Europan barriro: Suez Kanala (Egipto), Mediterraneoko tifoitxua eta Kreta (Grezia)

Egoi Urkiza 2010-04-28 15:38   Euskaldunak munduan

Europako bizimodura bueltetako aukerea izan dogu (batez be, Interneterako konexino ona izateko). Baina beste herrialdeetako magiaren faltea igarten dogu. Non dagoz beti olgetako prest dagozan umeak? Eta gameluak? Eta elefanteak? Non? Hemen turista arruntak baino ez gara.

Suez Kanala (Egipto): Egiptok herrialde ederra izateko ezaugarri bikainak ditu. Itsaso Gorria, Mediterraneoa, basamortua, Nilo ibaia, antxinako zibilizazinoa, Historia, jatekoa... Baina, ez da. Jenteak 'kutxazain automatiko' baten moduan tratetan zaitu eta hori ez jaku bape gustau. Ia denporeagaz aldatzen dan. Eskerrak hori leku turistikoetan edo Suez-eko Kanalaren inguruan baino ez dala gertatzen eta, inguru horreetatik kanpora joan ezkero, herri txikietan jentea maitagarria eta atsegina da.

Kanalean be pagau egin behar izan genduan, baina faktura barik (beti piratak moduan sentiduten; zelan erakutsi pagau dogula?), eta gainera, Port Suez-en pasaporteak sinatu euskuezan. Heeve gure Agente-Desastre Lapurra! Beraz, Ismalia-n eta Port Said-en egonalditxua egiteko aukera barik gelditu ginan. Egiptoko azken desastrea izan zan hori, baina aitagaz eta amagaz egondako denporea eta ikusitako leku ederrak beti izango doguz buruan. Beste batera arte Egipto, edo ez?

Mediterraneoko tifoitxua: Dana korapilatu zan! Alde batetik, Egipton ezin ginan denpora gehiago egon. Beste alde batetik, eguraldiaren iragarpenek ez euskuezan barri onak ekarri. Halanda be, azken datu hori ez zan beste munduko ezer. Baina Egiptotik 200 itsasmiletara gengozanean, itzelezko tifoiak eragin euskun. Ames gaiztoa lakoa izan zan hura, gogorra esatea gitxi da. Itsaso txarra, haizea, olatuak. Danak gure kontra, eta inoiz baino gogorrago! 25 korapiloko haizeak espero genduzan baina 60 korapilo baino gehiagokoak izan ziran. Eta txarrena, ez zirala 12 hordu izan, 54 ordu baino! 50 itsas milia egin genduzan Alejandriarantz, Egiptorako bidean. Guztiz kontrako norabidea zan ha! Haizeek eta korronteek bultzatuta joan ginan.

Bela txikienagaz 2 egunetan haizeari, itsaso txarrari eta olatuei aurre egin ostean, bildurrezko istorioak be kontetako kapaz gara orain!

Kreta (Grezia): kostau jakun ailegetea! Nabigazinorik gogorrena izan zan. Baina bueltan gagoz, barriro Europar Batasuneko herrialde batean! Sentiduten doguna azaltzea oso gatxa da: poztasuna eta pena handia. Zelan azaldu. Alde batetik barriro familia, lagunak... ikusteko gogoz gagoz eta, bestetik, amesa, abenturea... ez dogu amaitu gura. Zelan azaldu sentiduten doguna? Halanda be, oraindino asko falta jaku Bermeora eta Lituaniara ailegetako!

Gure lehenengo portua Agios Nikolaos izan zan. Hotel batera joan eta dutxa eder bat hartu genduan. Hotela ez zan merkea izan, 21 euro, baina, pasautakoak pasauta, ur beroa, elektrizidadea, komun garbiak, komuneko papela... behar genduzan. Afaltzera bertako taberna batera joan ginan eta barriro txarri-okelea jatea plazer itzela izan zan guretzat, ordura arte hainbat herrialde musulmanetan ibili ginan eta, Sri-Lankatik Greziara, Eritrea kenduta (baina Eritrean ez euken okelarik). Eta ez okelea bakarrik, oliba orioaz be gozau genduan.

Agios Nikolaos oso portu eta herri polita da. Oso aldapatsua, Bermeo lakoa. Oso ondo pasatu genduan bertan, baina gure amesa leku merkeago batera joatea zan.

Bigarrena geltokia Rethimno-ko hotel bat izan zan. Hau bai leku ederra. Lekua oso turistikoa da eta, leku turistiko guztiak legez, etxez, hotelez eta jatetxez josita dago. Baina oso polita da. Alde Zaharra zoragarria da, harresi bategaz eta veneziar estiloko portuagaz. Alboan, Mediterraneoko ur urdina (Pazifikotik, Itsaso Gorritik eta Thailandiatik etorrita, Mediterraneoa ez da hain harrigarria, baina tira).

Bertan, auto bat alokatu geduan 3 egunetarako (55 euro), Kretako herririk ederrenak ikusteko. Politenak mendi ingurukoak eta hego kostaldekoak dira, zuri-zuriak. Mendiak be ikusgarriak dira, 2.450 metrotakoak eta hortik gora ugarte txiki batean! Ondoren, hotela bilatzeari ekin geuntsan eta egun horretan egonaldia doban urten jakun. Suberte ederra gure egoera ekonomikoa ikusita!

Bai. Kretan Europako bizimodura bueltetako aukerea izan dogu (batez be, Interneterako konexino ona izateko). Baina beste herrialdeetako magiaren faltea igarten dogu. Non dagoz beti olgetako prest dagozan umeak? Eta gameluak? Eta elefanteak? Non? Hemen turista arruntak baino ez gara.

Syracusa, Sizilia (Italia): Horra ailegetako, oraindino 100 itsas-milia falta jakuz eta belaontziko motorra arazoak emoten hasi da. Ia erraz konpontzen dogun. Baina hori hurrengo kronikako abenturatxoa izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu