Antartika izango da BBKren Mendi Asteko protagonistea aurten

Dabi Piedra Robledo 2011-12-02 14:48

Ehun urte dira gizakia Hego Polora heldu zala eta sasoi haretako espedizinoak zein gaur eguneko abenturak batu ditue gaurtik aurrera ikusgai dagoan erakusketa baten, Bilboko BBK Aretoan. Ganera, urtero legez, mendiari lotutako berbaldiak eta proiekzinoak egongo dira, abenduaren 12tik 16ra. Mendi Astea biribiltzeko, Pagasarri Martxa antolatu dabe, hilaren 18rako.

Ehun urte dira gizakia Hego Polora heldu zala eta sasoi haretako espedizinoak zein gaur eguneko abenturak batu ditue gaurtik aurrera ikusgai dagoan erakusketa baten, Bilboko BBK Aretoan. Ganera, urtero legez, mendiari lotutako berbaldiak eta proiekzinoak egongo dira, abenduaren 12tik 16ra. Mendi Astea biribiltzeko, Pagasarri Martxa antolatu dabe, hilaren 18rako.

Roald Amundsen norvegiarra 1911ko abenduaren 14an heldu zan Hego Polora. Robert Falcon Scott britainiarra be helburu beragaz abiatu zan baina, 1912ko zezeilean Hego Poloa zapaldu ebanean, Amundsenek itxitako Norvegiako banderea topau eban. Hori gitxi ez eta bueltako bidean hil zan Scott, espedizino kideakaz batera. Sasoi beretsuan, Ernest Shackletonek gidatutako taldeak alderik alde zeharkatu eban Antartida, historian lehenengoz. Hiru abenturen ganekoak, azalpen biografiko, argazki eta mapen bidez erakusten ditue BBK Aretoan. Scott eta Amundsenen arteko lehia, espedizinoetako bizipenak eta une latzak, agirian geratzen dira.

Horrezaz ganera, Antartikan egindako beste ikerketa batzuen barri emoten da eta gaur egunera be eroaten gaitu erakusketeak. Izan be, Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo Antartika alderik alde zeharkatzeko ahaleginean dabilz asteotan. Antartikako zeharkaldia preparetako, Groenlandian ibili ziran hirurak udabarrian eta orduko azalpenak eta erabilitako jantzi eta lerak ikusgai dagoz.

Jeronimo Lopez mendizale eta geologoa da erakusketearen komisarioa. Lopez, zortzimilako mendi bat igon eban lehenengo espainiarra izan zan eta eskaladan be lorpen handiak ditu. Bilboko erakusketarako une aproposa dala uste dau, alde batetik, ehun urte dira Hego Polora gizakia heldu zala eta, bestetik, Iñurrategi, Zabalza eta Vallejoren espedizinoa dago. Erakusketearen formatuari buruz, honakoa esan dau Lopezek: irudien bidez erakutsi nahi izan doguz Antartikarako espedizinoak, mapak, argazkiak, ikusentzunezkoak eta abar; baina azalpen biografikoak be garrantzitsuak dira. Amundsen, Scott eta Shackletonek antzeko helburuagaz antolatu zituen Antartikara espedizinoak, baina Jeronimo Lopezen ustez, izakera desbardina eukien, Amundsen helburua arin eta ondo bete zalea zan, Scottek naturea ikertzeari garrantzia emoten eutsan eta Shackleton lider hutsa zan, nortasun sendokoa, Antartikan gorriak igaro eta biziraun egin eban.

Jeronimo Lopez aditua da Antartikaren inguruko gaietan, kontinente bakartia, latza, urruna da oraindik, baina gaur egun, datu asko daukaguz. Antartida, nazinoarteko alkartasunaren sinbolo dala uste dau eta ingurumenarena be bai, miraria emoten dau, baina hango aberastasun guztiak babestuta dagoz eta nazinoartea ados dago mineralen ustiapena ez abiatzean, Antartika altxor naturala da.

Antartikari buruzko erakusketea, BBK Aretoan dago abendu osoan. Ganera, hilaren 12tik 16ra, Mendi Asteko berbaldi eta proiekzinoak egingo ditue. Javier Alonso Aldama mendizale ohi eta irakasleak gidatuta, 30eko hamarkadako Erronka filma eskeiniko dabe, harribitxia da film hori, zine klasikoa eta mendiko kultura buztartzen ditu, azpimarratu dau Juanjo San Sebastian Mendi Asteko arduradunak. Gerlinde Kaltenbrunner alpinistea be Bilbon izango da, estiloagaitik nabarmentzen dan mendizalea da, hamalau zortzimilakoak igo dituan bigarren emakumea da, baina oxigeno barik egin ditu igoera guztiak, dino San Sebastianek. Leo Houlding-ek luzemetraia bat aurkeztuko dau, Houlding mendizale zoroa eta arduratsua da era berean, bere proiektuek ezinezkoak emoten dabe hasieran, baina zentzun handiz egiten dau dana. Bestetik, Walter Bonattiri omenaldia egingo deutsie.

Hilaren 18an, Pagasarriko mendi martxea egingo dabe, aurten 21. aldiz. Txango horren ganeko informazino zabalagoa aurrerago emoteko asmoa dauka BBK-k, baina edozelan be, Mendi Astearen eta Pagasarriko hitzorduaren ganeko datu asko helbide honetan topauko doguz: www.bbkmendia.es

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu