Boga! Ikastolen Ibilaldian parte hartzeko deia egin dabe ondarrutarrek
2011-03-10 14:45 Euskerea berbagaiMaiatzaren 29an ospatuko da aurtengo Ibilaldia Ondarroan, Lea Artibaiko ikastolek antolatuta eta, gaur, Bilboko Kafe Antzokian, hitzordu horri begira egindako bideoklipa eta kantea aurkeztu ditue. Lelo nagusia Boga! da, euskaldun guztiei parte hartzeko deia.
Maiatzaren 29an ospatuko da aurtengo Ibilaldia Ondarroan, Lea Artibaiko ikastolek antolatuta eta, gaur, Bilboko Kafe Antzokian, hitzordu horri begira egindako bideoklipa eta kantea aurkeztu ditue. Lelo nagusia Boga! da, euskaldun guztiei parte hartzeko deia. Bideoa Aitzol Aramaiok zuzendu dau, Angel Aldarondoren laguntzinoagaz eta Ondarroako herriaren parte-hartze zabalagaz. Abestia, barriz, Josu Aranburuk egin dau eta, beragaz batera, musikari eta abeslari talde ederra batu dau.
Herriaren inplikazinoa ezinbestekoa izan da abestia eta bideoklipa aurrera atarateko, azaldu dau Elias Etxaburu Ondarroako Zubi Zahar ikastolako zuzendariak. Izan be, kantan parte hartu daben musikari guztiek, Ondarroagaz eta ikastoleagaz lotura sendoa daukie, ikasle ohi, guraso edo laguntzaile diralako. Ikastoleak batzen gaitu, kantea grabau dogun musikariok ez gara talde finko bat, argitu dau Josu Aranburu egileak. Abestiaren ezaugarriei jagokenez, Aranburuk azpimarratu dau ikastolea eta Ondarroako herria dirala protagonista, Boga lelotik abiatuta, itsasoaren eta mobimentuaren kontzeptuak be sartu doguz. Punk-rock erritmodun kantea da batez be.
Bideoklipa Aitzol Aramaio zinegile ezagunak zuzendu dau, baina Elias Etxaburu ikastolako zuzendariak argitu nahi izan dauenez, herria da protagonista bideoan, persona ezagunik ez dogu sartu nahi izan. Dozenaka herritar Boga! esaten eta egiten ipini ditu Aramaiok, adin, ofizio eta itxura guztietako ondarrutarrak agiri dira, ikastolen eta euskerearen alde bat eginda. Istorio parte-hartzailea eregi nahi izan dau egileak.
Bideoaren beste protagonistak Ondarroa Arraun Alkarteko arraunlariak dira, itsasoa eta euskerea dira bideoko kontzeptu nagusi biak eta arraunaren bitartez lotu doguz, zehaztu dau Aramaiok. Ondarroako herritar, erakunde zein alkarte guztiek interes handia euki dabe bideoan agertuteko eta, azkenean, arazoak be euki doguz geugaz Boga! egin nahi izan daben guztiei bideoan lekua egiteko, ekarri dau gogora zinegileak.
Neu be, Ondarroako ikastolan ibilitakoa naz eta ederto pasau neban sasoi haretan, horixe transmitidu nahi izan dot, azaldu dau Aitzol Aramaiok. Ondarroako Zubi Zahar Ikastoleak hazten jarraitu gura dau, hobekuntzak egin nahi doguz geure azpiegituretan, azaldu dau Elias Etxaburuk. Horregaitik, deia egin dabe antolatzaileek: maiatzaren 29an, danok Ondarroara, Boga!.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!