Sekretuak, amesak eta maitasuna, Mikel Alviraren nobela barrian
2011-12-13 14:45 KultureaEleberri fresko eta arina da, argi asko emon nahi izan deutsat, ez dot lan dramatikoa egin nahi izan, azaldu dau Mikel Alvirak. Halandabe, misterioa eta sekretuak ez dira falta.
Llegara la lluvia eleberrian, Bizkaiko kostaldeko herri txiki batera eroango gaitu Iruñeko idazleak, eta hango pertsonaiak ezagutuko doguz, bai 1910ean bizi ziranak eta baita 1980koak be. Izan be, alkarregaz lotutako kontakizun bi tartekatzen dira nobelan, 70 urteko aldeagaz. Eleberri fresko eta arina da, argi asko emon nahi izan deutsat, ez dot lan dramatikoa egin nahi izan, azaldu dau Mikel Alvirak. Halandabe, misterioa eta sekretuak ez dira falta.
1910ean, Fernando Uribek Santa Elenako faroa erosten dauen momentuan hasten da kontakizuna, Bizkaiko kostaldeko herri baten (ez da zehazten zein dan). Fernando, modernidadean sinisten dauen gizona da, hegazkinakaz obsesionauta dago. 1980an, itsasargia hotela da eta Fernandoren iloba Nando da jaubea. Bikote ingeles bat denporalditxo bat igaroten etorri da hotelera. Alkarregaz lotutako istorio bi dakarz, beraz, Llegara la lluvia eleberriak. Fernando eta Nandoren inguruan eratu dot kontaketea, baina pertsonaia asko sartu dodaz, azaldu dau Mikel Alvirak. Maitasun kontuak, jazoera korapilotsuak, jentearen arteko hartu-emonen eta komunikazinoaren ganeko gogoetak dakarz Alvirak. Ganera, bai 1910eko istorioan eta bai 1980koan be, testuinguru politikoak garrantzia dauka, azpimarratu dau idazleak.
Maitasunezko eleberria da Llegara la lluvia, baina zentzu zabalean, maitasuna alderdi guztietatik begiratuta, amodioagaz lotua zein heriotzea eta denporea gainditzen dituana; edo maitasun debekatua, dino Mikel Alvirak. Formeari jagokonez, esan beharra dago poesia be tartekatu dauela idazleak, olerkien bidez istorioa aberasten dau.
Erronka nagusi bi euki ditu Mikel Alvirak nobelea idazteko orduan: batetik, nobelearen egituran ahalegin berezia egin nahi izan dau, eta hortik dator sasoi bitako istorioak eleberri bakarrean batu izana. Zer kontetan dan bai, baina zelan eginda dagoan be garrantzitsua da, aitatu dau, 70 urtek banatutako istorio bi dagoz eta biek alkar elikatzen dabe, egitura aldetik gatxa da erronka hori.
Alviraren bigarren erronkea, gizakien arteko komunikazinoa aztertzea izan da, pertsonaiek sekretuak daukiez eta horrek baldintzatu egiten dau istorio osoa. Sekretuen barri daukan bakarra irakurlea da baina, edozelan be, kontakizunaren amaierara arte ez dira misterio guztiak argitzen. Mikel Alviraren esanetan, geure buruaz esaten doguna jagotea funtsezkoa da gizarte honetan eta pertsonaiek gogoan daukie hori.
Bere buruari ipinitako erronka biak gainditu ditualakoan dago Mikel Alvira, nobeleagaz gustura geratu da. Durangoko Azokan, ganera, bost ordu eta erdi egon zan liburuak sinatzen eta, beraz, irakurleen harrereagaz pozik dago. Gaur goizean Bilbon eta arratsaldean Iruñean ditu aurkezpenak. Etorkizunari begira, bestalde, nondik joko dauen ez dauka garbi idazleak, istorio batzuen hasierea idatzita daukan arren. Ni sortzailea naz, idazlea baino gehiago, inspirazinoak agindu ahala joaten naz sortzen, kalkulu barik; hortaz, hurrengo zer egingo dodan ezin dot jakin, izan leiteke nobelea edo poesia edo batek daki.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Arraroa begitandu jat Bizkaie! honetan erderaz idatzitako nobela baten barri emotea.
Bes