Italia, Malta eta Tunisia: Mediterraneoko tenperatura bajuak eta norabide zehatzik bako haizeak

Egoi Urkiza 2010-05-24 18:36   Euskaldunak munduan

Lituaniar lagun bat etorri jaku bisitan eta Frantziara arte geugaz egongo da. Baina nik maila pertsonalean gogoratuko dot Tunisia, 'Open Water Diver' bihurtu naz eta. Orain, buzeatzeko txartela lortu dot.

Urte bitan ez dogu horrenbeste burukomin izan 100 edo 200 itsas-milia egiteko! Mediterranear itsasoa gobernauezina da! Itsaso honetan, urteko hilebete honeetan behintzat, haizea guztiz zoratuta dabil. Edo beti kontrara. Edo lar indartsu. Edo batera eta bestera aldatzen. Edo haizerik barik! Gobernauezina! Eta, ez hori bakarrik, gauetan hotz handia egiten dau! Egunez, batzuetan be, hotz galanta egiten dau! Lisboatik ez genduzan praka luzeak jantzi, baina orain ez dago beste erremediorik! Gauez dana busti-bustita gelditzen da garoaren ondorioz eta katarrotxuren bat be hartu dogu... Baina ez gara beti kexa eta kexa ibiliko ze, astiro-astiro, arazo handirik barik, Sardiniarako bidean (Italia) gagoz. Orain dala pare bat ordu Kelibia, Tunisiatik urten dogu. Baina hilebete honetan gertatutakoak kontau behar doguz.

Gure lehengo geralekua: Sirakusa (Sizilia, Italia). Nabigazino ederra izan zan Kretatik (Grezia) Sirakusara arte. Haizea ekialdetik 15 korapiloan, eta eguzkia beti lagun. Izurde piloa ikusi genduzan baina arrantzan ez gara fin ibili. Mediterraneoko arrainaren gustua ez dakigu zelakoa dan oraindino. Mafiaren ganeko liburuak eta filmak gustetan jakuzanontzat, Sirakusara ailegetea berezia da, batez be El Padrino trilogia edo Mario Puzoren libururen bat irakurri dogunontzako. Sirakusa orain arte ikusi dogun portu herririk ederrena da. Miloeka plaza, eleiza, katedral. Gaztelu eder bat, greziar eta erromatarren sasoiko harresiak, zirkuak, anfiteatroak... Alde Zahar handia eta kale estuz betea. Oso-oso polita, baina dana karu! Non dagoz Asia hegoaldeko prezioak? Non? Marinaren batera joateko amesa geunkan (portuan egotea galarazota egoalako); saiatu ginan, baina 50 euro pagau behar ziran. Beraz, portuaren alboko badia batera joan eta, handik, egunero joaten ginan herrira. Halanda be, ez genduan ugartea ikusteko aukera handirik izan.

Autobusak opor-greban atrapau genduzan eta auto bat alokatzea dirutza ederra zan. Beraz, paseoan ibili ginan eta egunen batean autobusa be hartu genduan, inguruak ikusteko. Ikustekoa da, atentzino handiz ganera, zelan janzten diran italiarrak! Emakumeak zein gizonak! Guk piperrik be ez dakigu modearen inguruan baina modan joateko holan jantzi behar bagara... gurago modaz kanpo jarraitzea!

Siziliara bueltetako amesa dogu, batez be herrialdearen erdialdea eta iparraldea ikusteko. Baina, horretarako, dirua lortu beharko dogu.

Gure bigarren geralekua: Gozo, Malta. Egun bi eta gau egin genduzan itsasoan gure lagun frantziarrakaz, eurek euren belaontzian eta gu gurean. 'Hiru mosketeroak', holan deitzen deutsegu Bretainiako 3 lagunei -gu baino ordu bi lehenago heldu ziren Gozo-ra-. Nabigante trebeak dira. Maltako ugarteetan astebete egon ginan Tunisiara joateko haizearen zain eta 3 ugarteetatik 2 ikusteko aukerea izan genduan. Gozo ugartea osorik ikusi dogu, Maltatik Valletta eta inguruak eta Comino baino ez eta ugarterik txikiena ezin izan genduan bisitau. Gozon Mgarr portuko marinan egon ginan eta herri txiki horretako parte bihurtu ginan. Hemen danak ezagunak dira eta bertako taberna baten ordu pare bat egon ezkero herriko persona bihurtzen zaitue. Oso jente atsegina eta lasaia, oso lasaia, da. Gozo ugartea osoa ikusteko gai izan ginan auto bat alokatuta 3 mosketeroakaz batera. Victoria (Rabat) uriburuko Ciutadela, gatza egiteko arkatxak, itsaslabarrak, Malta eta Comino... Gozo ederra da. Merezidu dau Victoriako alde zahar arabiar txikian ordu pare batez galtzea. Benetan. Maltako ugartera ferrian joan ginan eta autobusean Velettara. Txikia da, baina orain arte ikusi dogun uribururik ederrena da. Ikusgarria, atsegina, lasaia, historiaz betea, zaharra, garbia. Azaltzea tontakeria bat da argazki pilo bat dagoz Interneten (www.ragaine2.com). Floriana eta inguruko herri batzuk be ikusi genduzan, honeek be ikustekoak. Ardao asko edan genduan Maltako ugarteetan, ardaoa gozoa da baina ez dakigu zelan egiten daben! Ia ugarte guztiak jentez ganezka dagoz, batez be Malta.

Gure hirugarren geltokia: HAMMAMET YASMINE, TUNISIA.

Nabigazinoa ederra izan zan baina gauetan hotz lar egiten dau. Oraindino tropikoko tenperaturara ohituta gagoz. Eta itsasoko uraren temperaturea 17Cº. Ia ezinezkoa, edo oso gogorra da dutxa eder bat hartzea! Leku honi buruz ez daukagu asko idazteko. Lujozko marina batean egon ginan, 20 euro gaua, baina beharrezkoa zan, Andriusek eta Rasytak Tunisiako bisadua egiteko. Ia ez daukagu lekurik pasaportean! Marineak ez eukan ezer berezirik eta herria, Hammamet, oso polita baina lar turistikoa. Aitagarriena Medina zaharra da.

Tunisian beste 2 tokitan gelditu gara. Lehenengoa BENI KIHAR. Arrantza-portu txikitxua, jente maitagarriz josia. Hemen ez dira Hammameten modukoak, jentea ez da saltzailea eta ez deutsuez belarriak odoletan ixten. Gehienak arrantzaleak eta artile-langileak dira. Herria kostaldetik 3 kilometrora dago eta XVI. mendekoa da. Leku hau piraten paradisua zan eta bertakoek, etxebizitza eta euken guztia ez galtzeko, alde egitea erabagi eben. Geuk be, haize gogorrak etorri aurretik, alde egin dogu.

KELIBIA. Beni Khiar baino handiagoa da. Herria eta portua mendian dagoan Otomanoen gaztelu harresi batetik kontrolau daiteke. Mendi bakarra dago eta tontorrean harresia ikusteak lekuari xarma ederra emoten deutso. Portua mobimentu handikoa da eta arrantzale ugari dagoz, 400 ontzi baino gehiagogaz! Herriak ez dauka beste munduko ezer: medina zaharra eta hilerria dira herriko lekurik aitagarrienak. Kelibiatik autobusez egun bat eta alokatutako autoz beste egun bat egin genduzan. Cap Bon osoa ikusita, esan geinke honeek dirala gehien gustau jakuzanak: Kerkouane (Kartagotarren herri zahar baten hondarrak), El Houaria (hemen, udan, txori harrapakarien konpetizinoak egiten ditue, bista bikainak dagoz eta erromatarren sasoiko kobazulo artifizialak ditue), eta, amaitzeko, Korbous (ur beroz eta balneario naturalez beteriko herri arrantzale txikia, oso-oso txikia).

Tunisia asko gustau jaku, pentsetan genduana baino askoz trankilagoa izan da eta horrek poztasun handiagoa emoten deusku (ez genduan beste Egipto bat gura).

Lituaniar lagun bat etorri jaku bisitan eta Frantziara arte geugaz egongo da. Baina nik maila pertsonalean gogoratuko dot Tunisia, 'Open Water Diver' bihurtu naz eta. Orain, buzeatzeko txartela lortu dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu