Euskalaklip eta Euskalaketa lehiaketak izango dira aurtengo Korrika Kulturaleko barritasunak
2011-01-20 14:46 Euskerea berbagaiBilboko Bilborock aretoan aurkeztu dabe 17. Korrikaren atxakian antolatutako Korrika Kulturalaren egitaraua. Zezeilean eta martian izango da eta, ohiko moduan, danetariko kultur ekintzak antolatu ditue eta lehiaketak be egongo dira. Bestetik, Gose taldeak 2011ko Korrikarako egindako abestia be aurkeztu dabe.
Bilbon 17. Korrikaren atxakian antolatutako Korrika Kulturalaren egitaraua aurkeztu dabe. Zezeilean eta martian izango da eta, ohiko moduan, danetariko kultur ekintzak antolatu ditue eta lehiaketak be egongo dira. Bestetik, Gose taldeak 2011ko Korrikarako egindako abestia be aurkeztu dabe.
Korrika Kulturala 1993tik egiten da Korrikagaz batera eta lasterketearen aurreko asteak girotzea eta euskal kulturea bultzatzea dira helburu nagusiak. Edurne Brouard AEK-ko arduradun nagusiak azaldu dauenez, 'Korrikak beti egiten dau ahalegina, herriak emondako laguntzea bueltetan eta egitarau kulturalak horretarako bidea emoten dau'. Ganera, euskal kulturgintzako lana erakusteko aproposa da, 'sarri baztertuta egoten da euskerazko produkzinoa eta Korrika Kulturalaren bidez, hutsune hori bete nahi dogu', Brouarden esanetan.
Korrika Kulturalaren egitarau nazionala dalakoan, Euskal Herri osoan antolatzen ditue ekimenak eta aurten, goi mailako ikuskizunak izango dira. Sekula bai izeneko espektakuluan, esaterako, antzerkia eta kabareta nahasten ditue eta Hura ez da lekua dalakoan, barriz, pinturea eta poesia be sartzen ditue. Kukubiltxo antzerki taldeak Hilezina taularatuko dau, Gotzon Barandiaranen ideian oinarrituta eta Koldo Amestoy ipuin-kontalariak Luma Beltza ikuskizuna dakar. Mikel Martinezen antzezlana edota Pirritx eta Porrotx pailazoak be izango dira Korrika Kulturalaren parte, besteak beste. Sergio Regueiro, egitarauaren arduradunaren esanetan, 'ikuskizun-sorta oparoa dakargu, urtetik urtera hazten doan ekimena da Korrika Kulturala'.
Korrika hasi aurreko asteetan, zezeilean eta martian, egingo dabe egitarau nazionala, baina Korrika 17 herrietatik igaro ahala, lekuan-lekuko ikuskizunak be egongo dirala aurreratu dau AEK-k. Apirilaren 7tik 17ra egingo da Korrika, Trebiñutik Donostiara.
Bestetik, lehiaketa bi be antolatu ditue, euskaldun guztiei zabalduak. Korrika Kulturalaren nobedade nagusia dira aurten Euskalklip eta Euskalaketa. Euskalklip dalakoa, bideo lehiaketea da funtsean eta batik bat gazteak erakarri nahi ditue. Euskalaketa, ostera, Euskal Herriko Antzerkizaleen Alkartearen laguntzaz antolatu dabe eta, komunikabideetako boladeari begiratuta, bakarrizketak izango dira protagonista. Parte-hartzaileek bina bakarrizketa egin beharko ditue, bata gai librean eta bestea Euskalakarien ganekoa. Lehiaketako final handia Donostian jokatuko da, Korrikaren azkenengo egunean, apirilaren 17an.
Aurtengo Korrikaren abestia Gose taldeak abesten dau eta, aurtengo leloari helduta, Euskalakariak dira protagonista letretan. Jentaurrean lehenengo aldiz, gaur abestu dau Gosek abesti barria, baina Korrika Kulturalaren barruan emonaldi ugari eskeiniko ditue.
Korrikaren bideoak be, Euskalakariaren kontzeptuan sakontzen dau. Igor Elortzak zuzendu dau bideoa, aktore ezagunekaz lan eginda, eta bertsolariaren esanetan, hiru ideia zabaldu gura izan ditu: Euskalalakaria zer dan azaltzea, euskalakarien ahalegina erakustea eta euskerearen aldeko lana bizipozez marraztea. Euskalakariak, euskeraz jakin ez eze, erabili egiten dabenak dira, euskeraz egiteaz harro dagozanak eta aurtengo Korrikaren kontura asmau dabe berba barria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!