eta Topaguneak antolatzen daben umeentzako jardueren zirkuitua da Ikusi eta Ikasi eta, aurten, zortzigarren ekitaldia beteko dau. Urtarrilaren 16an hasita, tailerrak, jolasak eta era guztietako 31 ikuskizun eskainiko ditue martira arte, Bilboko auzo etxeetan.

Familia barruan, euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz antolatzen dogu zirkuitua, azaldu dau Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskera Zinegotziak. Holan, ikuskizun guztiak euskeraz dira eta gurasoentzat antolatutako tailerrak be, etxean euskerearen erabilerea zabaltzeko izaten dira. Bilbo gero eta euskaldunagoa da eta urian gero eta euskera gehiago entzutea nahi dogu, umeak dira uriaren eta gure hizkuntzearen etorkizuna, ganeratu dau Anuzitak.

Belaunaldien arteko hiru sukaldaritza tailer antolatuko ditue aurten, igazko saioak arrakastea euki ebala ikusita. Umeak eta gurasoak, alkarregaz jardungo dira sukaldean, jateko dibertigarriak preparetan. Helburua ez da sukaldean ibilten erakustea, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak modu atseginean sendotzea baino, azaldu dau Iñaki Uribe sukaldariak, tailerra zuzenduko dauenak. Begoña, Deustua eta Castañoseko udaltegietan belaunaldi arteko sukaldaritza tailer bana egongo da. Ganera, urtero legez, gurasoentzako ikastaro laburrak be antolatu ditue, Iñaki Eizmendiren eskutik. Aita eta ama erdaldunei laguntzinoa emongo deutsie, umeei euskerazko etxeko lanakaz zelan lagundu jakiteko.

Ez doguna nahi da, gurasoen zeregina umeak eroan eta ekartera mugatzerik, azpimarratu dau Aritza Escandon Topaguneko kideak, aita-amak be programazinoaren parte izatea nahi dogu, partaide aktibo izatea.

Dana dala, urtero legez, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako jarduerak izango dira Ikusi eta Ikasi zirkuituaren ardatza. Urtarriletik martira, 31 ikuskizun izango dira; antzerkia, pailazoak, magia, txotxongiloak, ipuin kontalariak eta abar. Umeak ez dira ikusle hutsak izango, parte-hartzea bultzatuko daben jarduerak izango dira danak, azaldu dau Aritza Escandonek, ganera, uste dogu programazino orekatua izango dala, gustu guztietarako artistak aukeratu doguz.

Begoñako udaltegian, martitzenetan egongo dira ikuskizunak, zortzi guztira. Eguaztenetan, Indautxuko Karmen aretoan lau saio eta Zamakola, Zurbaran eta Errekaldeberri eskoletan bana egongo dira. Eguenetan, barriz, Tiboli eta Bilborock aretoetara joko dau Ikusi eta Ikasik. Amaitzeko, zapaturo, Deustuko udaltegian egongo dira zirkuituko jarduerak. Igaz, gitxigatik ez ziran heldu 6.000 ikusleko markara eta, aurten, zifra hori gainditzeko esperantzea dauka Topaguneak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu