1646an Zaldibian epaitutako emakumeei buruzkoa izango da aste honetako Hitzetik Hortzera
2025-11-06 12:48 BertsolaritzeaAlaitz Sarasola eta Mikel Urteaga alkarrizketatuko ditue.
Mikel Urteagak Ordiziako udal artxiboan 2022an topautako jazoera ha kontetan dauen dokumentua artxiboan ezin zala geratu pentsauta, autoa euskeratu eban eta ondoren artikulu forman argitaratu. 2024an, barriz, Soraluzen egindako Señora Bertso Egunerako bertso sorta bat eskatu eutsen Alaitz Sarasolari eta aukerea erabili eban Zaldibiako epaiketea bertsotara eroateko.
Orain ia 400 urte Zaldibian egindako epaiketeari buruz egingo dabe berba. Barbara Agirre, Katalina Iztueta, Margarita Eleizegi, Maria Bautista Agirre, Maria Albisu, Maria Arruitz, Maria Bartzelona, Maria Gartzea Jauregi, Maria Joanitz Iraola eta Maria Ana Mendiola. Hamar emakume, ama bakarrak, eta gehienak, ardatzean lihoa iruten lan egiten ebenak. Horrexek dira 1646an Zaldibian epaitu zituen emakumeak. Juan Martinez Nazabal Zaldibiako garai haretako alkateak akusau zituan, jentartearen arabera desegoki, bekatuan eta eskandaluzko egoeran biziteaz akusau, hain zuzen be. Denporan ezkutuan egon badira be, orain jazo zanaren barri jakin dogu, Alaitz Sarasolari eta Mikel Urteagari esker. Biak alkarrizketatuko ditu Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Bizkaiko eta Nafarroako txapelketetako bertsoaldiak
Hitzetik Hortzerako denboraldi honetan bertso sortak grabau dira eta tartean da Alaitz Sarasolak idatzitako 1646 sortea. Programearen amaieran bertso horreek entzuteko aukerea izango da, Manex Pagolak musikauta eta Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek kantauta.
Abadiñon eta Agoitzen jokatutako finalaurrekoak
Txapelketak aurrera doaz Bizkaian eta Nafarroan: finalaurrekoen fasean sartuta dagoz. Aste honetako programan, bietako bertsoaldiak eskainiko ditue.
Abadiñoko probalekuan egin zan Bizkaiko Txapelketako saioa, finalaurrekoetako lehenengo bueltako bigarrena, hain zuzen. Han kantau eben Aitor Etxebarriazarraga, Enare Muniategi, Gorka Pagonabarraga, Maite Sarasola, Txaber Altube eta Unai Mendiburu. Gai-emoile, barriz, Igor Menika ibili zan. Etxebarriazarraga izan zan nagusi eta finalaurrekoetako bigarren bueltara sailkatu da.
Agoizko kultur etxeak hartu eban Nafarroako Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Eneko Lazkozek irabazi eban saioa eta zuzenean sailkatu da zemendiaren 29an Nafarroa Arenan egingo dan finalerako. Oholtzan beragaz ibili ziran bertsotan Ekhiñe Zapiain, Eki Mateorena, Endika Legarra, Julen Zelaieta eta Saioa Alkaiza; gai-jartzailea Zigor Gartzia Zian izan zan.
Hitzetik Hortzera datorren zapatuan, zemendiaren 8an, izango da, gaueko 21:00etan ETB1en.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
