Bilboko antzerki eta jantza Zirkuituaren hamargarren ekitaldia hasiko da asteon

Dabi Piedra Robledo 2011-02-01 14:22   Kulturea

Bizkaiko uriburuko auzoetara eroango ditue arte eszenikoak, bertoko zortzi konpainiaren eskutik. Zezeilaren 3an, eguenean, hasi eta apirilaren 14ra arte iraungo dau Bilboko Zirkuituaren egitarauak eta sarrerea librea izango da, helburu nagusia antzerkia auzoetara hurreratzea da eta.

Ohiko moduan, Bizkaiko uriburuko auzoetara eroango ditue arte eszenikoak, bertoko zortzi konpainiaren eskutik. Zezeilaren 3an, eguenean, hasi eta apirilaren 14ra arte iraungo dau Bilboko Zirkuituaren egitarauak eta sarrerea librea izango da, helburu nagusia antzerkia auzoetara hurreratzea da eta.

Konpainia amateur edo semiprofesionalentzako Zirkuitua da Bilboko Udalak antolatzen dauen hau. Dagoeneko hamargarren ekitaldia beteko dau aurten eta Ibone Bengoetxea zinegotziak azaldu dauenez, aurreko urteetan geugaz hasi ziran talde batzuek zirkuitu profesionalean sartzea lortu dabe gero, Gaitzerdi Teatro, Fábrica de Teatro Imaginario edo Itziar Lazkano, besteak beste. Marina Merino Luna Llena konpainiako kidea Bilboko Zirkuituaren aurkezpenean egon da, eurek 2002tik parte hartu dabe urtero egitarauan eta, aurten, emonaldi bi eskeiniko ditue. Hasi ginanean talde ezezaguna ginan eta Zirkuituari esker, gaur egun, jente gehiagorengana heldu gara eta Bilbotik beste herri batzuetara urteteko aukerea sortu jaku, Zirkuituan lortutako izenari esker, Marina Merinok azpimarratu dauenez.

Zezeilaren 3tik apirilaren 14ra, hamalau ikuskizun antolatu ditue, zortzi konpainiaren eskutik. Hiru emonaldi euskeraz izango dira. Otxarkoaga, Begoña, Abando-Barrainkua eta Altamirako udaltegietan, Iturrigorri-Peñaskal, Zurbaranbarri eta Solokoetxeko ikastetxeetan eta Arte Berreginen Museoan izango dira ekitaldiak. Kultur eskeintzea deszentralizau gura dogu, horregaitik joten dogu auzoetara, zehaztu dau Ibone Bengoetxeak. Ekimen estrategikotzat jo dau Bilboko Zirkuitua Bengoetxeak, ikusle barriak erakarri eta ohiko antzerkiaren eskaintzea urrun egiten jakon publikoari beste aukera bat emotea garrantzitsua da, ganeratu dau. Eguazten eta eguenetan izango dira saioak, doban, arratsaldeko 19:30ean hasita.

Bilboko Zirkuituak hamar ekitaldi beteko ditu eta balantzea egiteko tartea be hartu dabe Udaleko arduradunek. Hasieran, 2002an, auzo gitxitara heltzen ginan, Begoña, San Frantzisko, Abando eta Errekalde auzoetara, hain zuzen be, eta saio gitxi egiten genduzan, gogoratu dau Alicia Otxandategik, programazinoaren arduradunak. Gaur egun, ostera, ia auzo guztietara heltzen da egitaraua, Deustuara izan ezik, Deustuan eskaintza pribadu nahikoa dago arte eszenikoetan eta ez dogu konpetentziarik egin nahi, azaldu dau Otxandategik. Publikoaren aldetik be, gero eta arrakastatsuagoa da ekimena, orain jente gehiago joaten da, interes handiagoa dago gaur egun eta Otxarkoaga lako auzoetan ikusmina be eragiten dau antzerki proposamen honek, Marina Merino Luna Llena konpainiakoak ikusi ahal izan dauenez.

Aste honetatik aurrera, beraz, Bilboko Zirkuitua egongo da danon eskura. Lehenengo emonaldia, Dakumene taldearen Raices jantza ikuskizuna, Arte Berreginen Museoan izango da eguenean. Apirilera arte iraungo dau egitarauak, baina urritik abendura Zirkuituaren aurtengo ekitaldiaren bigarren zatia egingo dabela be aurreratu dau Bilboko Udalak.


X. Zirkuitua. Egitaraua

- Zezeilak 3: Raíces (Dakumene Teatro y Danza) Berreginen Museoan.

- Zezeilak 10: ¿Habéis visto mi grito? (Luna llena konpainia) Otxarkoagako udaltegian.

- Zezeilak 16: Fugadas (Nidursan Teatro) Iturrigorri – Peñaskal Ikastetxe publikoan.

- Zezeilak 23: 8 begi euskeraz (Gilkitxaro Antzerkia) Begoñako udaltegian.

- Martiak 3: Fugadas (Nidursan Teatro) Berreginen Museoan.

- Martiak 10: Gloriaren kantua euskeraz (Khea Ziater) Otxarkoagako udaltegian.

- Martiak 11: El feeling es así (Tearto Teatro) en el Colegio Público Zurbaranbarri Ikastetxe Publikoan.

- Martiak 23: La psicovenganza del bandido Nico Foliato (Nexoteatro) Begoñako udaltegian.

- Martiak 30: Amores de barra (Tandem Teatro) Iturrigorri – Peñaskal Ikastetxe publikoan.

- Apirilak 1: El feeling es así (Tearto Teatro) Abando-Barrainkuako udaltegian.

- Apirilak 6: Amores de barra (Tandem Teatro) Altamirako udaltegian.

- Apirilak 7: 8 begi euskeraz (Gilkitxaro Antzerki) Solokoetxeko Institutuan.
- Apirilak 13: Cuerpos de barro (Luna llena) Begoñako udaltegian.

- Apirilak 14: Raíces (Dakumene Teatro y Danza) Otxarkoagako udaltegian.

Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu