Euskaldunon programea: Demokrazia Linguistikoa, eta harago
2011-05-16 15:55 Euskerea berbagaiBehingoz, euskal herritar guztiek onartu behar dabe, eta norberak barneratu, herri honetan danok dogula, gizalegez, euskera jakiteko betebeharra eta erabilteko eskubidea. Eta legeak be autortu behar dau hori.
1. Herritar guztiek jakin behar dabe, ikasi, euskera
Behingoz, euskal herritar guztiek onartu behar dabe, eta norberak barruratu, herri honetan danok dogula, gizalegez, euskerea jakiteko betebeharra eta erabilteko eskubidea. Eta legeak be autortu behar dau hori. Gitxienez, iparraldean frantsesa, hegoaldean espainola, eskatzen deuskuen neurri berean.
Ze hemen euskeraz ez dakienak ez deusku ixten euskeraz egiten, ez biziten, beragaz
Barriz, hemen mundu osoko espainol/frantsesak bizi daitekez erabateko askatasunean euren hizkuntzan. Legez behartu gaituelako euren erderea ikasten, askotan euskera galtzen.
Euskaldunontzako ez da demokrazia linguistikorik herritar guztiok euskeraz (be) berba egiten ikasi arte. Gero, askatasunean, erabili, edo ez erabili. Euskaldun sentidu, espainol, frantses edo japoniar. Eta borondate oneko lehen pausu ezinbestekoa, euskeraz, gitxienez, ulertu behar deusku.
Inposaketea? Bai. Baina bi aldeen inposaketea, = demokrazia? Bakarrarena…, dictatorship?
2. Zerbitzu guztiak euskeraz (behintzat)
Euskal Herrian gizarte zerbitzu publiko zein pribadu guztiak eskaini behar jakuz euskaldunoi euskeraz, gitxienez, espainolez edo frantsesez eskaintzen jakuzan neurri berean. Gatxa, edo erraza. Baina, bitartean ez da demokrazia linguistikorik euskaldunontzako.
Jakina, administrazinoan. Eta egun, Euskal Herriko egungo administrazinoek espres euskeraz (<%1) ez darabilen beste diru guztia (>%99) espainolez erabilten da / frantsesez. Ez da neutroa. Hizkuntzok bultzatuz erabilten da euskaldunon kaltean.
Eta publiko edo pribadu, espres hitza darabilten hedabideak Euskal Herrian? Prentsa, irrati, telebista, zinema, enpresen komunikazino zerbitzu…? Franko hil eta 36 urtera, iparralde demokratikoan, non dago guztiak behartuko dituan legea/praktika euskera, frantsesaren / espainolaren neurrian erabiltera, gitxienez? Non da demokrazia euskaldunontzako?
3. Diskriminazino positiboa euskaldunontzako, bertako hiztunontzako
Demokrazia linguistikoak gitxieneko eskatzen dau pareko trataerea emotea euskereari eta espainolari (frantsesari). Baina eskatzen dau be ordaina, azken lau-bost mendeetan, eta hegoaldean oso bereziki Francoren diktadurapean, Espainia-Frantziako estaduek euskaldunon aurka ezarritako politika glotozida aktiboak, hizkuntz ordezkatze etenbakoak, oraindino desagerrarazo ez bagaitue be, euskera eta euskaldunon erabateko minorizazinoa eta auto-estimua galtzea eragin dabenak.
Lege onean, estaduok, eta Euskal Herri bertako podereek, askoz indar gehiagoz abiatu beharko leukie, demokratikoki, bertako hizkuntza gitxitu eta euskaldun minorizatuon aldeko diskriminazino politika positibo aktiboa, erabat zabaldu/inposatua dan estadu-hizkuntzearen ganetik, gure hizkuntzearen normalizazinoa eta gure auto-estimua berreskuratu arte.
Estadu-haizeak ordea ez dabilz bide horretan. Ezta bertako podereak be, nahiz EAEn aldekoago izan. Hori ordea ez da demokrazia euskaldunontzako.
4. Euskaldun bihotzekoak
Hegoaldean, EAEn be, belaunaldi barrietan eginiko ahaleginek ez dute oraindino fruitu betea emon. Emongo dabe. Oraintxe ordea, Hegoaldean, belaun heldua da inoiz izan dogun gizaldirik erdeldunduena. Frankismokoa. Espainiako etorkinena. Ezin belaunaldi barriek eredu onik jaso horretatik. Gazteon erakusle, inoiz baino beharrezkoago dogu betiko euskaldun bihotzekoen eredua:
1. Euskeraz, euskeraz dakien guztiari. Orain artean besterik erabili badogu be. Solaskideak espainol-frantsesez segiduko badeusku be. Euskañol barik (esaldi bat euskeraz, 5, eta grazia, espainolez).
2. Euskeraz, euskeraz ulertzen dauen guztiari (biztanleen erdia). Nahiz solaskideek erderaz segidu, euskeraz ezinda. Hau barria da. Baina ikasi behar dogu alkarrizketa asimetrikoak eroaten. Ez da hobe biok erderaz egitea. Etorriko da bestea apurka.
3. Euskeraz, hemen bizituta, gizalegez eta bizikidetzearen alde, euskeraz, gitxienez, daborduko ulertu behar gaituenekaz. Hau gogorra izan daiteke. Baina gatazka linguistikoa azalera ekarri behar dogu egunero. Ez jaku komenidu ezkutatzen jarraitzea. Ez da belaunaldi barrien eredu ona. Kalean edozeinegaz. Zer esanik ez, gure zergetatik bizi bada, edo teorian, gure zerbitzuan (funtzionario, saltzaile, mediku, udaltzain, guardia zibil…). Hemen euskerarik bape ulertu barik bizi diranek aurrez aurre sentidu behar dabe behingoz gatazka linguistikoa. Ez gara gehiago gure hitzen itzultzaile izango. Zeozer galdu behar dabe euskerea barik.
4. Espainola-frantsesa badira hemen euskaldunon lehiakide, gure etsaiaren etsaia izango da gure lagun. Mundua ingelesez lotzen da. Bihurtu daigun ingelesa gure bigarren hizkuntza. Munduagaz joango gara. Euskera gordeko dogu lehen hizkuntza. Espainola-frantsesa bere bai, 3., 4., baina bide batez, 3. mailako etsai bihurtuko dogu gure gaurko etsai nagusia. Ez da apusturik alperrena. Bestela, gu bihurtuko gara espainolaren/frantsesaren azken gordeleku munduan. Libra gaiezala jainkoek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!