Mintzalagun egitasmoaren helburu nagusiak bete egiten dira, Aztikerrek egindako ikerketearen arabera
2011-02-03 14:14 Euskerea berbagaiUrtetik urtera, Mintzalagun programako erabiltzaileen kopuruak gora egin dau, lau urtean ia hirukoiztu egin da parte-hartzaileen datua. Ganera, Mintzalaguneko partaideek euskerea gehiago erabili eta gaitasun mailea hobetu dabe programan dagozanetik.
Urtetik urtera, Mintzalagun programako erabiltzaileen kopuruak gora egin dau, lau urtean ia hirukoiztu egin da parte-hartzaileen datua. Ganera, Mintzalaguneko partaideek euskerea gehiago erabili eta gaitasun mailea hobetu dabe programan dagozanetik. Mintzalagunak euskerearen zabalkundean benetan lagunduten ete dauen jakin gura izan dogu ikerketeagaz eta lortutako emoitzea bikaina izan da, azaldu dau Iñaki Iurrebaso Aztikerreko teknikariak. Mintzalaguna 1993an sortu zan Donostian eta, gaur egun, Euskal Herri osoan 50 egitasmo inguru dagoz lanean, 550 mintzatalde eta 3.400 parte-hartzailegaz. Hazkunde handia euki dauan fenomenoa da, laburbatu dau Iurrebasok.
Euskaldun osoak eta euskerea praktikau gura daben hiztun barriak hartu-emonetan jarten ditu Mintzalagunak, Bizkaian Berbalagun izenez ezagutzen dan programeak. Holan, talde txikiak eratu eta euskaldunek kalean euskeraz egiteko kideak topetan ditue eta geure hizkuntzea gizarteratu eta zabaldu egiten da. Euskara Elkarteen Topaguneak eta AEK-k antolatzen dabe Mintzalagun, Eusko Jaurlaritzearen babesaz eta egitasmoaren hasierako helburuak beteten diran jakiteko, eta programako parte-hartzaileen ezaugarri zehatzak ezagutzeko, ikerketea agindu deutsie Aztiker alkarteari.
Ikerketea egiten orain dala urte eta erdi inguru hasi zan Aztiker, azterketa sakona egin gura izan dabe eta. Motibazinoan eta hizkuntza ohituretan Mintzalagunak eragin handia dauka eta parte-hartzaileei geuk egindako inkestetan holantxerik ikusi izan dogu, baina ikerketa sakonagoa egin nahi izan dogu, susmo hori baieztatu ahal izateko, azaldu dau Jasone Mendizabal Topaguneko kideak. Datuak behintzat, oso positibotzat jo ditue: erabiltzaileek, bataz beste, hamarretik 8,5 notea emoten deutsie Mintzalagunari eta euskerearen munduan buru-belarri sartzeko prozesuan oso lagungarri jakela autortu dabe gehienek. Ez da gauza bera lau hormaren artean euskerea buruz ikastea edo giro lasaiagoan euskal munduan sartzea, hortik Mintzalagunaren garrantzia, zehaztu dau Iñaki Uribe HABEko arduradunak.
Azterketeari esker, Mintzalaguneko erabiltzaileen profila be ezagutu dabe: emakumezkoak gehiago dira, ikasketa-maila altukoak eta gazte gitxi dagoala be jakin dabe: Anitza da profila, danetariko jentea dabil Mintzalagunan, gazteak izan ezik, 35 urtetik beherakoak gehiago animau behar dira, esan dabe Aztikerrekoek. Gorabehera handiak be antzemon ditue izena emoteko edo alde egiteko orduan, jente barri asko sartu eta askok ixten dabe Mintzalaguna urtero, baina barriak joandakoak baino gehiago dira beti eta, beraz, programeak hazten jarraitzen dau, azaldu dau Iñaki Iurrebasok.
Etorkizunean zelan jardun be erakutsiko deutse ikerketeak Mintzalagun egitasmoaren antolatzaileei, hezkuntza sisteman erakusten dana ez da nahikoa euskerea behar dan moduan zabaltzeko eta ahalegina egiten jarraitu behar dogu, azaldu dau Jasone Mendizabalek. Hiztun konpetenteak lortzeko ezinbestekoa da klasetik kanpoko mintzapraktikea, ganeratu dau Mertxe Mujikak, AEK-ren izenean. Interneti esker, euskerea on-line ikasteko aukerea nagusitu leitekela eta, HABEko Iñaki Uribek argi dauka, Mintzalagun edo Berbalaguna are garrantzitsuagoa izango da etorkizunean.
Antolatzaileek euskaldun guztiak animau ditue Mintzalagunan izena emoten, danon laguntzea ezinbestekoa da. Jasone Mendizabalek adierazo dauenez, Aztikerren ikerketeak etorkizuneko pausuak nora bideratu erakutsi deusku, orain geure esku dago aurrera egiten jarraitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!