Indonesia, orain arte ikusi dogun ugartedi ederrena
2009-10-27 13:39 Euskaldunak munduanOrain arte ikusitako artxipelago edo ugartedi ederrena dala esatea ez da gitxi. Oraingoz Indonesian jarraituko dogu Rasytaren ama Malasyara heldu arte, ez gara mobiduko, oso ondo pasetan gagoz.
Indonesian gabiz. Timor, Sumba, Rindja, Komodo, Sumbawa, Lombok eta Bali. Naturea, jentea, usaina, kulturea.... Arazo bakarra: korrupzinoa edo ustelkeria estamentu ofizialetan. Baina arazo horrek ezin ditu aldatu hainbat gauza eder eta interesgarri. Orain arte ikusitako artxipelago edo ugartedi ederrena dala esatea ez da gitxi. Oraingoz Indonesian jarraituko dogu Rasytaren ama Malasyara heldu arte, ez gara mobiduko, oso ondo pasetan gagoz.
Kontuak kontu, arrantzan asken hilebete honetan flojo-flojo gabilz, haizearen antzera... Baina beroa egunetik egunera gogorragoa da. Indonesiara Timor irlatik sartu ginan, Kupang-etik, hain zuzen be. Uriburua da, kaos erraldoia baina magia magia bereziagaz: azoka erraldoiak, erlijino nahaste-borraste ederra, miloeka motor-kotxe-zaldi-asto bide estuetatik… Txarrena estamentu ofizialen korrupzinoa da, baina hori guk konpondu ezin geinken arazoa da, beraz hoba kontu honeekaz ez jarraitzea (gitxienez liburu bat idazteko emoten dau!!!).
Kupang-etik Wangapu, Sumba-ra joan ginan. Indonesiako irlarik eguzkitsuena eta beroena. Jakina, kriston ibilaldia egin ondoren, azala apur bat erre jakun, nahiz eta 'kongitoak' moduan baltz-baltz egon… Eguzkiak gogor joten eban, baina gogor-gogor!
Indonesiatik belaontzi bakarra izan gara Bali-ra heldu arte. Wangapu-tik Rindja-ra joan ginan eta hor bi lekutan aingurak bota genduzan. Lehenengoa itsasoan amaitzen dan sumendi baten krater baten erdian izan zan. Polita baino politagoa eta oso ikusgarria. Gainera hondartzan tximinoak jolasean eta Komodoko Dragoia geunkan zain (pizti honeek 3 metro eta 200 kiloko sugandilak dira!). Oso arriskutsuak dirala jakin dogu eurekaz olgetan ibili ostean. Bigarren lekuan, super-sugandila horreen arrastoak baino ez genduzan ikusi; lekua oso lasaia eta paketsua zan, desertua emoten eban, mendiak marroi marroiak eta ura garbi-garbia, leku interesgarria urazpiko kiroletarako. Ozeano Indikoan ur azpiko fauna, Pazifikokoa edo Atlantikokoa baino interesgarriagoa eta koloretsuagoa da, koral guztiak ez dira gogorrak eta nahiz eta orain arte miloeka leku perfektutan urpean uger egin arren, esango neuke ozeano honetako urak interesgarriagoak dirala. Eta animaliak! Buahh!
Rindja-tik Komodo-ra joan ginan eta hor be bi lekutan egon ginan. Lehenengo tokian ez geunkan geldialdirik egiteko amesik baina korrontea kontra geunkan iparralderantz joateko eta, beraz, egun oso bat egin genduan bertan. Beste paradisu bat... Eta, aspaldiko partez, bertan jentea ikusi genduan! Bertako jentea zan, eta hizkuntza arazpa tarteko, ezin ginan konunikatu; seinuakaz barre batzuk egin genduzan, eurek guk baino gehiago, jejejeje... Gitxi gorabehera, 10 egun izan ziran jentea ikusi barik!. Bigarren tokia Komodo irlako irla txikitxu bat izan zan. Mendira igon ginan, Komodo eta inguruko irla guztiak osotzen daben Parke Naturala gozetako. Adjektiborik ez dago han goitik ikusten dana azaltzeko. Ur azpian joian dordoka bat jarraitzen gengozala... 4 metroko marrazo bategaz topo egin genduan! 'Akojonoa' kristona izan zan, baina kasurik egin barik bere bidea jarraitu eban elegante-elegante, bere atzetik joan ginan apurtxu baten eta gero dordokeagaz jarraitu genduan.
Gero Sumbawa-ko Kananga auzo magikoan denporaldi bat egin geduan. Goitik behera musulmana, Kupang, kaosa zan, Sumba-n protestanteak ziran eta Rindja-Komodo-n ia ez egoan inor. Auzo hau espeziala zan, belaontzia gelditu eta 3 ume biluzik etorri jakuzan kanoa baten bisitan, herrian mangoak erregalau euskuezan eta bertako errekan ur geza-gozoagaz bainau ginan! Australiatik ur gozoa edateko baino ez daogu erabili eta holako bainu baten zaun gengozan.
Beste alde batetik, ezkontza batera konbidau gintuen, hango jenteak egin euskun harrerea sekulakoa izan zan (akaso, lehengo atzerritarrak ginan bertan!!!). Indonesiako janaria oso-oso pikantea da, baina oso-oso! Inguru zoragarria zan, leku guztietan arrain eta espezie usaina... Espeziala, segurutik orain arteko auzorik bereziena.... akaso ez bereziena.
Hemendik Lombok-era joan ginan, lehenengo irla txikitxu batera (Gili Air) eta gero irla nagusira. Bali-ra hurreratzen gengozala igarten zan, turismoa han basatia dalako. Gili Air-en 2 egun emon genduzan 'bateriak kargetan', ordubeteko masajea 2 euroan, paradisua! Irlatik pasetan beste bi belaontzi topau genduzan... Baina politena bertako jenteagaz berba egin genduala da, hemen oso ondo ingleses berba egiten dabe. Itsasoaren eta haizearen erruz Lombok, irla nagusira joan gina n. Denporea alperrik galtzea barik, suberte oneko geldialdia izan zan. Belaontziko diesela, ura, janaria, butanoa (dana gordinik jan behar izateko oso gitxi falta jakun) eta bestelako gauza batzuk erosteko gai izan ginan Balin baino askoz merkeago. Bertako gizon bategaz, Mohamat-egaz egin genduan tratua (ona berarentzat eta ona guretzako) eta, erosketak egin ostean, irlatik ibilalditxo bat kotxez be egiteko modua izan genduan. Hemen tximino agresiboak ikusi genduzan eta... Aaaaa... zelako bildurra! Honeek bai bildurra emoten dabela.
Lombok-etik Bali-ra, Bali-ko iparraldera joan ginan nahiz eta jentea normalean hegoaldera joan, baina han uriburu handia dago, turismoa brutala da eta kaosa da nagusi... Gu sano pozik gagoz iparraldera joan ginalako, asko irabazi genduala pentsetan dot (edota galdu, oraindino ez daukagulako Indonesiatik urtetako paper ofizialik... Eta Malasya-rako bidean gagoz, baina hau hurrengo hilebeterako itxiko dogu, akaso istorio interesgarria izan daiteke?).
Eta Bali, Bali, Bali... Amesa, sumenditsua, ederra, indiar tenploz betea, ur beroko ugerleku naturalak, tximinoak, templo budistaren bat be badago, lakuak sumendi tontorretan... Ederra, oso ederra. Bost egun egon gara bertan motorragaz alde batetik bestera, motorra alokatzea 3 euro ziran! Eta hotel batean gela bikotxa gozariagaz 8 euro! Amesa eta merkea. Benetan, berbakaz azaltzea ez dau merezidu, ez daukagu horrenbesteko berba ederrik gure buruan, aurrean daukaguna deskribiduteko. Begiratu argazkiak webgunean (www.ragaine2.com); badakigu euskeraz ez dagola testurik baina bueltan egingo dogula berbea emoten deutsuet...
Bueno koadrila, eskerrik asko danagaitik; datorren hilean Indonesiako azken pausuak eta Malasiako gorabeherak kontauko deutsueguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!