Ebook, etorkizuneko liburua izango ete da?

Gotzon Plaza Informatikoa 2009-10-22 11:57

Oraintsu amaitu da munduko liburu azokarik handiena eta garrantzitsuena, Frankfurtekoa (Alemania). Azokan egon diran mundu guztiko argitaletxeen artean inkesta bat egin da, etorkizunari begira ia zelako eretxiak daukiezan 'ebook'-en ganean. Inkesta horretan egindako galderak gehi beste hainbeste ekarri doguz gurera.

Oraintsu amaitu da munduko liburu azokarik handiena eta garrantzitsuena, Frankfurtekoa (Alemania). Aurten, herrialde konbidau moduan Txina egon da. Herrialde hori arlo guztietan agertzen da bere handitasunean: bai teknologia, ekonomia, politika, merkataritza zein beste hainbestetan. Giza eskubideen ardurabakokeriatan be nagusienetarikoa da.

Azokan egon diran mundu guztiko argitaletxeen artean inkesta bat egin da, etorkizunari begira ia zelako eretxiak daukiezan 'ebook'-en ganean.

Ez dira, ez, oraingo jostailuak e-book aparatuak, aspaldikoak dira. Liburuen antza daukien tramankuluotan, fitxategiak deskargau geinkez, gero irakurteko. Edozein ordenagailuren moduan, pantailatxo batean PDF formatuan (gehien erabilten dana) dagozan e-liburuak irakurriko doguz. Horretarako, pantailako argia motelagoa da norberaren begiak zainduteko, zenbat eta denpora gehiago irakurten egon, gero eta begi edo burukomin handiago izango dogu, edozein ordenagailuren aurrean gagozanean legez.

Egia esateko, orain arte ez dabe izan ezelako garrantzirik, Estadu Batuetan saldutako liburu guztien % 0,8 baino ez da izan; bateren batzuk erabilten zituen, bai, baina kuriosidade moduan baino ez. Amazon-ek bere orrialdean baeukan liburuak deskargetako aukerea, baina munduan argitaratzen diran liburu guztien kopuruagaz konparauta oso urrun dagoz elektronikoak.

Oraingoan, antza, baiezkoan dagoz argitaletxeak; tekonologiak aurrera egiten dauela ikusi dabe eta, euren esanetan, datozan urteotan euren lekua izango dabe holako tresnek. Esan daben moduan, 10 urte barru liburu elektronikoek betiko paperezko liburuen ganetik pasauko ei dira. Beste iragarpen bat: 2010eko gabonetatik aurrera hasiko da merkadu honetan bizitasuna ikusten. Batek daki, eta urteotan izan diran iragarpenak kontuan izanda, ez dakigu fidagarriegiak izango ete diran.

Argitaletxeek euren negozio bidea, edo behintzat negozioaren zati handi bat bide horretatik joango dalakoan dagoz baina ez daukiez hortik aparte gauzak argi euren merkatal ikuspuntuetan. Zelan egingo da pausu hau? Zenbat kobrauku dabe liburu bakotxeko? Eta zelan?

Teknologiaren alde bai, baina zelan: liburu elektronikoak, hau da, deskargetan dogun fitxategia gaurko papereko liburua baino merkeagoa izango ete da? Eta zenbat merkeago? Liburu bakotxagaitik kobrauko da ala 'tarifa-plana' izango al da, internauta bakotxak gura beste liburu deskargetako diru-sari baten trukean? Teorian behintzat, ohiko liburuak baino merkeagoak izan beharko litzatekez (kostuak gitxiago diralako, besteak beste), baina zenbateraino? Ohiko liburuen % 10, % 20 edo % 30 merkeago izango ete dira?

Liburua bere osotasunean deskargetako aukerea izango ete dogu? Kapitulu batzuk baino ez badoguz gura, zelan ordainduko dogu eta zenbat? Eta 'pirateoari' aurre egiteko, legezko deskargea egin ondoren (hau da, berari jagokon prezioa ordaindu ondoren), fitxategi hori beste lagun batzuei pasetako moduan izango gara ala ez? Ala kopia horreek egiteko beste kanon bat pagau beharko dogu? Orain, behintzat, paperezko liburu bat erosi ondoren nire lagun guztiei pasetako moduan nago, hau da, liburua baten pagau baina irakurleak ugari izan daitekez. E-book horreetan be holan jokatzeko aukerea izango ete dogu? Galdera larregi, ezta? Eta erantzunak ez dira, ez, errazak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu