Ardotxu: txikiteorako ardaoa

Imanol Sarasola 2010-04-12 14:57   Jan edanak

Bizkaiko 25 bat bodega alkartu dira Ardotxu izeneko logotipoagaz txikiteorako ardao bat atarateko. Helburua ardao hori ezagutzera emon eta beronen kalidadea bermatzea da, kontsumitzaileen konfidantzea berreskuratzeko.

Bizkaiko 25 bat bodega alkartu dira Ardotxu izeneko logotipoagaz txikiteorako ardao bat atarateko. Helburua ardao hori ezagutzera emon eta beronen kalidadea bermatzea da, kontsumitzaileen konfidantzea berreskuratzeko.

Ekitaldian txikiteoko ardaoaren inguruan ezagunak diran hiru ezagun izan ziran: Juan Fermin López Nájera upategikoa, Yolanda Elvira eta Juan Cruz Barroeta. Horreez gan, Aitor Elizegi sukaldaria be bertan izan zan.

Ekitaldia jai girokoa eta hunkigarria izan zan, izan be, sasoi bateko eta egungo ardaogile ugari batu ziran bertan txalapartearen doinuakaz alaitutako giroan. Juan Cruz Barroetari ohorezko aurreskua egin eutsen, honetan berak daroaz-eta urte gehien.

Alkarteko baten esanetan, 'betiko txikiteoko ardoari eginiko aldarrikapen bat izan zan ekitaldi hau, gure aurrekoek erakutsi deuskuen moduan, egunero hartzen zan ardaoari, besteak beste, ohitura sozialak be helburu izanda, hurreko ardao, lagunarteko hartu-emonen eragile, parte-hartzailea, solidarioa eta, era berean, boltsiloari zulo handirik egiten ez deutsona'.

Ardao mueta hori Bizkaian botilaratzen da eta bere balio ekologikoa be azpimarratu eben ekitaldian, kutxetan zein botiletan, barriro erabilteko eran banatzen dalako ardao mueta hori.

Ardotxuren kalidadeari jagokonez, erraz edateko ardaoa izango dala esan geinke, atsegina, baltzetan gitxienez 5 puntu espektofotometrikogaz, egurrik bakoa eta 12,5-13º bitartekoa eta azidotasun tartariko bajukoa (4,5), besteak beste. Laburbilduz, ezaugarri enologiko handirik bakoa baina, era berean, 'helburu sozialak' beteko dituana.

Alkarteak, bai kalidadea bermatzeko, baita kontsumitzaileen konfidantzea berreskuratzeko be, kalidade kontrolerako neurriak hartzea aurreikusi dau.

Apustu ausarta da kalidadezko txikiteorako ardaoaren aldekoa, baina, bere izaerea galdu barik, txikiteorako ardaoa baina ez karua. Duda barik, helburu gatxa ardaoaren kontsumoa beherantz egiten ari dan sasoi honetan eta, batez be, ardao mueta honena.

Zorionak emon behar jakoz alkarteari ardaoaren kulturako espazio inportante hau, ia galduta egon dana, berreskuratu gura izateagaitik, ardaoaren kalidadearen aldeko apustua eginez eta gure herrian hain zuztartuta egon dan txikiteorako kultura hau berreskuratzeko egiten ari dan ahaleginagaitik.

Ardotxu izeneko ardaoa laster tabernatan egongo da danok probau ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu