Mahatsaren usteldura grisa aurreikusteko biosensore barria

Imanol Sarasola 2010-01-20 14:49   Jan edanak

Usteldura grisaren kontrako tratamendu prebentiboa egitea lau mila euro hektareako dala kalkuletan da, eta sistema barri honegaz dirutza hori gastau beharrik ez da egongo. Sistemearen izena Safegrape da (Mahats segurua/mahats sanoa).

Alemania, Italia eta Frantziako bederatzi enpresa eta ikerketa zentro eta Errioxako Unibersidadea beharrean dabilz biosensore baten diseinuan, minutu bateko tartean botrytis cinere-ak sortarazoten dauen usteldura grisa (mahastiek izan leikien infekzinoa, mundu guztian zabaldua dagoana) atzemoteko.

Botrytis cinerea honddo bat da eta ardaoa egiteko mahatsak kaltetzen ditu 'usteldura grisa' izeneko infekzinoa sortuz eta ondorioz, mahatsen kalidadean eta horreekaz eginiko ardaoan eragiten dau, usain eta gusto osogaietan aldaketak sortuz, baita ezaugarri organoleptikoetan be, aparra sortzea eragotziz eta hartzidurea geldiarazoz.

Gaisotasun hau mahatsak izan leiken infekzino zabalduena da munduan eta ondorioz, arazo larria mahastietako nekazarientzat eta ardaogileentzat, izan be, erraz zabaltzen da eta fungizidek ez deutse kalte handirik eragiten. Gaisotasun honek sortarazoten dituan galera ekonomikoak be nabarmenak dira; aurreikuspenen arabera, uztaren % 15-40, 15.000 miloe euro urtean, munduan egiten dan ardaoaren % 25 inguru galtzen dira infekzino honen ondorioz.

Errioxako unibersidadeko Kimikako irakaslea dan Consuelo Pizarrok, aitatu proiektu honen buruak, goraipatu egin dau ikerketea ez dalako esistiduten beste metodo edo tresnarik mahastietan botrytisa garaiz aurreikusi ahal izateko.

Ardaoaren kalidade kontrola gaur egun, zuzenean gainbegiradea emonaz egiten da edo bestela, laborategietan analisien bidez baina denpora tarte handia behar izaten da horretarako eta gainera, konplexuak dira eta karuak.

Usteldura grisaren kontrako tratamendu prebentiboa egitea lau mila euro hektareako dala kalkuletan da, eta sistema barri honegaz dirutza hori gastau beharrik ez da egongo. Sistemearen izena Safegrape da (Mahats segurua/mahats sanoa) eta tresna merkea eta sinplea izango da ardaoaren industriarako, usteldura grisaren azterketa kuantitatiboa eta fidagarria egiteko denpora tarte laburrean.

Biosensore barria bi tresnaz osotuta dago:

- Eskuko tresna mahastietan neurketak egiteko, nekazariek mahastietan erabil daien edo mahatsa batu ostean.

- Beste tresna bat ardaoa egiten dan tokian kalidade kontrolerako dagozan beste ezaugarriakaz batera erabilteko: azukera kopurua, azidotasuna...).

Tresna honeek ardaoaren kalidadea hobetzen lagunduko dabe eta uztaren aprobetxamendua optimizetan gitxienez %10ean, izan be, mahastietan bertan aprobak denpora tarte laburrean egin ahal izateak asko errazten ditu gauzak. Ondorioz, espero da tresneria honek sekulako arrakastea izatea eta proposatu daben enpresek (PYMEak) dirutzak jasotea, dozenaka miloe euro inguru.

Azken buruan, proiektu honetan parte hartu dabenak, besteak beste, ondokoak dira: E. Begerow GMBH&Co.KG- Food and Beverage (Alemania), Medievoko Bodegak SL España, Escobioservices Srl (Italia), Vitis Top SL (España), German Wine Growers Association (Alemania), Instituto Nazionale di Biostrutture eBiosistemi (Italia), Labor Srl (Italia), Geisenheim Research Center (Alemania) eta Errioxako Unibersidadea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu