Euskerearen aldeko hizkuntza politikak aztertu ditu Kontseiluak 2010eko urtekarian
2011-05-09 15:27 Euskerea berbagaiEuskal Herriko administrazino guztien lana aztertu eta igaz egindako aurrerapausuak eta gertatutako atzeraldiak batu ditu Kontseiluak 2010eko urtekarian. Bilbon aurkeztu dabe txostena, eta guztion eskura dago hizkuntza politikaren ganeko blogean: www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika
Euskal Herriko administrazino guztien lana aztertu eta igaz egindako aurrerapausuak eta gertatutako atzeraldiak batu ditu Kontseiluak 2010eko urtekarian. Bilbon aurkeztu dabe txostena, eta guztion eskura dago hizkuntza politikaren ganeko blogean: www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lehenengoz egin dau urte osoko lanaren txostena, baina datozan urteetarako aurrekaria izatea gura dabe. Konpromisoa hartzen dogu, hurrengo urteetan be urtekaria kaleratzen jarraitzeko. Euskalgintzearen eta normalizazino-prozesuaren garapena ulertzen lagunduko dau egitasmoari jarraipena emoteak, azaldu dau Iñaki Lasa Kontseiluko arlo politiko-instituzionaleko arduradunak.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak urtekariko edukiak aztertu ostean ataratako ondorio nagusiak azaldu ditu eta, batez be administrazinoen aldetik, atzerapausuak egon dirala nabaritu dau. Euskal Autonomia Erkidegoan euskerea ofiziala da baina, halanda be, normalizazino-prozesua mantsotu egin dala ikusi dogu eta, kasu batzutan, atzerapausuak egon dira, argitu dau Bilbaok. Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian egoera larriagoa da, ganera 2010ean ez ei da egon hobetzeko joerarik.
Dana dala, itxaropentsu egoteko arrazoiak be topau ditue Kontseilukoek, urte garrantzitsua izan zan igazkoa, gizarteak sendoago aldarrikatu ebalako euskeraz biziteko asmoa, azaldu dau Paul Bilbaok. 2010eko maiatzaren 15ean Iruñeako manifestazinoa gogoan, euskerearen alde inoiz egindako jentetsuena izan zan, esan dau.
Hezkuntza arloak modu berezian kezkatzen dau Kontseilua, belaunaldi barriak euskalduntzeko bideetan sakondu beharrean, geldialdia egon da-eta azkenaldion: Jaurlaritzeak ingeles gehiago sartzeko aprobea egin dau daborduko. Eta, holan, uko egiten jako umeak euskalduntzera gehien hurreratu dan ereduaren aldeko ahaleginari, zehaztu dau Bilbaok. Administrazinoa euskalduntzeari jagokonean be, ez da baikorregi agertu Paul Bilbao: 2010ean egindako lanpostuetako deialdi publikoetan, euskeraz ez dakienei lekua egin jake eta, hizkuntz-eskakizunei jagokenez, orain dala hamar urteko mailan gagoz. Hori, Euskal Autonomia Erkidegoan, ganerako lurraldeetan euskerea, kasurik onenean, meritua baino ez da-eta. Alderdi positiboa Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxe dira, euren kontu euskerea sartzen hasi dira, baina beti be administrazino indartsuagoen babes barik.
Alderdi sozioekonomikoan be kezka bizia daukiela azpimarratu dau Kontseiluak. Jaurlaritzeak oraintsu indarrean jarritako arauagaz, kontsumitzaile euskaldunen eskubideak errespetetako bidea zabaldu zan, baina 2010ean gobernuak berak erabagi eban, araua indarrean mantendu arren, zigor eta zehapenik ez ebala jarriko. Praktikan, euskaldunak ez dauka euskeraz konsumiduteko eskubiderik, beraz, ondorioztau dau Paul Bilbaok. Lurreko Telebista Digitalean euskerazko kupoak ezartzeko arauak be ez dirala kontroletan eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eskualde gehienetan telebistearen digitalizazinoak ez deutsola euskereari mesederik egin nabarmendu dau Kontseiluak.
Krisiaren atxakian, erakunde publikoek euskerea normalizetako dirulaguntzak murriztu izana be txarretsi dau Paul Bilbaok: Beste sektore ekonomiko batzuei babesa handitu jake eta euskereari, barriz, txikitu. 2010eko txostenean, orduan, ezinbestean, administrazinoen hizkuntza politikak ez dirala nahikoa ondorioztau dabe, baina herritarrek euskereagaz daukien konpromisoa be ez dabe ahaztu. 2010eko urtekaria, dagoeneko, hizkuntza eskubideen blogean eskuratu daiteke. Prentsaurrekoan gogora ekarri dabe beste tresna eta informazino asko topauko dogula blogean, hilean hileko ikerketak, euskerea normalizetako proposamenak eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!