Trikitixea eta pop musikea bat eginda, Gaizka Peñafielen lan barrian
2011-11-25 14:48 MusikeaLagunartean izenburuko diskoa kaleratu dau Txorierriko musikari gazteak, publiko guztiei zuzendutako doinu fresko eta heterogeneoz osotua. Kantak idatzi, abestu eta trikitixea jo, danetarik egiten dau lan honetan Gaizka Peñafielek, baina kolaborazino ugari euki ditu, Kepa Junkera eta Xabi Solanorena tartean.
Lagunartean izenburuko diskoa kaleratu dau Txorierriko musikari gazteak, publiko guztiei zuzendutako doinu fresko eta heterogeneoz osotua. Kantak idatzi, abestu eta trikitixea jo, danetarik egiten dau lan honetan Gaizka Peñafielek, baina kolaborazino ugari euki ditu, Kepa Junkera eta Xabi Solanorena tartean.
Bigarren diskoa da hau Peñafielentzat, Ekidazu diskoa kaleratu eban-eta orain dala urte batzuk. Lagunartean, baina, lehenengo disko osoa dau, besteak bospasei abesti baino ez zituan. Oraingoan, hamar kanta dakarz lezamarrak, disko heterogeneoa da, kanta batzuk suabeak dira, beste batzuk biziagoak, azaldu dau Gaizka Peñafielek. Edade guztietako jentea erakartea be espero dau, abesti batzuk egokiagoak izan leitekez gazteentzat, beste batzuk helduentzat eta, akaso, doinuren bat aitita-amumei gustauko jake gehien, danetarikoa dago.
'Pop erako diskoa da batik bat; trikitixeagaz folk ikutua be badauka, baina nik garbi daukat pop doinuak nagusi dirana, azaldu dau Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko arduradunak, Bilbon egindako aurkezpenean. Gaizka Peñafieli buruz, jentea erakarteko daukan gaitasuna azpimarratu dau Aizpuruk, goi mailako kolaboratzaileak bere proiektuaren inguruan batu ditu.
Kepa Junkerak eta Xabi Solanok trikitixea jo dabe kanta batzuetan eta Esne Beltza taldeko kideak, ganera, abestu be egiten dau Itsasargia abestian. Beñat Gaztelumendi bertsolariak be lagundu deutso Peñafieli, abestietako letrak txukundu eta beste ikuspegi bat emoten. Lezamarra bakarlaria da izatez, ez dauka talde finkorik eta, horregaitik, beste hainbat musikarik be kolaborau dabe. Horrenbeste jente batzeak aberastasuna emon deutso diskoari, 'kolaboratzaile bakotxak bere izakerea eta sentimenduak sartu ditu, azpimarratu dau Gaizka Peñafielek. Hori bai, uda osoa behar izan eban grabazinoa egiteko, musikari guztiak batzea ez da erraza. Lagunartean, diskoaren izenburua, lagundu deutsien guztien omenez aukeratu dau. Dana dala, bereziki Asier Olazarri eskaini deutso, hasieratik berak bultzatu nau diskoa grabetan eta momentu gatxetan be, beti ibili da ni babesten, proiektu honetan sinistu dau Asierrek.
Izan be, Gaizka Peñafiel musika-irakaslea da izatez eta ia ezustean sortu jakon diskoa plazaratzeko aukerea: Abesti bat idatzi eta musikea ipini ostean, ondo geratu zala konturatu nintzan; gero, egun gitxian, sei-zazpi abesti barri egin nituan, eta hortik disko serioa urten ahal zala ikusi genduan egitasmoaren ingurukook, gogoratu dau. Trikitixea joten dau Peñafielek diskoan, horrek emoten deutso nortasuna eta indarra lanari, beraz harrigarria da jakitea, hasierako kantak gitarreagaz sortu zituala. Bat-bateko diskoa da, freskoa eta naturala, egilearen eretxiz.
Kalean da, beraz, Gaizka Peñafielen Lagunartean diskoa, 'sentimenduz egindako lana, diskoa baino gehiago eskaini nahi izan dogu. Holan, argazkiz, diseinu txukunez eta Juan Luis Goikoetxearen hitzaurre ederraz horniduta dator CD-a, mimoz jagon doguz detaile guztiak. Zuzenean joteko aukerea be ez dau baztertu Lezamako musikariak, lehenik eta behin, diskoak ze bide egiten dauen ikusiko dogu eta, gero, zuzenekora zelan eroan aztertzen hasiko gara' zehaztu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Eskerrik asko Dabi hain ondo adierazteagatik eta laburtzeagatik esandakoa.