Gabonak Thailandian

Egoi Urkiza 2010-01-07 10:49   Euskaldunak munduan

Phuket ugartea, ingurunea, Thailandia izango doguz berbagai oraingoan. Ugarte magikoak, jentea, kulturea, basoak…. Familiaren bisitea, Gabonak, lagun barriak… Danetarik izan dogu.

Hilebete honetan Phuket ugartean eta ingurunean egon gara, Thailandian. Ugarte magikoak, jentea, kulturea, basoak…. Familiaren bisitea, Gabonak, lagun barriak… Danetarik izan dogu.

Malaysian azken erosketak egin ondoren, Thailandiarako bidean gengozan. Gure lehenengo geltokia Ko Phi-Phi ugarteak izan ziran, baina hara bitarteko nabigazinoa gogorra eta luzea izan zala esatea gitxi da: haizea kontra, trumoiak, tximistak, euria, miloeka arrantzontzi txiki bidetik argi barik edo mila koloredun argiakaz… Baina, tira, Thailandiara ailegau ginan.

Ko Phi-phi ugarteak oso politak eta turistikoak dira. Bertan pilo bat film egin dira, azken aldiko garrantzitsuena 'La Playa', Leonardo Di Caprio-rena. Ugarteak koral itsasotik jaioten diran zakil formadun hatxak dira. Uraren kolore urdina lurreko hatxaren kolore baltzagaz kontrastean oso-oso ikusgarria da. Oso polita.

Handik Phuket ugarte nagusira joan ginan. Thailandiako sarrera ofiziala Ao Chalong-en egin ondoren, Boat Lagoon-era joan ginan Egoiren gurasoak ikusteko gogo biziz. Ze egun ederrak pasau doguzan alkarregaz! Lehenengo 4 egunetan belaontzian biziten egon ginan Phang-Nga Bay osoa ikusteko. Zelako ederra dan artxipielagoa, begiratu argazkiak, eta gurasoakaz ederragoa! Leku honetan be hainbat film egin dira (007 James Boind-en azkena, berbarako), Thailandiako lekurik ezagunenetarikoa da.

Auto bat alokatu eta ugarteari goitik behera errepaso eder bat emon geuntsan. Phuket oso-oso turistikoa da, batez be Andaman Itsasoak bustiten dauen kostaldea. Jentea lasaia eta oso jatorra dala esatea gitxi da. Ez dakigu Budismoagaitik dan ala ez, baina lasaitasuna usaindu egin daiteke, nahiz eta ingurua turistez beterik egon. Ibilaldi moduan, Thailandiako penintsulara joan ginan, Kao Shok Parke Naturalera. Bertan kayak-ean baso barruko erreka batetik behera joan ginan sugeak, sugandil erraldoiak eta makinatxu bat arrain ikusten. Kokodriloak, makakoak eta giboiak ikusteko aukerea be izan genduan eta, amaitzeko, elefante ganean ibili ginan. Elefanteak… horreek bai animalia trankilak eta ederrak. Urjausi handi batera joan ginan eta uretara sartzerakoan ZZZZAASSSPPP, uretan 2 metroko suge berde-berde bat… Oraindino bildurra kendu ezinik gagoz.

Ederra da gurasoakaz egotea, asko gustetan jaku baina barriro Galdakaora bueltan doazenean ezin dogu kendu tristurea gitxienez egun bitan. Laster arte familia!

Phuketen Rattanachai Slipway-en belaontzia konpondu eta margoztu egin dogu. Hiru egun deskantsau barik, jo ta fuego lanean… Baina Ragaine II-ak orain belaontzi barria emoten dau. Rattanachai lan egiteko lekua da, hemen ez da igarten turisten eragina eta thailandiarrak baino ez dagoz. Hiru lagun handi egin doguz berton: Martin danimarkarra, Timo finlandiarra eta Gery kanadiarra.

Azken astebete eta erdia Nai Harn Bay-n egin dogu. Bertan motor bat alokatu dogu merke baino merkeago eta belaontzia preparetan hasi gara Sri Lanka-rako bidaia hasteko amesagaz. Leku eder honetan, Phuketeko hego-mendebaldean, hainbat belaontzi dagoz Ozeano Indikoa gurutzetako amesagaz. Miloeka kontaktu egin doguz eta Salalah, Oman-etik Aden, Yemen-era joateko SuperConvoy batean joango gara Somaliako piratak ebitetako. Beraz, ezin izango dogu Yemen hegoaldeko kostaldeaz gozau. Baina segurtasuna da garrantzitsuena eta, egia esateko, piraten bildur gara.

Gabonak Nai Harn-en pasau genduzan eta Gabon Zahar Gaua eta Urtebarri Eguna be bai. Oso ondo jaten, ganera: aitak eta amak ekarritako Gorbeiako gaztaia, txorizoak, pernila, onddoak… Gabon Zahar Gauean juergan joan ginan Timo eta Gery-gaz. Garagardoz-garagardo, apurtxu bat edanda amaitu genduan, auzoko azken tabernea be zarratuta... Urte barria ondo hasteko amesagaz, Rasytak eta biok txabolatxu batean egin genduan lo, hondartzearen pare-parean. Txabola-txabolea zan, txikitan egiten doguzan zugatx-txabolen antzekoa.

Ah! Ahaztu baino lehenago: Phuketen, Rasytak eta biok tatuaje bana egin dogu. Dortoka polinesiar bat da, baina Polinesian egitea oso-oso karua zanez, ba Thailandian egin dogu.

Eta hori izan da dana. Orain momentuan Nikobar Ugarteetatik (India) 70 itsas milara gagoz. Gure amesa Sri-Lanka-ra joatea da, bertan lagun batzuk dagozalako itxaroten: Mikelo eta Kristina.

Kontutxu gehiago hurrengo hilebeterako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu