Ardaoaren osogaiak bereiztu eta alkoholik bako ardaoa lortu dabe

Imanol Sarasola 2009-11-17 14:28   Jan edanak

SCC prozesuaren bidez lortutako ardaoa ikerkuntzan hiru urte luzeren lana da. Laster merkaturatzeko asmoa dago formatu barritzaile batean, 200 mililitroko lata edo poteetan eta hiru erreferentzia desbardin izango ditu.

Agrobioteceko ikerlariek, Matarromera taldeko sail bioteknologikokoek, alkoholik bako ardaoa egin dabe Columna de Conos Rotarios gaztelaniaz (CCR) edo Spinning Cone Colum (SCC) ingelesez deituriko prozesu fisiko baten bidez. Sistema honegaz ardaoaren osogaiak bereiztea lortu dabe, alde batetik usainak eta bestetik, alkohola bereiziz eta azkenik, ganerako osogaiak. Alkohola isolatu ostean, ardaoa berregiten da ardao tradizionalaren antzeko baldintza organoleptikoak lortuz.

SCC Spinning Cone Colum Australian garatutako teknologia da eta munduko metodorik azkarrena eta zehatzena da edozein substantzia likidotan zapore edo gusto osogai lurrunkor eta aldakorrak isolatu eta kontserbetako. SCC altzairuzko zutabe bat da eta barruan bi kono serie ditu alderantziz jarrita, batzuk finkoak eta besteak birakariak ardatz baten inguruan. Ardaoa goitik sartzen da eta grabidadearen indarrez bajatu edo beheratzen da, konoetatik pasatuz zutabearen beheko partera heldu arte.

Kono birakariek ardaoa zentrifugetan dabe likido geruza txikiak sortu arte eta, aldi berean, gas geldo batek kontrako norabidean zutabe osoa zeharkatzen dau eta ardaoaren molekula lurrunkorrenak atzemoten ditu. Hortik aurrera, gustoaren eta usainen molekula arinenak isola daitekeen likido kolorebako batean kondentsatzen dira. Prozesua errepetidu daiteke nahi beste alkohol kendu arte. Ondoren, barriro nahastau daitekez, gustoa, usaina eta ardaoaren gorputza.

Teknika honen bidez, ardaoari lehenengo usainak kentzen jakoz, ondoren alkohola, eta hau dana amaitu ostean, berriro eransten jakoz guztiz naturalak diran usainak.

Prozesu honi esker, ardaoaren osogai aromatikoen galbidea gitxitzen da. Alkohola kentzea, aurretiaz altzairuzko depositoetan fermentautako ardaoagaz hutsean egiten dan destilazino baten bidez egiten da eta beti tenperatura kontrolatuan.


Kaloria gitxikoa eta % 0,05 alkohol gradukoa

Agrobitecek eginiko proiektu honek merkatua zabaldu eta erosle potentzial barriakana heltzeko helburua dauka. Alkoholik bako ardaoa, oso kaloria gitxikoa da eta alkohol kantidade oso txikikoa, % 0,05eko portzentajea, hain zuzen be. Beraz, egokia da publiko guztientzako, ardao tradizionala edan ezin daben edadekoentzat, haurdunentzat, kirolarientzat edo diabetikoentzat.

Azken buruan, SCC prozesuaren bidez lortutako ardao hau ikerkuntzan hiru urte luzeren lana da. Laster merkaturatzeko asmoa dago formatu barritzaile batean, 200 mililitroko lata edo poteetan eta hiru erreferentzia desbardin izango ditu. Batetik, Rueda inguruko berdejo mahats motaren ardao zuria; bestetik, Duero aldeko tempranillo bariedadeko ardao baltza eta azkenik, Cigales aldeko mahatsakaz egindako ardao gorria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu