Bea Majuelo: 'gizarteak esango dau noiz arte jarraitu beharko dogun Zinegoak moduko jaialdiak egiten'
2011-01-17 10:39 BarriketanGay-lesbo-trans gaia lantzen dau Bilboko Zinegoak jaialdiak eta dagoeneko zortzigarren ekitaldia beteko dau aurten. Urtarrilaren 22tik 30era, mundu osotik etorritako 76 film proiektauko ditue eta beste ekitaldi asko be iragarrita dagoz egunotarako. Ganera, zezeilaren 1etik 14ra, Zinegoak Hedapena sailaren bidez, Gasteizen, Iruñean, Donostian, Errenterian, Getxon, Leioan, Sestaon, Durangon eta Gernikan proiekzinoak antolatu ditue. Zinegoak jaialdiko zuzendariaren albokoa Bea Majuelo da eta zinemaldirako egun gitxiren faltan buru-belarri lanean dabil azkeneko zehetasunak preparetan. Beragaz egin dogu berba.
1.- Zortzigarren ekitaldia beteko dau Zinegoak jaialdiak, finkatutako hitzordua dala esan geinke?
Badira urte batzuk eta baietz esango neuke, bai hedabideen arreteagaitik eta bai publikoaren erantzunagaitik be ikusten dogu honezkero finkatuta dagoala.
2.- Ze hutsune betetera dator Zinegoak, ze helburugaz antolatzen dozue?
Tematika honetako jaialdi guztiek beteten dabe hutsune bardina, orain dala urte batzuk ikusi genduan Bilbon ez egoala gay-lesbo-trans pelikulak ikusteko aukerarik, zirkuitu komertzialak ez dau horretarako lekurik ixten eta, hasierako zailtasunak gaindituta, erabagi genduan zinema jaialdi hau antolatzea.
3.- Aldarrikapen kutsua be badauka Zinegoak jaialdiak, noiz arte izango da beharrezkoa aldarrikatzen segidutea, holako ekimenak antolatzen jarraitzea?
Gizarteak esan beharko dau hori, eta denporeak. Gugaitik balitz, hobeto Zinegoak eta antzekorik ez balego, gizartean bardintasuna dagoala esan nahi izango leuke, baina zoritxarrez ez da holan eta gaurko merkaduan, gay, lesbiana eta transexualen gaiak lantzen dituen filmek ez daukie lekurik zirkuitu komertzialean eta gauzak holan ikusita, jarraitu egingo dogu guk.
4.- Autoreak edo zinegileak Bilbora ekarteko orduan, ze aukeraketa egiten dozue, galbaherik pasetan dozue?
Zuzendaria eta zuzendariordea urte osoan ibilten dira hara eta hona, laster Berlinera be joango dira, hango zinemaldiko gay-lesbo-trans sailera; Veneziara, Torontora eta abar joaten dira. Han ikusi egiten ditue ze lan izan leitekezan interesgarriak. Bestetik, jente asko bere kabuz jarten da gugaz hartu-emonetan eta apurka-apurka proiekzinoetako pelikulak hautatzen joaten gara. Jasoten doguzan film guztiak banan-banan ikusi eta erabagi egiten dogu egitarauan sartzea merezidu daben ala ez.
5.- Zinegoak Bilboko jaialdia da, baina Zinegoak Hedapena sailari esker, beste herri eta uri batzuetara ataraten dozue zeuen lana, ze garrantzia dauka horrek?
Guretzat oso garrantzitsua da, hasieratik ikusi genduan Bilbo moduko uri baten gatxa dala gay, lesbiana edo transexual izatea baina zer esanik ez herri txikietan, horregaitik da inportantea jaialdiaren zati bat holako udalerrietara eroatea. Aurten zortzi udalerritan egongo gara eta nabarmentzekoa da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ibiliko garela.
6.- Aurreretxiak dagoz gaur egun oraindino homosexualen eta transexualen ganean. Hori dala eta, erakunde publikoen zein babesleen aldetik mesfidantzea jasan behar izan dozue laguntzino eske joandakoan?
Bai, akaso ez deutsue zuzenean esaten baina sarri atzemoten da ezezko baten atzean, argi eta garbi, zer dagoan; gu ez gara tontoak, denporea daroagu honetan eta igarten dogu. Esaterako, Zinegoak Hedapena sailerako herri batera joan ginan proiekzinoak egitea eskainiz eta guk proposatutako aretoa ezin genduala erabili esan euskuen, lokala eleizearena zala eta. Gehienetan, baina, oso jente edegia topatu dogu, zorionez.
7.- Ze publiko mota daukazue oro har?
Gehienbat gay, lesbiana eta transexualak joaten dira baina publiko heterosexuala be badaukagu, batzuk ikusle finkoak dira. Adinari jagokonez be, harrigarria da ze aniztasun dagoan, adin tarte ugaritako ikusleak izaten doguz; urtero-urtero gure lokalera etorten da gizon bat, hirurogeita hamarretik gora urte eukiko ditu harek, eta beti erosten dau jaialdiko bonua. Gero eta gaztetxu gehiago be etorten dira eta hori pozgarria da.
Bestetik, aurten lehenengo aldiz, umeei zuzendutako antzezlanak programau doguz eta horren bidez beste edade tarte batera ailegauko gara, hunkigarria izango da umeak be guk antolatutakoagaz gozetan ikustea, eurei be zeozer eskaintzea.
8.- Hegoak alkartea dago Zinegoak jaialdiaren atzean. Zinegoak bera, babes publiko eta pribaduaren aldetik ondo antzean dabil, baina Hegoak alkarteari dirulaguntzinoa bajatu eta etorkizuna ilundu deutsie, horrek ze eragin dauka?
Hegoak inoiz baino okerrago dago, larri, espero dogu datorren urtean hau konpontzea. Esango neuke, guri dirulaguntzinoak kentzea erabagi dabela, ze % 80 bajatu da urte batetik bestera! Alkartea da oinarria, lokala eta alkarteko jentea beharrezkoak dira, derrigorrezkoak, ekimenak antolatzeko, Zinegoak adibidez. Orduan, Zinegoak orain hobeto dabil aurrekontu aldetik, hainbestean esango neuke, baina beti Hegoak alkartearen menpe be egongo da apur bat zinemaldiaren etorkizuna.
9.- Zuzendariaren albokoa zara zu, inplikazino handia eskatzen deutsu?
Ni Hegoak alkarteko behargina naz eta urte osoan ibilten naz laguntzen, baina Zinegoak ekintza garrantzitsua da eta polita. Jente asko mobiduten da eta jente asko ezagutzeko modua eukiten dot, babesleak, politikariak, nazinoarteko zinegile eta aktoreak eta abar; puntu polita, erakargarria dauka horrek eta, bestalde, lan gogorra be bada, detaile asko kontuan hartu behar dira, lotu beharreko gauza asko dago denpora laburrean. Baina helburu polita dago honen atzean eta gustura egiten dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!