Herri Urratsi laguntzeko deia egin dabe, 'Gu ere lakuko' kanpainearen bidez

Dabi Piedra Robledo 2011-03-01 14:36   Euskerea berbagai

Igazko Herri Urratsek ez eban espero zan emoitzea ekarri, euri zaparraden erruz, nahi baino jente gitxiago hurreratu zalako Senpereko lakura, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaira. Aurtengo Herri Urrats arrakastatsua izan daiten eta Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzea ezinbestekoa dan ideia gizarteratzeko, ekitaldi ugari antolatu ditue datozan asteetarako Hego Euskal Herrian.

Igazko Herri Urratsek ez eban espero zan emoitzea ekarri, euri zaparraden erruz, nahi baino jente gitxiago hurreratu zalako Senpereko lakura, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaira. Aurtengo Herri Urrats arrakastatsua izan daiten eta Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzea ezinbestekoa dan ideia gizarteratzeko, ekitaldi ugari antolatu ditue datozan asteetarako Hego Euskal Herrian. Garrantzitsuena, martiaren 12an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egingo dan egun osoko jaia, ardao-dastaketa, bazkari, bertsolari eta pailazoen emonaldi eta guzti.

Bilbon egindako aurkezpenean jakin dogunez, Di-da komunikazino enpresea da Gu ere lakuko kanpainea abiatu dauena. Igazko Herri Urratsen ostean, Seaskako arduradunek laguntzarako deia egin eben eta guk zeozer egiteko modua badogula ikusi genduan, azaldu dau Gorka Barruetabeña Di-da Komunikazioa enpresako gerenteak. Holan, Herri Urratsen aldeko komunikazino kanpainea antolatu dabe, ezer kobrau barik, eta Laku bat munduan leloa sortu dabe, maiatzaren 8ko Herri Urratsen aldarria izango dana. Gero, tanten ideiea be sortu genduan, aurtengo Herri Urratsen sinboloa ur-tantea da, izan be, Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzeko orduan, danok emon geinke zeozer, tanta askogaz gauza handiak egin leikez, aitatu dau Barruetabeñak. Holan, danetariko persona eta alkarteak joan jakoz batzen proiektuari eta Gu ere lakuko kanpainea sortu da.

Ipar Euskal Herrian euskerea eta ikastolak larriago dagoz eta beraz, Herri Urrats beharrezkoa da, ganeratu dau Gorka Barruetabeñak. Gu ere lakuko kanpaineagaz, hiru alderditan eragin gura dabe antolatzaileek: Batetik, euskaldunei gogoratu nahi deutsie euskereak lekua, lakua daukala munduan, eta garrantzitsua dala bertan egotea. Bestetik, erdaldun baina euskaltzale diranei esan gura deutsie eurek be euskerearen aldeko itsasoan tantea itxi leikeela, umeak ikastolara bialduta adibidez. Eta azkenik, erakunde publikoei deia, Ipar Euskal Herrian ez da erraza instituzinoen babesa lortzea, zehaztu dau Barruetabeñak.

Kanpaina horren barruan, martiaren 12an, egun osoko jaialdia antolatu dabe Durangoko Plateruena Antzokian. Hasteko, Mikel Garaizabal enologoak, ardao-dastaketea antolatu dau bertaratzen diranentzat, Euskal Herrian beti izan gara ondo jan eta edatekoak eta ziur jentea erakarriko doguna, ziurtatu dau Garaizabalek. Bazkaria be egongo da ardao-dastaketea amaitu eta gero. Bazkalostean, bertso-saioa egingo dabe Igor Elortza eta Sustrai Colinak. Amaitzeko, Pirritx eta Porrotx pailazoak be egongo dira Plateruenan, Euskal Herri grisa nahi dabe batzuek baina guk koloretako herria garela erakutsi behar dogu Herri Urratsen, aldarrikatu dau Porrotxek berak, Bilbon egindako aurkezpenean. Apirileko Irria aldizkaria be, Seaskaren jaiari eskeinitako ale berezia izango dala aurreratu dabe pailazoek.

Gu ere lakuko kanpainearen barruan, bestetik, Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak autobusak jarriko dituala iragarri dau, maiatzaren 8an Senpereko Herri Urratsera joateko. Holako jaietara autobusez joateko ohiturea galtzen joan da eta berreskuratu egin gura dogu, azpimarratu dau Itxaro Artola AEDko kideak. Autobusa antolatzea ez da gauza handia, baina holako keinu txikien bidez, tantaz tanta, Herri Urrats bikaina izango da, ganeratu dau Artolak.

Seaskako arduradun Alain Boscq-ek esker oneko berbak euki ditu Hego Euskal Herriko eragileentzat, Gu ere lakuko kanpaineak asko lagunduko deutsiela uste dau eta. Igazko euri tantek kalte egin eutsien Herri Urratsi, baina aurtengo alkartasun uholdea bestelakoa izango da, azaldu dau Boscqek. Xalbador Kolejioa handitzea ezinbestekoa da Seaskaren biziraupenerako eta Senperen batutako dirua funtsezkoa da zeregin horretan. Horregaitik, maiatzaren 8an Herri Urratsen egoteko deia egin dau Seaskak. Danon beharra dago, esan dau Alain Boscqek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu