Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketea domekan jokatuko da Atxondon

Bizkaie! 2010-09-17 11:07

Laugarren urtez jarraian egingo da Atxondon txapelketea, Axpe auzoko Eleizaburu landan egingo da, Anbotoren magalean eta paraje ezin ikusgarriagoan, Atxondoko Udalaren laguntzinoagaz.

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketearen 44. edizinoa egingo da datorren domekan, irailaren 19an, Atxondon (Bizkaia), Axpe auzoan. Lurraldez lurralde txapelketak egin eta gero, txapeldun eta txapeldunorde guztiak lehiatuko dira goizeko 11:00etan hasiko dan jaialdian, Gerediaga elkarteko iturriek jakinarazo dabenez.

Laugarren urtez jarraian egingo da Atxondon txapelketea, Axpe auzoko Eleizaburu landan egingo da, Anbotoren magalean eta paraje ezin ikusgarriagoan, Atxondoko Udalaren laguntzinoagaz. Txapelketaz gan, ikusleek, sarrerako bost eurogaz Kalitatea Fundazinoaren eskutik sahieskia eta ardaoa probetako modua izango dabe.

Danetara, 11 txakur eta artzain izango dira lehian txapelketearen 44. edizinoan. Hona hemen ordezkaritzea lurraldeka:

- Bizkaitik - Txapelduna: Lur txakurra eta Juan Jose Egurrola (Etxebarria) - Txapeldunordea: Luna txakurra eta Jose Ramon Garcia (Sodupe).
- Arabatik - Txapelduna: Leze txakurra eta Jose Maria Jauregi (Illarduia) - Txapeldunordea: Azke txakurra eta Jon Zuazo (Nafarrete)
- Gipuzkoatik - Txapelduna: Azkar txakurra eta Juan Jose Arrizabalaga (Elgoibar) - Txapeldunordea: Txato txakurra eta Ramon Larrañaga (Azkoitia).
- Nafarroatik - Txapelduna: Ttiki txakurra eta Jose Antonio Alustiza (Areso), 2009ko Euskal Herriko txapelduna - Txapeldunordea: Lagun txakurra eta Jose Mari Ixilarte (Amaiur) - Hirugarren sailkatua: Hiru txakurra eta Jesus Razkin (Etxarri-Aranaz).
Nafarroatik hiru txakurrek parte hartuko dabe, igazko Euskal Herriko txapelduna eta aurtengo Nafarroako txapelduna bat diralako. Igazko edizinoko irabazlea zuzenean sailkatzen da beti.
- Ipar Euskal Herritik - Txapelduna: Txiko txakurra eta Marzel Hualde (Aldude) - Txapeldunordea: Alai txakurra eta Michele Atxeritogarai (Iholdi).

Txakurrek artzainen aginduetara hiru lan egin beharko ditue: banderakaz finkatutako bide batetik joan behar dau txakurrak eta ardiak dagozan lekutik urruntzen; landako hesietatik ardiak pasetea; eta ardiak ezkortan sartzea.

Lehenengo saria 190 euro, 'Deia' egunkariak emondako txapela, Atxondoko Udalak emondako kopea, Gerediaga Alkarteak emondako txapeldun uhala eta oroigarria, eta Kalitatea Fundazinoa-Eusko Labelek eskainitako oparia izango dira. Ganerako parte-hartzaileek be, dirua ez eze, oroigarri eta opariak jasoko ditue. Horrezaz gan, hiru sari berezi emongo dira: artzain jantzi onena, euskal artzain txakur arraza onena eta Durangaldeko txakur onena.

Erantzunak

Erramun Gerrikagoitia 2010-09-17 18:22 Erantzuna | #1

Nola dagozen txakurrak direnak erbitarako edo oilogorretarako deitzen direnak erbitxakur edo oilogortxakur halaxe berdintsu txakurrak direnak zaintzeko ardiak dira arditxakurrak baina ez artzain txakurrak nahiz-eta arditxakurren erabiltzaileak diren artzainak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu