Teresa del Valle antropologoari emongo deutsie 2010eko Bardintasunerako Emakunde Saria

Dabi Piedra Robledo 2011-01-04 14:07

Gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko bidean egindako lana txalotzeko emoten dau Emakundek urtero sari hori. 2010eko omendua Teresa del Valle izango dala iragarri dabe gaur Bilbon egindako agerraldian, gizarte-antropologiaren alorretik abiatuta 'erreferente aitagarri' bihurtu dalako, epaimahaiaren arabera, bardintasunerako burrukan.

Gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko bidean egindako lana txalotzeko emoten dau Emakundek urtero sari hori. 2010eko omendua Teresa del Valle izango dala iragarri dabe gaur Bilbon egindako agerraldian, gizarte-antropologiaren alorretik abiatuta 'erreferente aitagarri' bihurtu dalako, epaimahaiaren arabera, bardintasunerako burrukan. Emakumezkoen errealidadearen transmisinoaz arduratu dala nabarmendu dau epaimahaiak.

EHUko Gizarte Antropologiako katedraduna da Teresa del Valle eta Eusko Ikaskuntzako presidenteordea. Euskal Herrian ez eze, Ozeano Barean be ikerketa sakonak egindakoa da, Guam eta Hawai ugarteetako unibersidadeetan egindako egonaldiei esker. Antropologia feminista izan da landutako gai nagusietako bat eta, horregaitik, Bardintasunerako Emakunde Sarietako epaimahaiak adierazo dau, 'arlo akademikoan zein gizartean, eragin handiko ikerlaria da'. Emakunderen esanetan, emakume guztientzako saria be bada Teresa del Valleri emondakoa ikerketa, ezagutza eta irakaskuntzan lan egiten daben emakume guztientzako omenaldia, kontuan izanda gainera 2010ean 100 urte bete dirala emakumeak unibersidadean askatasunez matrikuletako aukerea izan ebenetik, ikasle izateko ezelako baimenaren beharrik barik.

Euskal Herriko Unibersidadeak proposatu eban Teresa del Valle Emakunderen Bardintasun Sarietarako, bertan ibilbide luze eta oparoa dauka eta. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak azaldu dauenez, 'unibersidadeetan aurrerapausu nabarmenak egon dira bardintasunaren alorrean, baina lan handia dago egiteko, emakumezkoek indar handiagoa hartu behar dabe unibersidadeetako erabagiteko guneetan'. Bide horretan, Teresa del Valleren ahalegina azpimarratu dau Maria Silvestrek.

Teresa del Vallek autortu dauenez, 'ezustean harrapau nau albisteak, ez neban espero Emakundek ni saritzea'. Hori bai, feminismoagaz beti konpromiso garbia euki dauela azpimarratu dau, 'egin dodan guztia pasinoz egin dot'. Hamasei liburutan parte hartu dau Teresa del Vallek eta artikuluak be, ehundaka batzuk badaukaz idatzita; 'antropologia sozialaren bidez, gizarteari, biziteari begiratzeko modua topau dot'.

Emakunderen Bardintasunerako Saria 2006an emon zan lehenengoz, baina aurretik emoten ziran Emakunde Sarien oinordekotzat jo leiteke. 2010eko sariduna Teresa del Valle izango da eta beraz, Mari Jose Urruzolak, Bagabiltza alkarteak, Bizkaiko Emakumeen Asanbladeak eta Lilaton taldeak osotutako saridunen zerrendan sartuko da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu