'Elgoibarko ahozko euskara' liburua aurkeztu dabe Bilbon

Dabi Piedra Robledo 2011-04-04 15:30   Euskerea berbagai

Bere doktore-tesian oinarritutako liburua Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, aurkeztu dau Jesus Mari Makazaga egileak. Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak be banatu dira.

Bere doktore-tesian oinarritutako liburua Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, aurkeztu dau Jesus Mari Makazaga egileak. Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak banatu dira. Jakintzaren bost alorretan gehien nabarmendu diran euskerazko tesien egileei gorazarre egin deutsie. Euskera modernoa eregi eta garatzeko bidean, ezinbestekoa da unibersidadean egiten dan lana eta bost irabazleei egindako ahalegina eskertu gura deutset, azpimarratu dau Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko erretoreak.

Elgoibarko euskerearen ganeko liburuak, herri haretako hizkerearen eta berben azalpena egiten dau eta Elgoibarko euskerearen inguruko ondorioak be proponiduten ditu. Elgoibarrekoa, tarteko hizkerea da, mendebaldeko eta erdialdeko euskalkien artekoa zehatz esateko, eta, liburuko datuen bidez kokapen dialektologikoan sakondu nahi izan dot, azaldu dau Jesus Mari Makazaga egileak. Hori dala eta, Mendaro, Mutriku, Altzola eta inguruko beste txokoetako hizkeren ezaugarri batzuk be deskribidu ditu, konparaketea egiteko.

Batez be, Elgoibarko adineko personei egindako alkarrizketetan oinarritu da Makazaga datuak batzeko eta euren euskera bizia goraipatu dau: Liburuan datozen esapide eta berba bereziek adierazkortasuna emoten deutsie hizkereari eta horregaitik, herriko gazteentzat-eta eredu eta bizitasun iturri izatea nahiko neuke. Elgoibarko ahozko euskara liburu mardulean, gramatika, lexikoa, esamoldeak eta abar agiri dira, Elgoibarko berezko berbakaz 2.500 sarrerako hiztegitxua egin dot, baina lexikoarena beti osotzen joan behar dan egitekoa da, zehaztu dau Makazagak, ganera, mota honetako monografikoetan agertzen ohi ez diran datu eta ondorioak sartzen be ahalegindu naz, ikuspegi osoagoa emoteko.

Liburua, Jesus Mari Makazagak berak aurkeztutako tesiaren emoitzea da. Pello Salaburu eukaltzain osoa izan da tesiaren zuzendaria eta lanaren garrantzia azpimarratu dau: Askok kontrakoa uste arren, euskalkien ikerketan bide handia dago egiteko eta ganera, batuaren eraginez euskalkiak galtzen doaz eta euren barri jaso behar da. Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak nabarmendu dauenez, etorkizuneko euskerea aberasten laguntzen dau liburuak, euskalkien mapea osotzen joateaz ganera.

Beste alde batetik, Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena Sarietan, bost lan saritu ditue: Zientzia-esperimentalen arloan, Koldo Garciak erretrobirus endogenoen detekzinoa landu dau, behiak oinarri hartuta; Ikasketa Teknikoen alorrean, Maite Oronozek euskerazko testuetan akats sintaktikoak detektau eta zuzentzeko baliabideen garapena jorratu dau; Osasun Zientzietan, Jaime Zubero saritu dabe, futbolari gazteen hautaketan ezaugarri antropometrikoek daukien garrantziari buruzko tesiagaitik; Gizarte Zientzien arloan, barriz, Jose Inazio Markoren hizkuntza-eraldaketeari buruzko lana nabarmendu dabe; eta amaitzeko, Giza Zientzietan, literaturearen irakaskuntzarako ereduak aztertu ditu Idurre Alonsok.

Iñaki Goirizelaia erretoreak nabarmendu dau unibersidadeko tesietan euskerea garrantzia hartzen dagoala, igaz 24 tesi aurkeztu ziran euskeraz, sekula baino gehiago, sasoi baten euskerea sukaldeko hizkuntzatzat hartzen zan eta orain, gai zientifikoak azaltzeko erabilten dogu. Koldo Mitxelena sarien garrantzia be gogora ekarri dau Goirizelaiak, zientziaren alor guztietara heltzen da sariketea, euskerea be gai guztietara zabaldu dan seinale. Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere aldetik, uninbersidadearen lana txalotu dau, euskera modernoan sakontzeko, lehentasunezko kidetzat dauka Euskaltzaindiak EHU.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu