Urduñako konzentrazino eremuan jazotakoak aztertu ditu Joseba Egigurenek liburu batean

Dabi Piedra Robledo 2011-10-18 15:47

Prisioneros en el campo de concentración de Orduña (1937-1939) izenburua ipini deutso ikerketa-lanari Joseba Egigurenek, eta orain arte ia aztertu barik egon dan gaiari heldu deutso. Urduñako kontzentrazino esparruaren ganeko lehenengo ikerketa monografikoa da hau, zehaztu dau egileak. Han egon ziranen testigantzak eta artxiboetako datuak batuz, 1937tik 1939ra zabalik egon zan eremuko bizimodu eta baldintza latzak agirian geratu dira Ttarttalok argitaratutako liburuan.

Prisioneros en el campo de concentración de Orduña (1937-1939) izenburua ipini deutso ikerketa-lanari Joseba Egigurenek, eta orain arte ia aztertu barik egon dan gaiari heldu deutso. Urduñako kontzentrazino esparruaren ganeko lehenengo ikerketa monografikoa da hau, zehaztu dau egileak. Han egon ziranen testigantzak eta artxiboetako datuak batuz, 1937tik 1939ra zabalik egon zan eremuko bizimodu eta baldintza latzak agirian geratu dira Ttarttalok argitaratutako liburuan.

Urduñako kontzentrazino esparrua 1937ko garagarrilean zabaldu eben, batez be gerrako fronteetan (Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako guda-zelaietan batik bat) frankistek harrapautako miliziano eta gudariak pilatuteko. Urduñakoa ez zan esterminio-gunea, hau da, helburua ez zan etsaia akabatzea; Urduñan, presoak sailkatu, barriro hezi eta beste gune batzuetara bialtzea zan helburu nagusia, azaldu dau Joseba Egigurenek. 50.000 pertsona inguru pasau ziran handik, gehienak miliziano eta gudariak, baina baegozan sekula be armarik hartu bako zibilak, tartean adin txikikoak eta agureak, ganeratu dau. Gehienek aste batzuk baino ez zituen igaro Urduñan, gero beste leku batera eroaten zituen.

Urduñako kontzentrazino eremuko bizi-baldintzak benetan gogorrak zirala aztertu Joseba Egigurenek, gosea, indarkeria eta miseria egon ziran han. Ganera, presoak, behartutako lanak egiteko erabilten zituan erregimenak, herri lanak askotan, baina obra pribaduak bere bai: Urduñako sinboloa, Txarlazo mendiko Antiguako Amaren irudia, presoek konpondu eben. Urduñako Udalak dirua irabazten ei eban kontzentrazino esparruari esker, preso bakotxaren truke dirua emoten eutsan faxisten gobernuak eta dobako beharginak be baziran Udalarentzat, azaldu dau egileak.

Kontzentrazino eremua Urduñako jesuiten ikastetxea izan zan eraikinean atondu eben faxistek (Jose Antonio Agirre Lehendakariak han ikasi eban gaztetan). Leku aproposa zan, alde batetik, hutsik egoalako, 1932an jesuitak kanporatu egin zituen eta. Bestetik, azpiegitura ona eta horma sendoak eukazan eraikinak, eta ganera, Urduña leku urruna da, baina trenaren bidez frontetik presoak ekartea erraza zan, esan dau Egigurenek.

Datu ofizialen arabera, 24 preso hil ziran Urduñako eremuan, baina Egigurenek nabarmendu dauanez, testigantzak entzunda, susmoa daukat askoz gehiago hil zirala han, baldintzak negargarriak ziran eta zoritxarrez ez da gorde datu zehatzik. Informazinoa batzeko orduan, arazoak euki ditu, holako eremu handi batek, derrigorrez dokumentuak sortu behar ditu, baina non dagoz? Batek daki. Artxibo militarretan eskuratu ditu datu gehienak, informazinoa tantaka eta sakabanatuta topau dot.

Dana dala, liburuko informazino iturririk garrantzitsuena han egondakoen testigantzak dira. Guztira, bederatzi lagun topau ditu, gazteak zirala Urduñan preso egon eta bizitakoa kontetako prest egon diranak. Interneten bidez eta han eta hemen bilatuta lortu dot eurekaz harremona egitea eta gehienek bizitakoa kontetea erabagi dabe, gogorra egin jaken arren; Urduña miseriaren eta gosearen sinbolo da eurentzat, gomuta bizi-bizia daukie, azaldu dau egileak. Gaur egun persona nagusiak dira lekuko guztiak, testigantza bizia galdu baino lehen ikertu beharreko gaia izan da hau, lekukoek ikuspegi humanoa emoten deutsie gaiari, artxiboetako hoztasunaren aurrean.

Joseba Egiguren Laudiokoa da izatez, baina Urduñan bizi da. Gure herrian kontzentrazino esparrua egon zala jakin nebanean, harrituta geratu nintzan, informazino gitxi emon izan da horren ganean, ia ezer ez egoala konturatu nintzan, azaldu dau. Horregaitik, urte biko ikerketan sartu eta orain, Ttarttalo argitaletxearen eskutik liburua plazaratu dau, Prisioneros en el campo de concentración de Orduña (1937-1939). Zabalik egon zan urte bietan, han bizitakoa krudela izan zan. Preso bat kolpeka hil eban jagole batek, lekukoen arabera, azpimarratu dau egileak. Hori guztiori gizarteari helarazotea da Joseba Egigurenen asmoa, orain arte isilpean egon dana argitara ataratea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu