Ikuskizun bi Garbiel Aresti autortzeko
2025-11-26 12:39 MusikeaLehenengo ikuskizuna BBK Aretoan izango da, abenduaren 4an, 19:00retan.
50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zala. Holan, egitaraua atondu dau Euskaltzaindiak haren urian, XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izan zana autortzeko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibersidadeko Gabriel Aresti Katedreagaz, Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koral Elkarteagaz alkarlanean atondu dau egitaraua, Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazinoaren babesa dauela.
Bagilean estreinau zan egitaraua Bilboko Txistularien Bandearen kontzertu eder bategaz. Horrezaz gan, jardunaldi, liburu-aurkezpen eta kontzertu emon zituen. Abendurako, Euskaltzaindiak kontzertu bi atondu ditu Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Aurkezpenean parte hartu dabe Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Carmen Martínez Guerra Bilboko Koral Alkarteko kudeatzaileak, Joxan Goikoetxea musikariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Lehenengo kontzertua (Gabriel Aresti Mug(H)arri) abenduaren 4an izango da, BBK Aretoan (19:00retan). Joxan Goikoetxea musikariak Aresti autortzeko propio sortutako ikuskizuna da Gabriel Aresti Mug(H)arri. Sorkuntza eszenikoan berben eta melodien arteko alkarrizketa garaikidea emongo da, Gabrielen pensamendua, estetikea eta iruditeria ideologikoa bizibarritzeko asmoz, aurreratu dau musikari gipuzkoarrak. Goikoetxeak EusKameratako kideekaz (Beñat Egiarte, Amaia Azkue, Xabier de Felipe eta Xabi Paya) batera izango da oholtza gainean.
Bigarren kontzertua abenduaren 10ean izango da, Arriaga Antzokian, 19:30ean. Bertan, euskal kantutegiko abesti ugari interpretauko dira, esaterako, Arestik berak idatzitako batzuk. Oholtza gainean izango dira Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Alkarteko Euskeria Abesbatza. Maiak Nire aitaren etxean inspirautako bertsoa botako dau eta Euskeria abesbatzak euskal kantutegiko abesti ezagunak interpretauko ditu, esaterako: Zeruan eder ilargia (Aita Donostia), Maitia nun zira (José Uruñuela), Aitarik ez dut (Errobi) edo Lau teilatu (Juan Carlos Pérez). Amaitzeko, Rafa Rueda musikariak Arestiren berbekaz egindako lau kanta joko ditu: Preso gaudenon ahoetatik, Nire izena, Bilbaoko kaleak eta Egia bat esateagatik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
