2026an sari barri bat egongo da, Lifar Saria, izen handiko jantzari eta koreografoaren omenez
2025-11-07 13:03Urtarrilaren 22tik 25era izango da BBK Salan.
Lehiaketearen helburua da jantza klasikoko talentu gazteak –10 eta 19 urte bitartekoak– topetea eta euren jardunbidea bultzatzen laguntzea nazinoartean entzute handiko ikastegietako beka eta egonaldien bitartez: danetara, 12.000 euro banatuko dira.
Zabalik izena emoteko epea, 2026ko urtarrilaren 15era arte baina lehenago, aurtengo abenduan, Aukeran konpainiaren ikuskizun bat –BBK Salan– eta Serge Lifar artisteari buruzko erakusketa bat –BBK Kunan– bigarren edizinoaren atariko izango dira
Lehiaketea Developpe Dantza Alkarteak atondu eta BBK-k, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dabe. 2026ko edizinoa jantza klasikoaren arloan erreferente lez sendotuko da. Holan, Developpe Dantza Lehiaketearen helburuak dira mundu osoko ikasleak, profesionalak eta ikastegiak batu eta lehiaketea jantzarien belaunaldi barrien garapen profesionalerako plataforma izatea zehaztu dabe Igor Yebra bilbotar jantzari ospetsuak eta Olaeta Balletseko zuzendari Jone Goirizelaiak. Era berean, Nazinoarteko Developpe Dantza Lehiaketea sortu zanetik ha bultzatzen daben hiru erakundeetako ordezkariak be izan dira: BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Begoña de Ibarra Zuazo eta Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendari Iñaki López de Aguileta. Hirurek adierazo dabe jantzeak dauen garrantzia hizkuntza unibersal eta bateratu lez, lehiaketako goiburuak jaso dauen bezela.
Nobedadeen artean, Lifar Saria sortu dabe Serge Lifar jantzari eta koreografoa omentzeko –hiru hamarkada inguruz, Parisko Operako Balleteko lehen jantzari eta zuzendari izandakoa–, bere heriotzearen 40. urteurrena dala eta. Lifar Fundazinoaren laguntzea izango dau sariak, 3.000 euroko diru-kopurua, eta Charles Jude jantzari eta koreografoak zuzenduko dau. Charles Jude fundazino horretako presidentea da, baita Parisko Operako izarra eta Nureyev Fundazinoko Zuzendaritza Kontseiluko kidea be.
Lehiaketan ohiko kategoria indibidualak egongo dira: Umeen kategoria (10 eta 12 urte artekoak), Junior kategoria (13 eta 15 urte artekoak) eta Kategoria nagusia (16 eta 19 urte artekoak). Eta, lehenengo edizinoan bezela, taldeentzako sari berezi bi izango dira, beste estilo batzuetara edegiak eta edade mugarik barik: Multzo Librea eta Euskal Dantzaren Multzoa. Garaikurrak eta diplomak ez eze, 12.000 euro banatuko dira irabazleen artean, bai eta hainbat beka eta egonaldi be Espainiako, Europako eta Amerikako ikastegi entzutetsuetan: María de Ávila Goi Mailako Dantza Konserbatorioa (Madril), Corella Dance Academy (Bartzelona), Dantza Konpainia Nazionala (Madril), Alberta Ballet (Kanada), Sodreko Ballet Nazionala (Uruguai), Academie Internationale d’Été (Niza) eta Jude & Mikhaelev Ballet Academy (Bordele), besteak beste.
I. Nazinorteko Developpe Dantza Lehiaketea
II. Developpe Dantza Lehiaketako epaimahaia nazioarteko talde profesional batek osatuko dau: Charles Jude epaimahaiburu izango da eta epaimahaikideak, barriz, Muriel Romero (Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendaria), Leire Ortueta (Royal Balleteko dantzaria eta Royal Ballet Schooleko irakaslea), Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko dantzari nagusia) eta Mikel Gonzalez Pujana (Bizkai Folklore Taldeko kidea). Horrrekaz batera, Jesús Vallinas jantza-argazkilari aditua, Irudi Eszeniko Onenari saria emongo dauena. Sari-banaketako ekitaldia azken egunean izango da, urtarrilaren 25ean, domekan, arratsaldean (goizean finala izango da), eta ekitaldian jantzari profesional konbidaduen saioak izango dira.
Urtarrilaren 22tik 25era, lehiaketako jarduera guztietarako, sailkapen-faseetatik hasita amaiera-ekitaldira arte, txartelak egongo dira eskuragarri, jenteak be parte hartu daian. Jantzak gizarte osoari hurbiltzeko asmoari eutsiz, BBK Salako atondoan hainbat estilotako eskola magistralak izango dira egun horreetan, lehiaketan parte hartzen ez dabenentzat (14 urtetik gorakoentzat).
Aurtengo abenduan, atontzaileen esanetan Developpe Dantzaren mamina lehiaketako egun zehatzetatik harago zabaltzeko jarduerak izango dira. Holan bada, abenduaren 9an, Aukeran konpainiak Aiurri obrea aurkeztuko dau Bilboko BBK Salan. Ikuskizunean hamar bat jantzarik parte hartuko dabe Edu Muruamendiarazek zuzenduta eta Xabi Aburruzagaren musika magikoa lagun. Era berean, abenduaren 15etik 19ra bitartean, BBK Kunan Serge Lifarri buruzko (Ukraina, 1905-Suitza, 1986; frantses nazionalizatua) erakusketa bat izango da. Lifar jantzaria, koreografoa, maisua eta ballet klasikoaren ikertzailea da, oinarrizko artistea jantzearen historian eta, besteak beste, Frantziako eskolea barritzen lagundu eban. Erakusketa horretan (sartzea doban) hainbat objektu egongo dira ikusgai (argazkiak, agiriak, jantziak...), hori guztia Lifarren jardunbidea eta nazinoartean dauen eragina ezagutarazoteko.
II. Nazinoarteko Developpe Dantza Lehiaketeari buruzko argibide gehiago, oinarriak eta izen-emoteak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
