Bizkaiko hamaika herritan ikusi ahal izango dira Ertibil arte lehiaketako obra aukeratuak
2011-05-26 15:47 KultureaErtibil erakusketa ibiltarirako aukeratutako hogei lanak, hiru irabazleak eta 17 hautatuak, ikusgai dagoz Bilboko Errekalde Aretoan eta datozan asteetan Bizkaiko beste hamar herritan be egongo dira.
Dagoeneko 28. ekitaldira heldu da Ertibil, Bizkaiko Foru Aldundiak gazteentzat antolatzen dauen arte-lehiaketea. Aurtengoan, aurkeztutako lanen kalidadea handia izan dala nabarmendu dau Jon Iñaki Zarraga Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak eta, batez be, proposamenen originaltasuna azpimarratu gura izan dau. Hiru artelan irabazle daukaguz eta Ertibilerako beste 17 be aukeratu ditu epaimahaiak, baina ezelako sari barik geratu diran artisten ahalegina ezin dogu ahaztu, eurek be lehiaketearen mailea igoten lagundu dabe eta, esan dau Zarragak. Ertibil erakusketa ibiltarirako aukeratutako hogei lanak, hiru irabazleak eta 17 hautatuak, ikusgai dagoz Bilboko Errekalde Aretoan eta datozan asteetan Bizkaiko beste hamar herritan be egongo dira.
2011ko Ertibil lehiaketako irabazlea Alain M. Urrutia izan da, Katamalo izeneko margolanari esker. Olioa mihisearen ganean da eta silueta ilun eta misteriotsua agiri dau. Sarritan ez garena irudikatzeko daukagun preminea adierazoten dau bertan Urrutiak, Ertibileko katalogoaren arauera, baina Katamalo obrea hori baino gehiago dala ziurtatu dau autoreak berak, argibide askorik emon barik: Nahiago dot azalpen zabalik ez emon, irakurketarako tarte zabala itxi gura dot, bakotxak ulertu dagiala nahi dauena eta nork bere ikuspegia osotzea, esan dau irabazleak.
Bigarren saria Miriam Isasik eta Unai Requejok lortu dabe, Le dejaron así bideo-muntaiari esker. Txinako uriburu Beijingetik hur eregiten hasi eta amaitu barik geratu zan jolas-parke bateko irudiakaz, melankoniaren eta paisajearen eraketearen ganeko gogoetea azaldu dabe euren lanean artista gazte biek, mobimentua, alaitasuna, jentea dira ohikoak jolas-parke baten, baina Txinako eremu haretan horren aurkako kontrastea baino ez dago, bakardadea eta isiltasuna, azaldu dau Unai Requejok. Hirugarren saria Manu Urangak irabazi dau, Pasaia-hiria obreagaz. Hogei diapositibaren bidez gai ugariren ganean gogoetea egiten dau autoreak.
Gure harrobi artistikoa da hau, ziurtau dau Jon Iñaki Zarragak, Ertibileko erakusketa ibiltariaren aurkezpenean, herri baten garapen artistikoa, klasikotasunean ez eze, joera barrietan be badago, artista gazteen proposamenei lekua egin behar jake eta horretara dator Ertibil. Gizartearen alkarreragina bilatu gura dau Foru Aldundiko Kultura Sailak erakusketa ibiltariagaz eta, zelan ez, artista gazteei lekua egitea, aukerea emotea.
Holan ba, Ertibileko hogei obra hautatuak Bilboko Errekalde Aretoan egongo dira ikusgai, garagarrilaren 3ra arte. Gero, Algorta, Bermeo, Lekeitio, Igorre, Larrabetzu, Santurtzi, Arrigorriaga, Ermua, Zalla eta Gernika-Lumon egongo da erakusketea, abendura arteko ibilbide oparoan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!