EAEko hamar familiatik zazpitan krisiak eragin negatiboa euki dau, Euskobarometroaren arabera
2010-12-23 14:292010eko zemendiko ikerketearen barri emon dabe Euskal Herriko Unibersidadearen Euskobarometroko arduradunek eta, aurreko neurketan gertatu zan legez, honako honetan be, egoera ekonomikoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren ardura nagusia.
2010eko zemendiko ikerketearen barri emon dabe Euskal Herriko Unibersidadearen Euskobarometroko arduradunek eta, aurreko neurketan gertatu zan legez, honako honetan be, egoera ekonomikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren kezka edo burukomin nagusia. 'Etxeen ehuneko 70ean igarri dabe krisia aurten, orain dala sei hileko neurketan baino gehiago da hori', zehaztu dau Francisco Jose Llerak, Euskobarometroaren zuzendariak.
Gaika begiratuta, enplegua da kezka nagusia (% 55), gizarteko desbardintasunen eta ongizatearen aurretik. Indarkeria politikoa herritarren % 2arentzat baino ez da burukomin nagusia, 'minimo historikoa da hori eta azkanengo urteotako joerea jarraitzen dau', azaldu dau Llerak. Euskal erakunde eta politikariei nota txarra jarri deutsie herritarrek, 'hori be ohikoa izaten da gure neurketetan', azpimarratu dabe Euskobarometroko arduradunek. Esaterako, Jaurlaritzeari, hamarreko eskalan, 4,1 notea jarri deutsie bataz beste eta Bizkaiko Foru Aldundiari, 4,6. Politikariek, danek suspendidu dabe eta notarik onena Aralarreko Aintzane Ezenarrok lortu dau (4,7); Patxi Lopez Lehendakariak 3,9ko bataz besteko puntuazinoa dauka.
Eusko Jaurlaritzearen egitasmoen ganean, oro har, desadostasuna garbi erakusten dau Euskobarometroaren 2010eko zemendiko neurketeak. Ekonomia arloan, Jaurlaritzeak ez dauela nahikoa egiten uste dabe gehienek eta gaur eguneko arazoak konpontzeko gaitasunari buruz, herritarren % 42k konfidantza gitxi dauka Patxi Lopezen gobernuan eta % 31k ez dauka ezelako konfidantzarik.
Demokraziaren funtzionamentuari buruz be, datu negatiboak batu ditue oraingo honetan. Ehuneko 58k uste dau sistema demokratikoak ez dauela behar dan moduan funtzionetan. 'Abertzaleek joera handiagoa daukie sistema demokratikoaren hutsak azaleratzeko', Lleraren ustez. Bestetik, Euskobarometroaren arduradunek nabarmendu dabe, Euskal Autonomia Erkidegoan, Gernikako Autonomia Estatutuak zelanbaiteko babesa daukala oraindik (ia erdiak barriro bozkatuko leuke 1979ko testuaren alde), baina estatutua garatzeko eta konpetentzia gehiago ekarteko sentimentua zabaldu da. Euskal Herriaren independentziarako pasinoa be ez da apaldu, azkenengo neurketan, burujabetzearen alde egiten dau % 53k. Hori bai, alde dagozan askorentzat independentzia ez da lehentasuna.
Indarkeria politikoaren aldetik, Francisco Jose Llera irakasleak uste dau, 'gizartea inoiz baino baikorrago dago, % 73ren ustez hobetu egin da indarkeria amaitzeko aukerea'. Aurreko neurketetan legez, honako honetan be, ETAren ekintzen kontra dagoz herritar gehienak, baina deigarriena da, ezker abertzaleko boto-emoleen artean be, gero eta gehiago dirala ETAren jarduna txartzat joten dabenak, 'ezker abertzaleko hamar boto-emoletik lauk uste dabe, euren jardun politikoari kalte egiten deutsala ETAren indarkeriak', zehaztu dau Llerak.
Euskobarometroko ikerketako emoitza zehatzagoak interneten imini ditu Euskal Herriko Unibersidadeak, interesa daben guztien eskura, helbide honetan: http://ehu.es/euskobarometro
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!