Euskerazko jarduerak Bilboko umeentzat, Ikusi eta Ikasi programeari esker

Dabi Piedra Robledo 2011-01-11 13:52   Euskerea berbagai

Ikusi eta Ikasi egitasmoaren helburua da, Ana de Castroren esanetan, 'umeen artean eta familia barruan euskerearen erabilerea bultzatzea, euskerea ikasketekaz lotzen dauen mitoa apurtzea'. Topaguneko Aritza Escandonek beste hiru ardatz be ganeratu ditu: 'Kulturea, heziketea eta ondo pasetea'.

Bilboko Udalaren Euskara Sailak beste urte batez, zazpigarrenez dagoeneko, antolatu dau Ikusi eta Ikasi, Euskara Alkarteen Topagunearen laguntzaz. Urtarriletik martira, beraz, Bizkaiko uriburuko hainbat lekutan 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako 31 ikuskizun egongo dira, magia, pailazoak, antzerkia, ipuin kontalariak eta abar. Jolasen txokoa izenekoagaz be jarraituko dabe aurten.

Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara Saileko zinegotziak esan dauenez, 'gure sailaren ardatzetako bat da Ikusi eta Ikasi, euskerea normalizetako tresna eraginkorra'.

Bilboko auzoetako udaltegi eta ikastetxe publikoetan izaten dira Ikusi eta Ikasi egitasmoko saioak eta aurten, nobedadea da Bilborock aretoa, lehenengo aldiz sartu dabe antzezlekuen artean. Aurreko urteetako ohitureari jarraituta, Begoña, Deustua eta Zazpi Kaleetako udaltegietan, Indautxuko Karmen aretoan eta Tiboli, Zamakola, Zurbaran eta Errakaldeberri ikastetxeetan be egongo dira ikuskizunak. Saio guztietan sarrerea librea da.

Aurtengo beste nobedade bat familientzako sukaldaritza tailerra izango da, Begoñako udaltegian urtarrilaren 19an egingo dana. Sukaldari ezagun baten laguntzaz, gurasoek eta seme-alabek jateko errezak preparetan ikasiko dabe, euskeraz; 'euskerearen transmisinoa bermatzeko asmoz eratutako jarduerea da, gurasoak eta umeak alkarregaz egongo dira eta', zehaztu dau Ana de Castro zinegotziak.

Euskeraz ez dakien gurasoentzako tailerrak be antolatu ditue Ikusi eta Ikasiren egitarauagaz batera, umeei etxeko lanekaz zelan lagundu erakusteko.

Ikusi eta Ikasi egitasmoaren helburua da, Ana de Castroren esanetan, 'umeen artean eta familia barruan euskerearen erabilerea bultzatzea, euskerea ikasketekaz lotzen dauen mitoa apurtzea'. Topaguneko Aritza Escandonek beste hiru ardatz be ganeratu ditu: 'Kulturea, heziketea eta ondo pasetea'.

Horregaitik, ikuskizun gehienetan, umeen parte-hartze aktiboa bilatzen dala zehaztu dabe antolatzaileek eta gaztetxuen irudimena lantzea dala asmoa. Aurtengo helburu zehatzen artean, ganera, gurasoen parte-hartzea handitzea dago, 'euren laguntzea ezinbestekoa da umeek ondo pasau dagien', esan dau Ana de Castrok. Ganera, ikuskizun guztien artean, 6.000 ikusleren mugea gainditu ahal izatea be helburutzat jarri dabela aurreratu dau Aritza Escandonek.

Urtarrilaren 17an hasiko dira Ikusi eta Ikasiko jarduerak eta, martira arte, danetariko ikuskizunez gozau ahal izango dabe Bilboko umeek, euskera hutsean. Ana de Castro zinegotziak gurasoak animau ditu parte hartzera, euskerea eta heziketea modu ludikoan buztartzeko aukera parebakoa dalakoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu