Konpromiso sendoa erakutsi deutse Euskal Kirol Federazinoei
2025-11-06 11:15 KirolaEuskal Selekzioak nazinoarteko lehiaketetan ofizialak izateko bidean.


Imanol Pradales Lehendakaria Euskal Kirol Federazinoetako presidenteakaz batu da Euskalduna Jauregian, Euskal Selekzinoen Ofizialtasunerako Agendea aurkezteko. Batzarraren helburua Agendea konpartidutea izan da eta presidenteei jakinarazo deutse ondokoa: Eusko Jaurlaritzeak konpromisoa hartzen dau gizarteari eta euskal kirol-federazinoei entzun eta euren aurrean hartutako konpromisoa lankidetzan beteteko. Ofizialtasunaren gaia ez da bulegoetan bakarrik jokatzen, motibazinoaren eta gizarte-aktibazinoaren arloan be jokatzen da.
Lehendakariak adierazo dauenez, ofizialtasuna ez da kontu administratibo hutsa. Garenaren normalizazinoan aurrerapausu bat da: nortasun propioa dauen herrialdea, kirol ibilbide autortua eta bereizten gaituan sentimendu kolektiboa dauena. Kirolak aparteko gaitasuna dau herrialde bat ordezkatzeko eta komunidade-sentimendu bat sendotzeko. Gure selekzino, kirolari, teknikari eta epaileen bidez, munduari erakusten deutsagu zelakoak garen: lehiatzeko, lan egiteko, lankidetzan jarduteko eta errespetetako gure modua. Pista, kantxa, bulego eta zelai ugaritan lehiatzen da. Eta kamisetea izerditu behar dogu. Gure gobernu-programan konpromiso argia ezarri genduen kirola nazinoartekotzeko eta selekzino nazionalak bultzatzeko.
Lan batzarrean, Lehendakariagaz batera, Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, eta Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria izan dira.
Lehendakariordeak azpimarratu dau Federazino bakotxagaz modu personalizatuan lan egingo dabela Agenda honen barruan: bakotxaren neurrira eta beharretara egokitutako laguntzea emongo deutsegu federazinoei. Datozen hileotan hasiko gara lehen batzarrak egiten eta helburua izango da bakotxaren egoerea zein dan ezagutzea eta hori aztertzea: beharrizanak, zalantzak, aurrerapausuak emoteko estrategiak zehaztu....
Esangura honetan, Bengoetxeak jakinarazo dau nazinoarteko testuingurua eta egoera juridikoa eguneratzeko azterketa-txostena eskatu dauela Eusko Jaurlaritzeak: egungo testuingurua ezagutzea kakoa da ofizialtasunerako Agendaren oinarriak ahalik eta zehatzenak izateko.
Lan batzarrean egin dabe berba euren esperientzia eta eretxia konpartiduteko: Euskal Kirol Federazinoen Batasuneko presidenteak, Angel Gurrutxagak; ofizialtasuna lortu dauen Euskal Pilota Federazinoko presidenteak, Joxe Mari Mitxelenak, eta modalidade edo alor batzuetan ofizialtasuna lortu daben Euskal Selekzinoetako federazinoetako ordezkariek: Igor Duñabeitiak, Herri Kirolen federazioko jarduneko presidenteak; Olatz Alkortak, Kanoe federazinoko Zuzendari Teknikoak; Mario Goffardek, Padel Federazinoko presidenteordeak; Bartolome Torralbal, Boxeo Federazinoko presidenteak; eta Zigor Egiak, Mendizale Federazioko presidenteordeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
