Hemen dago Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokea
2010-10-28 15:31 KultureaUrteroko hitzordua da udagoienean, Bizkaiko uriburuko Areatzan, eta aurten, dagoeneko, 32. ekitaldia beteko dau liburu zaharren eta katalogotik kanpo dagozanen feriak. Gaur, barikuan, urriak 29, zabalduko dabe azokea eta zemendiaren 14ra arte egongo da Bilbon.
Urteroko hitzordua da udagoienean, Bizkaiko uriburuko Areatzan, eta aurten, dagoeneko, 32. ekitaldia beteko dau liburu zaharren eta katalogotik kanpo dagozanen feriak. Gaur, barikua, urriak 29, zabalduko dabe azokea eta zemendiaren 14ra arte egongo da Bilbon.
Aurten, 30 argitaletxetik gora batuko dira Areatzako moiletan, gehienak Hego Euskal Herrikoak. Alde batetik, liburu zaharrak eta arraroak topetako aukerea egongo da eta, bestetik, okasinozko liburuak be egongo dira, hau da, horren zaharrak izan ez arren, katalogotik kanpo geratu eta prezio merkean saltzen diranak. Ohikoa dan legez, aspaldiko diskoak, kartelak eta antzekoak be egongo dira erakusmahaietan.
Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak Bilboko Azokearen aurkezpenean azaldu dauenez, liburu baliotsua zein dan jakitea askotan gatxa da. 'Bilbon salgai egongo dan zaharrena XVI. mendeko erlijino-liburu bat da, esaterako, baina ez da inondik inora be baliotsuena, horren zaharra izan arren'. Liburuaren zenbat ale dagozan edo kalidade literarioa garrantzitsuagoak ei dira ale baliotsuak aurkitzeko orduan. Bilbon, 1.000 eurotik gorako liburuak be ikusi ahal izango dira. Dana dala, material gehiena prezio merkean egongo da, edozein herritarren eskura. Asier Muniategik euskal gaietako liburuak azpimarratu ditu, izan be, 'harribitxi bat baino gehiago topau leiteke horrelako azoketan'.
Liburu zaharrakaz batera, aukerako liburuak be egongo dira Bilboko Areatzan. Euskal Autonomia Erkidegoan 3.500 liburu inguru argitaratzen dira urtero, erdiak euskeraz, eta Muniategiren ustez, 'hori kopuru handia da eta, beraz, liburuen bizitza komertziala laburra da, eskaintza zabalegiaren ondorioz'. Hori dala eta, obra asko arin deskatalogetan dira eta Bilbokoa moduko azokak aproposak dira liburu horreek topetako. Ganera, prezio merkean saltzen ditue okasinozko liburuak, 'kulturea zabaltzeko beste bide bat da', Justo Ezenarro Bilboko Udaleko ordezkariaren eretxiz.
Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokeak 32 ekitaldi beteko ditu, beraz. 'Finkatutako hitzordua da, liburu zahar eta okasinozkoen merkadua sendotuz doa', Kepa Torrealdai Bizkaiko Liburu Saltzaileen Alkarteko presidenteak nabarmendu dauenez. 'Aukerako liburuek ganera, interes berezia daukie krisi sasoiotan', gogora ekarri dau Torrealdaik.
Azokea egunero egongo da zabalik, zemendiaren 14ra arte, goizez hamaiketatik ordubietara eta arratsaldez, barriz, bostetatik bederatzietara, astegoienetan ordu erdi gehiago. Aurten Areatzako moiletara eroan ditue erakusmahaiak, Areatzaren erdiko gunea obretan dago eta. Asier Muniategik garbi dauka feriaren egitekoa: 'Beste liburu azoka batzuek glamourra daukie, idazle ezagunakaz-eta, baina honek xarma berezia dauka'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!