Xabi Aburruzagak 'BASK' disko barria aurkeztu dau Bilbon
2025-11-27 08:19 MusikeaBidean egindako etenaldia, atzera begiratzeko modu bat, bidean aurrera jarraitzeari itxi barik.


Diskoak urte biko bizipen, hausnarketa eta etenbako ikaskuntzearen emoitza diran konposizino barrak batzen ditu. Sortze-prozesu honen erritmo berean jaiotako piezak dira, trikitixearen eta gure sustraiek zehazten daben tradizino biziaren taupadatik jaioak.
BASK Xabi Aburruzagaren zazpigarren diskoa da eta bere ibilbideko lanik osotuena eta landuena dala sentiduten dau. Izenak Bask eta Basque berbak lotzen ditu, gure sustraiakaz hartu-emon zuzenak eginez, eta aldi berean to bask ingelesezko adiereagaz bat egiten dau (gozau): erroetatik edaten dauen euskal musikea gozetako sortua. Hamahiru konposizino barri dira —testudunak sei eta instrumentalak zazpi—, urte bitako inspirazino, bizipen eta bilakaerearen emoitza. Prozesuan Kalakan, Mikel Markez, Xabier Zeberio, José Urrejola, Xabier Díaz eta Thaïs Morell lako artistek parte hartu dabe. Berbak Iñaki Aurrekoetxeagaz eta Xabier Payagaz landu dira eta lana Trikileku estudioan produzidutakoa eta grabautakoa izan da, Unai Mimenzaren gidaritzapean. Masterizazinoa Berlinen egin da Mike Grinseren eskutik eta diseinua Josu Torrealdayk sortu dau.
Entzun bideoklip barria: Trik it easy.
-BASK- izenaren muina
Izenak berak adierazoten dau lanaren esentzia: ingelesez gozau esan nahi dau eta sortzearen olgeteagaz, tradizinoan zeozer barria topetako emozinoagaz eta bide barriak marrazteko pasinoagaz lotuta dago. Era berean, Basque berbeagaz dauen hurbiltasun fonetikoak gure nortasunagazko loturea azpimarratzen dau.
Diskoa mundu biren arteko zubia da —eusten deutsona eta aurrera bultzatzen dauena—, eta sorkuntza barri bat, sentiduteko, arnasa hartzeko eta gozetako gune bat proponiduten dauena.
Xabi Aburruzagak eskerrak emon nahi izan deutse sortze-bidean lagun izan dituan guztiei: eskerrik asko bide honetan laguntzeagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
